Irungo Etorki Gamesek sortu duen bideo-jokoa, merkatuan abendurako

Ikasketak amaituta, lan munduan murgiltzeko tenorea iritsi zitzaien. Gustuko duten jardueran aritzeko enplegu aukerak, ordea, oso murritzak ziren. Sormena eta ausardia uztartuz enpresa bat sortzera deliberatu ziren. Pablo eta Ion Ocasar anaiek eta Alex Camarerok Etorki Games bideo-jokoak garatzeko enpresa abian jarri zuten. Alabaina, bidea ez da samurra izan. Datorren hilean Mad Dan izenekoa merkaturatuko dute.

etroki05308

Pablok eta Ionek, programazio ikasketak burutu ondoren, bideo-jokoei buruzko masterra egin zuten. Alex arte ederretan lizentziatua da eta animazioko master batekin osatu zituen ikasketak. Gure inguruan bideo-jokoak garatzeko ia-ia enpresarik ez dagoelako argi ikusi zuten hasieratik gustuko duten lanean jardungo bazuten beraiek sortutakoa beharko zuela. Aurrena, nor bere etxean produktua garatzen hasi zen, “hau ez baita zapatak saltzea bezala: emaitza borobiltzeko ordu pila sartu behar dira”, diote gazte ekintzaileek. Bidasoa Biziriken babesa izan zuten aholkularitzari dagokionez, baita bulegoa alokatzeko ere. 

Mad Dan bideo jokoa
Bideo-jokoaren protagonista eroetxe batean bizi da, gaixorik dagoelakoan. Jokalariaren zeregina handik ateratzean datza. “Marrazki bizidun tankerako per-tsonaia dibertigarriak txertatu ditugu eta, joko mota hauetako gehienak ez bezala, 3 dimentsiokoa da”.

MaddanComp.1
Hiru hilabetetan Mad Dan bideo-jokoaren lehenengo bertsioa 45.000 aldiz behera ekarri zen. Emaitza ez zen txarra izan; baina, gazte ekintzaile hauen esanetan, “arazoa izan zen sektore honetako enpresa alemaniar garrantzitsu batekin kontratua sinatu genuela eta azken unean bertan behera geratu zen”. Ez zuten etsi, ez eta hurrik ere! “Jokoa merkatutik atera genuen. Orain hobetzen ari gara eta abendurako eskuragarri eduki-tzea espero dugu”. Diseinu erakargarriagoa garatzeaz gain, jokoaren mekanika ere aldatu dute. Tower defense moduan planteatuta dago; hots, aurkariak eszenatokitik ateratzen ez uztean datza. Etorki Games-eko kideak ziur dira “publikatzea dela bidea, sektoreko enpresa handiek lana ikusi eta hortik negozio aukerak zabaltzeko”.

menu_MadDan
Errentagarritasuna
Diru sarrerak eskuratzeko formulak aztertu ondoren freemiun delakoa hautatu dute. Behera ekartzea doakoa da; baina behin jokatzen hasiz gero, partida hobe-tzen duten aukerak erosteko parada du erabiltzaileak. Pablo, Ion eta Alex sinestuta daude egindako hobekuntzak medio inbertsioak uzta ekarriko duela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude