Lan lasterra, lan alferra dela esan ohi da. Irungo Emakumeen Etxearen proiektuarekin aldiz, guztiz kontrakoa gertatzen da apurka–apurka, tentu handiz eta behar izan duen denbora guztia eskainiz landua izan baita. Emaitza ere gisa horretakoa da, ondo egindako lanaren erakusle. 2023ko urrian Irungo Emakumeen Etxea proiektu bat izatetik errealitatea izatera pasa da eta jada etxearen ateak zabalik daude bertara hurbildu nahi duten emakume guztientzat.
Proiektuaren hastapenetara atzera eginez gero, abiapuntua urrun geratzen da denboran. Olga Rivas eta Maribel Castelló Irungo Emakumeen Etxea Elkarteko kudeaketa eta koordinazio organoko kideak dira. Maribel Castellók gogoratu duenez, egun Irungo Emakumeen Etxea dena 2011n emakume talde batek Foru Aldundiaren aurrekontu parte-hartzaileetara aurkeztutako ideiarekin hasi zen. “Hori lortu ez eta 2019an partaidetza bidezko udal aurrekontuetan partida bat lortu zen proiektua abian jartzeko” adierazi du Maribel Castellók. Cristina Laborda Berdintasun ordezkariak adierazi duenez, “Udaletik beti izan dugu argi Emakumeen Etxearen sorrera prozesua emakumeen eta kolektibo feministen eskutik egin behar zela”. Lehen urratsak egin arren, hasierak korapilatsuak izan ziren, proiektuak ere pandemiaren ustekabeko kolpea jaso eta erritmoa mantsotu behar izan zuelako.
Oztopoak gainditu eta Irungo Emakumeen Etxeak martxan jartzeko bidea topatu du azkenean. Horrela, urritik aurrera astelehenetik ostiralera irekita dago, goizez eta arratsaldez, 9:30etik 12:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Ateak zabalik izateaz gain, ireki eta bete-betean lanean hasi da 2023-2024 Ahalduntze Eskolako ikastaroak eskainiz. Guztira, ikasturtearen lehen zatian 7 tailer eskainiko dira bertan eta 2024ko lehen hilabeteetan beste ikastaro batzuk ere argitaratzea aurreikusten da. Aitziber Iratzoki Irungo Udaleko Berdintasun arloko teknikariak azaldu duenez, ikastaroek arrakasta handia izan dute, talde guztiak betetzeaz eta batzuk bitan banatzeaz gain, itxarote zerrendak sortu direlako. Era berean, etxearen ibilbidea aurreikuspen onekin hasten dela azaldu du Iratzokik, etxea ezagutzera hurbildu diren emakumeek adierazi dutenez “berotasuna eta gertutasuna” transmititzen duelako.
“Kudeaketa eredu osoa eta etxeari eman nahi zitzaion bultzada prozesu parte-hartzaile horren bidez erabaki zen”
Maribel Castelló, Irungo Emakumeen Etxea Elkarteko kudeaketa eta koordinazio organoko kidea
Ahalduntze Eskolako ikastaroak hasi eta gutxira Emakumearen Etxeko zerbitzuak ere aktibatu dira. Momentuz Irungo Emakumeen Etxeak hiru zerbitzu eskaintzen ditu: emakumeentzako lege aholkularitza, sexu aholkularitzako zerbitzua eta Ikasketak eta prestakuntza ibilbideak homologatzeko “Igualate” aholkularitza zerbitzua. Zerbitzu horietakoren bat erabiltzeko aurretiko hitzordua hartzea beharrezkoa da 943505505 telefono zenbakira deituta. Aitziber Iratzokik azaldu du emakumeak jada lehen hitzorduak hartzen hasi direla. Cristina Labordak gehitu duenez, “Espazio edo leku fisiko edo ekipamendu batetik haratago doan zerbait izatea ere nahi dugu, erreferente bat izan behar du Irunen”.
Gertutasuna helburu
Emakumearen Etxearen helburu nagusietako bat hiriko emakumeei gertutasuna transmititzea da. Arrazoi horregatik erabaki zen etxea Istillaga plazako 8. zenbakian kokatzea. Cristina Laborda Berdintasun ordezkariak azaldu duenez, “edozein emakumek emakumeen etxean bere espazioa islatua ikustea nahi dugu”. Berdintasun ordezkariak adierazi duenez, adin eta profil mota ezberdineko emakumeak erakarri nahi dira emakumeen etxera, hau da, emakume gazte, heldu eta adinekoak. Cristina Labordak gaineratu du, “emakume sentitzen den edonork aurkitu beharko luke bere erreferentzia-gune hori emakumeen etxean”, etxean egoera ahulean daudenei aterpea emango zaiela berresteko.
“Edozein emakumek emakumeen etxean bere espazioa islatua ikustea nahi dugu”
Cristina Laborda, Berdintasun ordezkaria
Bai. Gure ideia, partaidetza-prozesuan ere sortu zena, zera da, hiriko kontzepturik zabalenean dagoen edozein emakumek emakumeen etxean islatu behar duela bere espazioa. Oraintxe bertan hezkidetza mahaia izan dugu, eta bertan ikastetxeek parte hartzen dute espazioaren inguruko gaiak irakasteko. Bisitak programatuko ditugu beraiekin, gazteak erakartzearen garrantziaz hitz egiten baitziguten. Ahalduntze Eskolako tailer batzuk, aldiz, publiko gazteenari zuzenduta daude. Egia da beldur barik tailerrak emakumeen etxera ekartzen ari garela, ikastetxeetan bertan egin beharrean. Era berean, adibidez, adin ertaineko emakumeak eta beste profil mota batzuk ere erakarri nahi ditugu, baina kontziliazioak elkarrengana hurbiltzea eragozten duela ere badakigu. Gauza bera gertatzen da adineko emakumeekin. Hala ere, adin guztietako emakumeengana iritsi nahi dugu, eta emakume hitzaren kontzepturik zabalena hartu nahi dugu. Emakume sentitzen den edonork aurkituko bailuke erreferentziagune hori emakumeen etxean. Ikusiko dugu nola egokitzen garen eta nola lortzen dugun emakume horiengana iristea, premiak asetzeko eta bertaratu ezin direnei laguntzeko. Partaidetza prozesutik ere ateratzen den zerbait da, hau da, Irungo emakumeen etxeak emakume guztiak babestea, haien adina, gorabehera ekonomikoak edo jatorria edozein izanik ere.
Parte-hartzetik elkartasunera
Parte-hartze prozesua funtsezkoa izan da Irunen emakumeen etxearen ideia sortzeko eta eraikitzeko, horren bidez finkatu baita etxearekin loturiko guztia. Proiektuan parte hartzeko aukera ireki eta 88k eman zuten izena, azkenean amaierara arte 60 edo 70 emakumek parte hartu duten arren. Maribel Castellóren hitzetan, “kudeaketa eredu osoa eta etxeari eman nahi zitzaion bultzada prozesu parte-hartzaile horren bidez erabaki zen”. Hala ere, Olga Rivasek azaldu du prozesua bi zatitan banatu zela. Batetik, pandemiak behartutako saio telematikoak, “baina konturatu ginen hori ez zela modurik onena, emakumeok kontaktua behar baitugu elkar aberasteko”, adierazi du Olga Rivasek. Beraz, ahal bezain azkar aurrez aurreko saioak berreskuratu ziren. Saio horietan etxearen helburu, printzipioak, guneak eta kudeaketa eredua adostu ziren.
Bidean aurkitutako zailtasunak kenduta, parte-hartze prozesua etxearen sorrerarako oso aberasgarria izan dela aipatu dute bertan inplikatutakoek. Olga Rivasek aipatu duenez, “oso prozesu aberasgarria izan da, ahalegin handia eskatu duen arren, egindako lanak fruituak eman ditu”. Eztabaida sakonen bitartez lortu dute akordio bat gauzatzea eta ikuspuntu desberdinak bateratzea. Maribel Castellóren iritziz, “horri esker, elkar hobeto ezagutu ahal izan genuen, batzuetan zaila izaten baita ondo ezagutzen ez dituzun pertsonekin lan egitea”. Elkarrekin harturiko erabakietako bat kudeaketa eredua da, Udalaren eta Irungo Emakumeen Etxea elkartearen eskuetan egongo dena bien arteko hitzarmena sinatu ostean.
Etorkizuneko etxea
Berdintasun ordezkariak ondo laburbildu duen moduan, orain arte Irungo Emakumeen Etxea martxan jartzeko “urrats sendoak egin dira zoru irmoaren gainean”. Iraganean egindako lanaren lehen fruituak ikus daitezke jada lehen zerbitzuak eta tailerrak martxan jartzearekin batera. Hala ere, emakumeen etxearen kudeaketan parte hartzen duten alderdi guztiek onartu dute etxea eta bere izaera bilakaera etengabean egongo direla. Beraz, etorkizunak sortu ditzakeen premia berriei erantzuteko gaitasuna izan beharko du. Beti ere, Irunen berdintasuna eta gizarte justuago bat sustatzeko espazioa izaten jarraitu beharko du, sorrerako printzipioak alde batera utzi gabe.