Irungo festen bilakaerari errepasoa jaietako programa historikoen bitartez

Irungo Artxiboaren webguneko atal berezi batean 1906. urteaz geroztik eta gaur egun arte San Pedro eta San Martzialeko jaien inguruan Irunen inprimatutako jaietako programa gehienak biltzen dira, urte gutxi batzuetako egitarauak soilik falta direlarik. Eduki zein kolore aldetik oso aberatsa den bilduma hau XX. mendetik Irungo festek eta, oro har, gizarteak izandako bilakaeraren erakusle garbiak dira. Izan ere, arte grafikoetara aplikatutako arte-korronteen bilakaera, programetako argazkien erabilera edo jaien inguruan antolatutako ekitaldi motak era nabarmenean aldatu dira azken mendean zehar.

2020. urteko jai ezohikoen aurrean, 1920. urtetik aurrera Irungo jaien inguruan inprimatutako programen bilakaera aztertzea ariketa interesgarria izan daiteke. Adibidez, 1920. urteko programako portada eskuz egindako marrazkia dela ikus daiteke argi eta garbi. Hamar orrialdez osaturiko programa horretan jaiak ekainaren 27an hasi eta uztailaren 1ean amaituko direla iragartzen da. Jaien inguruan antolatutako ekintzen artean ez da publizitate iragarkirik agertzen eta orduan ere gaur egun oraindik antolatzen diren zenbait ekitaldi antolatzen zirela ikus daiteke, hala nola, ekainaren 29ko diana, uztailaren 1eko pilota partidua edo abere lehiaketa.

1930. urteko programan tartekaturik lehen publizitate iragarkiak ikusi daitezke, horrela, jaietako egitarauaren orrialde kopurua handituz eta koloreen erabilera areagotuz. Hamarkada bat beranduago, 1940. urteko programak munduan gertatutako eta hirian eragina izan zuten gertakari historikoen eragina ikus daiteke. Izan ere, 1940. urtean Gerra Zibila eta Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, ulertzekoa da urte horretako Irungo jaietako programa ohi baino laburragoa izatea, ekintza gutxiago antolatzea eta kolore zein apaingarririk gabe argitaratzea.

Hamarkaden joanarekin, hiriko jai egunak luzatu ziren 1960. urteko festetako programak erakusten duenez eta, egungo jaien antzera, ekainaren 23an hasten direla ikus daiteke. Hortaz gain, koloretako irudi eta marrazkien erabilera era nabarmenean hazten da. 1970. hamarkadan, berriz, festetako programak koloretan inprimatutako argazkiz betetzen dira. Ostean, 1980ko programan, adibidez, jaien inguruan antolatutako ekintzez gainera, gaur egungo egitarauan tartekaturik aurki daitekeen alkatearen agurra bezalako elementuak gehitzen dira.

Horrela, 1990. hamarkadatik aurrera Irunen argitaratutako jaietako programek antzekotasun handia dute gaur egun San Pedro eta San Martzial jaien inguruan Irunen publikatzen diren jaietako programekin, egitura eta diseinua oso antzekoak direlarik. Ohikoa denez, 2020. urteko ekaineko hilabetea iritsi baino hilabete batzuk lehenago hiriko jaiak iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu zen. Osasun krisialdiak lehiaketaren antolaketa hankaz gora ipini eta udalak, momentuko egoeraren ondorioz, jaietako ekitaldi asko eta asko bertan behera geldituko direla iragarri ostean, Nerea Bermejo irundarrak jaso zuen jaietako programa sortzeko enkargua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude