Irungo eta Hondarribiko hizkeren argazkia aterako du Irantzu Epeldek

Irungo eta Hondarribiko hizkerak aztertuko ditu Irantzu Epeldek, Jose Antonio Loidi bekari esker. Irun-Hondarribiko gazteak hizketan: euskalkia eta euskara estandarra gaur izeneko proiektuarekin lortu du ikerketa aurrera eramateko finantzazioa. Bi urtean behin deitzen du Irungo Udalak Jose Antonio Loidi beka, botikari eta idazle izan zenak bere ibilbidean zehar landu zituen esparruetan euskarazko ikerketa bultzatzeko asmoz: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika. Hizkuntzalaritzari egingo dio ekarpena aurten Loidi bekak.

loidi15

Txomin Sagarzazuren Hondarribiko eta Irungo euskara liburua izan zen Jose Antonio Loidi bekaren lehen edizioaren emaitza, 2005ean. Sagarzazuren lana dialektologian “erreferentzia” bilakatu dela azpimarratu du Irantzu Epeldek, 2015ean saritu duten proiektuaren aurkezpenean. “Hamar urte geroago, hemen da segida”, baieztatu du hizkuntzalariak. Irungo eta Hondarribiko euskararen ikerketan beste urrats bat emango du, beraz, Epeldek, aurtengo Jose Antonio Loidi bekaren bidez. Eskerrak eman nahi izan ditu hizkuntzalari hondarribiarrak: “Epaimahaiko kideei, lan hau aukeratzeagatik. Eta bereziki Irungo eta Hondarribiko Udaletako Euskara Sailei, hizkuntza ikertzeko eta sustatzeko egiten ari diren ahaleginagatik”. Zortzi proiekturen artean aukeratu dute Epelderena.
“Hizkuntzak, gizarte ekoizpen diren aldetik, etengabe aldatuz doaz”, gogoratu du Epeldek. Azken hamarkadetan gertatu diren eraldatze soziologiko eta soziolinguistikoek tokian tokiko hizkeretan eragina izan dutela baieztatu du hizkuntzalariak. Oro har, euskarak berdintzera egin duela uste du: “Egungo garraiobideen bitartez, erraz eta maiz joan gaitezke edozein tokitara. Hedabideei esker, gure e-txetik atera gabe entzun dezakegu edozein euskalki. Guzti horrek euskara batzea eragin du”. Berdintze hori Irunen eta Hondarribian zenbateraino gertatu den aztertuko du hizkuntzalariak bere ikerlanean: “Ideia da denboran zehar aldaketak zein norabidetan doazen ikusi ahal izatea. Interesgarria litzateke hamar-hamabost urte barru beste argazki bat ateratzea, konparazioa egin ahal izateko”.

loidi.1

Eskolatzeko hizkuntza, erabakigarri

Ahozko datuetan oinarrituko du ikerketa Irantzu Epeldek. Hogei bidasoar elkarrizketatuko ditu: hamar irundar eta beste hamar hondarribiar. Hirurogeita hamar urtetik gorakoak izango dira horietatik lau. Helduen hizkeraren lagin bat edukita, gazteenarekin alderatu ahal izango du horrela. Dena den, azken horiek izango dira lanaren ardatz. Hogeita hamar eta berrogei urte arteko adina edukiko dute beste informatzaile guztiek. Aukera horren atzean arrazoi ezberdinak daudela azaldu du Epeldek: “Informatzaileak nire adin kideak izatea lagungarria da. Konfiantza giroa sortzen du. Bestalde, eskolatze osoa D ereduan egin duen jendea behar dut. Euskara batua jaso dute horiek, euskara etxean ikasi dutenek ez bezala”.

Eragile nagusitzat jotzen du eskolatzea Irantzu Epeldek. Uste du D ereduan ikasi ez duten arren, e-txean euskara jaso duten horiek gorde dutela euskalki tradizionala. “Nire irudipena da, baina irudipenak ez dira zientifikoak eta azterketa egin beharra dago”, onartu du. Berrehun eta berrogeita hamar galdera prestatu ditu, eta informatzaile guztiei pasako die sorta berdina. Gramatikaren eta lexikoaren ingurukoak izango dira, batez ere. Azentuan eta prosodian ere interes handia duela azaldu du. Osagarri moduan, ahozko jardun librean ariko da elkarrizketatuekin. Solasaldiak grabatu egingo ditu, ondoren Irungo Udalarekin adostutako euskarri elektroniko batean argitaratzeko. Hamabi hilabeteko epea izango du Irantzu Epeldek ikerketa aurrera eramateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude