Irungo erdialdea emisio gutxiko eremuan bihurtzeko prozesua hasi da

Borja Olazabal Mugikortasun eta Garapen Jasangarriko ordezkariak eta Cristina Laborda Obretako ordezkariak prentsaurreko bat eman dute, eta Irun erdialdea emisio gutxiko eremu bihurtzeko prozesuaren lehen urratsak azaldu dituzte.

Borja Olazabalek azaldu duenez, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Ekologikoaren Legearen esparruan kokatu behar da jarduketa hau, lege horrek «ezartzen baitu 2023rako 50.000 biztanletik gorako hiri guztiek emisio gutxiko eremu bat izan behar dutela. Irunen, Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planean zehaztuko da nondik norakoa izango den eremu hori. Dokumentu hori idazteko fasean gaude orain. Edonola ere, Udala konprometitua dago oinezko mugikortasunaren alde, bai eta hirian airearen kalitate hobea duten eremu atseginago, jasangarriago eta berdeagoak sortzearen alde ere, eta urratsak egiten hastea erabaki dugu, lehen esku-hartze batekin».

Horrela, lehen jarduketa horretan Legia, Berrotaran eta Foruen kaleak eta Jenaro Etxeandia plaza berrurbanizatuko dira. Borja Olazabalek argi utzi du: «Hau lehen urratsa baino ez da. Emisio gutxiko eremua (EGE) handiagoa izango da». Ildo horretan, lehen mugimendu honen asmoa EGE hori definitzen hastea da. Duela urte batzuk oinezkoentzako gune bihurtu zen San Juan plaza eta, orain gehituko diren kaleekin, oinezkoentzako 22.640 m2-ko espazio bat izango dugu hiriaren erdialdean.

Zer da emisio gutxiko eremu bat?

Emisio gutxiko eremu bat administrazio publiko batek definitutako eremu jarraitu bat da, ibilgailuak sartzeko, zirkulatzeko eta aparkatzeko mugak ezarrita dituena, airearen kalitatea hobetzeko eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko helburuarekin. Esparru hori, gainera, probetxuzkoa izan daiteke hiri-espazio bizigarri eta sozialki inklusiboagoak sortzeko.

Bestalde, Cristina Laborda Obretako ordezkariak jarduketaren gainerako helburuak azaldu ditu: «horrelako esku-hartzeetako oinarrizko printzipioak jarraitu ditugu, hala nola oinezko mugikortasun irisgarria lehenestea, paseko zirkulazioa saihestea, sozializatzeko bidea ematen duen kale atseginaren eredua sendotzea eta oinezkoaren protagonismoa aldarrikatzea, benetan jasangarria, segurua eta osasungarria den mugikortasuna lortzeko gakoa baita».

Nagusiki, jarduketa honetan maila bereko plataformak planteatzen dira, koskarik eta goragunerik gabeak, eta zoladuraren bidez oinezkoentzako guneak eta oinezkoen lehentasunezko eremuak nabarmenduko dira. Plazatxoan egoteko gune bat sortuko da, zuhaitzekin edo berdeguneekin, San Juan plazan dagoeneko badauden espazioen segida modura. Egun dauden 54 aparkalekuak kenduko dira, oinezkoek lehentasuna izango duten kaleetan pasatzeko beharrezko zabalerak lortzeko. Legia kalean, gutxienez, ibilgailuei sartzen utziko zaie, garaje komunitarioak daude eta. Kendutako plazen ordez, egoiliarrentzako 57 aparkaleku berri jarriko dira Artaleku, Joaquín Gamón, Aldapeta eta Pikoketa kaleetan.

Zirkulazioaren antolamenduari dagokionez, xeheago, Berrotaran eta Foruen kaleak eta Jenaro Etxeandia plazarekin elkartzen diren puntua oinezkoentzat izango dira soilik. Horrela, Colón pasealekutik eta Nafarroa hiribidetik sartzeko ibilgailuentzako bidea taxiek, taxi-geralekuaren ondoan dagoen motorrentzako aparkalekura doazen motorrek eta norakoa aldatzera doazen autobusek bakarrik sartu ahalko dute, baita San Juaneko aparkalekuko erabiltzaileek ere.

Legia kalea ibilgailuen eta oinezkoen elkarbizitza-gunea izango da, oinezkoen lehentasunarekin, eta garajeetako erabiltzaileak eta zamalanetako ibilgailuak bakarrik sartuko dira. Ibilgailuak kale horretara sartzeko modua hauxe izango da:

Lanegun goizetan: zamalanetako eta garajeetako ibilgailuak Kale Nagusitik sartuko dira eta Legia kaletik irtengo dira Pikoketarantz.
Lanegun arratsaldeetan eta asteburuetan: garajeetako erabiltzaileak bakarrik sar daitezke, eta Pikoketatik sartu eta irtengo dira; kaleak bi noranzko izango ditu egun horietan.
Legia kaleko sarbidea kamara bidez kontrolatuko da, baimendutako matrikulak irakurrita.

Berrotaran ixteko, Pikoketa-Artaleku eremura joateko beste sarbide bat ireki behar da. Inguruko trafikoaren dentsitatea aztertu ondoren, Beraketa kalearen norakoa aldatuko da, Iparralde hiribidetik sartuta. Hau da, Nafarroa hiribidetik datozen ibilgailuek Francisco de Gainza kaletik jaisteko aukera izango lukete, gero Beraketan ezkerretara egin eta Iparralde hiribidetik gora Pikoketara igotzeko. Beraketa eta Iparralde hiribidearen arteko bidegurutzea semaforoak aldatuta egokituko litzateke.

Antolamendu orokorrari dagokionez, San Juan plazan eginiko esku-hartze osoari segida emateko zoladurak eta elementuak hautatu dira, bi jarduketak elkarrekin lotzeko eta espazioen ikuspegi bateratua sortzeko. Hori dela eta, jarduketa honetan granitozko zoladurak erabiliko dira. Jenaro Etxeandia plazan eta Foruen kalean granito grisezko zoladura jarriko da, CBA liburutegiaren plazakoaren antzekoa, eta kolorearen bidez plaza horrekin integratuko da eremua. Jenaro Etxeandia plazan oinezkoentzako espazioa lortzeko, komun publikoak eta prentsa-saltegia eta ONCEren kioskoa lekualdatuko dira. Plazan egoten jarraituko dute, baina oinezkoen fluxuetatik bereizita.

Berrotaran kalean zuhaitzak jarriko dira, bai eta eserlekuak ere. Horrela, oinezkoen igarobidea izateaz gain, egoteko espazioak ere sortuko dira. Legia kalean, ordea, ordu jakin batzuetan ibilgailuak bertatik pasatuko direnez, parterre batzuk jarriko dira, kaleari itxura atseginagoa emate aldera.

Horrez gainera, Txingudiko Zerbitzuen ur- eta saneamendu-zerbitzuak berrituko dira (iturriko ura hornitzeko eta euri-urak eta ur zikinak biltzeko hoditeria), bai eta argi-instalazioak ere, eraginkorragoak eta jasangarriagoak izan daitezen. Kalearen arabera, farolak eta horien argiak desberdinak izango dira. Horrez gain, inguru horretako Udalaren telekomunikazio-sarea handituko da. Amaitzeko, elektrizitatearen eta telekomunikazioen azpiegiturak ere berrituko dira, beharrezkoa bada.

Proiektuaren ildo nagusiak Udalaren webgunean kontsultatu daitezke. Aipatzekoa da bertako auzo-elkarteei eta merkatarien eta ostalarien elkarteei ekimenaren berri eman zaiela, bai eta herritarrei ere, ostiral honetan 18:30etan egitekoa den bilkura batean. Webgunean proiektuari buruzko ekarpenak egiteko eta zalantzak/galderak argitzeko espazio bat ireki da, aldi baterako. Epea otsailaren 18ra arte egongo da zabalik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude