Irungo eta Hendaiako alkateek Behobiako muga zabaltzea eskatu dute

Irungo eta Hendaiako alkateek Behobiako mugako igarobidea irekitzea eskatu dute. Mugaren bi aldeetan konfinamendua arintzeko faseak hasi ostean, trafikoak gora egin du, muga Santiagoko zubitik igarotzea zailduz.

Martxoaren 16an, Alarma Estatua Bidasoaren bi aldeetan ezarri zenean, mugak itxi eta pasabide kontrolatuak hasi ziren Bidasoko nazioarteko zubietan, gainerako mugetan bezala. Aste batzuk beranduago, apirilaren 12an, mugako hainbat pasabide itxi ziren: Behobia, Lizuniaga, Lizarrieta, Sara eta Izpegi, esate baterako. Santiagoko zubia eta Biriatouko autobideko pasabidea ziren eskualdeko bi pasabide irekiak. Duela egun batzuk arte, konfinamendu-neurriek ahalbidetu dute Santiago zubiak arazorik gabe hartzea mugaz gaindiko trafikoa.

José Antonio Santanok, Irungo Alkateak, eta Kotte Ecenarrok, Hendaiako alkateak adierazi dutenez, “enpresetako jarduera berreskuratu da, baita enpresa askotako lan presentziala ere, bi aldeetako komertzioak ireki dira eta ikastetxeak ere hasi dira. Bidasoaren alde bateko eta besteko herritarrek eguneroko bizitzan mugaren bi aldeetan jarduerak egiten dituztela ulertuta, Santiagotik ugaritan pasa behar dute eta ilarak ere ugaritu egin dira”.

Errealitate hori mahai gainean dutela, bi alkateek indarrak batu dituzte bi estatuei mugez gaindiko egoerarekiko sentikorrak izan daitezela eskatu eta keinu txikiak egin ditzatela; hala nola, mugako pasabide guztiak berriz irekitzea, bidea errazteko eta ilarak saihesteko. Izan ere, oraingo egoeran bi hirietako bideak kolapsatzen baitira, mugaz gaindiko pasabidetik haratago.

Santanok bere konpromisoa adierazi du aipatutako eskaera Gobernuko ordezkariari helarazteko eta Hendaiako alkateak, berriz, prefektuari bidaliko dio eskaera bera.

Mugaz gaindiko sentsibilizazioa
Gainera, alkateek koordinazio handiagoa eskatu diete mugaz gaindiko udalerri horietara informazioa helarazteko, horrela alde bateko eta besteko neurri murriztaileei edo muga igarotzeko eska daitekeen dokumentazioari buruzko komunikazioa hobetu ahal izateko.

Jarduera ekonomikoak ere kezka sortzen du udalerri horietan. Izan ere, kasu batzuetan hainbat establezimendu eta gune mugaz gaindiko merkataritzara erabat bideratutako eremuak dira, eta bezeroen mugikortasunik gabe irekitzea establezimenduak itxita egotea bezala izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude