Irungo gazteek Korrikaren etorrera ospatzeko ekitaldi berezia prestatu dute

Apirilaren 9an Gazte Korrikak Irun erdialdeko kaleak zeharkatuko ditu. Gazte Korrikaren antolaketaz Toki Alai, Eguzkitza, Hirubide eta San Vicente de Paul ikastetxeetako 3. eta 4. mailako ikasleak arduratu dira. Ibilbidea Hondarribia kalean hasiko da eta Zabaltza plazaraino iritsiko dira lekukoa elkarri emanez. Gazteluzarreko Unax Errazkin eta Zuraide Telletxea ikasleak proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Zergatik erabaki zenuten Irunen Gazte Korrika antolatzea?
Unax: Guk Eusliderrak izeneko proiektu batean parte hartzen dugu eta hainbat ekintza eta proiektu lantzen ditugu bertan. AEKtik zuzendutako proiektua da. Guk egitasmo propio bat proposatu eta prestatu behar genuen. Ez zitzaigun ezer bururatzen, Korrikak Irundik gauez igaro behar zuela jakin genuen arte. Hori jakiterakoan pentsatu genuen aukera ona izan zitekeela Irunen goizez Korrika Gazte bat antolatzea, gazteek Korrikan parte hartzeko aukera izan zezaten.

Korrika Gaztea prestatzeko nola antolatzen ari zarete?
Unax: Bai, hainbat eskolatako ikasleak ari gara arduratzen Korrika Gaztea antolatzeaz. Eskola bakoitzean lan talde berezi bat sortu da ekitaldi hau antolatzeko eta bakoitzak bere zeregina du.

Zuek, adibidez, zergatik erabaki duzue Gazte Korrikaren antolaketan parte hartzea?
Zuraide: Eusliderrak taldean euskararekin loturiko ekintzak antolatzen ditugu. Proiektuan euskararen erabilera eta egun euskarak dauzkan erronkez gogoeta egiten dugu. Beraz, garrantzitsua iruditu zitzaigun guri, gazteei, gure artean euskararen erabilera sustatzen laguntzeko ekitaldi bat antolatzeko aukera ematea.

Zenbat denbora behar izan duzue Gazte Korrika prestatzeko?
Unax: Orain dela 3 aste hasi gara proiektua aurrera ateratzeko buru belarri lanean. Hala ere, Gazte Korrika egiteko aukera lehenago bururatu zitzaigun, baina orain arte ez gara proiektua garatzen hasi.

Noiz eta non egingo da Gazte Korrika hori?
Unax: Irungo Gazte Korrika apirilaren 8an egingo da. Ibilbidea Hondarribia kalean hasiko da eta Zabaltza plazaraino korrika joango gara, lekukoa ikasleen artean eraman ostean. Behin Zabaltza plazara iritsitakoan, hainbat ekintza izango ditugu bertan.

Zer adinetako ikasleek parte hartuko dute zuek antolatutako Korrika gaztean?
Zuraide: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek parte hartuko dute Gazte Korrikan.

Korrika egiteaz gain, zer beste ekintza prestatu dituzue?
Zuraide: Lehen ekintza korrika egitea izango da. Ostean, zabaltza plazan hainbat ekintza egingo dira, oraindik finkatzeko daudenak.

Unax: Musika talde bat eraman nahi dugu, ekitaldia girotzen lagun dezan.

Gazte Korrika prestatzeko zer taldetan banatu zarete?
Unax: Eskola bakoitzak zeregin zehatz bat du. Esaterako, Toki Alaiko ikasleak Gazte Korrikaren antolaketa ezagutarazteko idatzizko testuak prestatzeaz eta prentsa idatziko elkarrizketak eskatzeaz eta idazteaz arduratzen ari gara. Beste ikastetxe batzuk, aldiz, ibilbidea prestatzeaz, sare sozialak sortzeaz eta kudeatzeaz, korrika egin osteko ekitaldiak prestatzeaz eta ikus entzunezko hedabideetarako elkarrizketak egiteaz arduratzen ari dira.

Zuraide: Hori da, Toki Alai barruan ere bi talde ezberdin antolatu ditugu. Talde batean idatzizko testu guztiak erredaktatzeaz arduratzen dira. Gure taldea, berriz, prentsa idatziko hedabideekin harremanetan jarri gara, gure egitasmoa azaltzeko elkarrizketak lortu nahi ditugulako.

Zer beste ikastetxetako ikasleak ari dira zuekin batera Gazte Korrika antolatzen?
Zuraide: Toki Alai, Eguzkitza, San Vicente de Paul eta Hirubideko ikasleak gara proiektuaren garapenaz arduratzen ari garenak. Zehazki, hirugarren eta laugarren mailako ikasleak gara.

Unax: Dena den, antolaketa lanetan parte hartu ez duten arren, El Pilar eta La Salle ikastetxeetako ikasleak apirilaren 8an gurekin batera korrika egin dezaten gonbidatuko ditugu.

Zein da Gazte Korrikaren helburua?
Unax: Gazte Korrikak duen helburua Korrika ofizialaren helburu bera da. Hau da, euskara sustatzea eta euskararen erabilera zabaltzea.

Zuraide: Guk bereziki gazteen artean euskararen erabilera sustatu nahi dugu.

Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko beharra ikusten duzue?
Zuraide: Bai, oso beharrezkoa iruditzen zaigu. Izan ere, gure ingurura begiratuta konturatzen gara euskararen erabilera hemen Irunen oso murritza dela eta, batez ere, gazteen artean. Guk geuk ere ez baitugu beti euskaraz egiten.

Unax: Hori da. Guk euskaraz hitz egiteko ahalegina egiten dugu, baina onartu behar dugu ez dugula nahiko genukeen bezainbeste erabiltzen. Eusliderrak proiektua gure euskararen erabilera sustatzeko lagungarria zaigu, izan ere, euskaraz egiteko aukera eta motibazioa ematen digulako. Horrela, behintzat ekintza horietan parte hartu bitartean gure artean euskaraz hitz egiteko aitzakia dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude