Irungo Gurutze Gorria pandemiatik Gabonetara etenik gabe lanean aritu da

2020. urtea lan handikoa urtea izan da Gurutze Gorriak Irunen duen egoitzarentzat. Pandemiaren garapena lehenengo lerrotik jarraitu dute, gizartean sortutako beharrei erantzunez. Eguberrietan, berriz, elkarteak ohiko jostailu bilketa antolatu du. Txema Pérez Irungo Gurutze Gorriko presidenteak eta Saioa Errazquin Irungo egoitzako arduradunak Gurutze Gorriak urtean zehar aurrera eramandako ekimen ezberdinen inguruan mintzatu dira.

Zenbat urte daramatza Gurutze Gorriak Eguberrietako jostailu bilketa antolatzen?
Saioa: Gurutze Gorriaren ibilbide luzea kontutan hartuta, elkartearen proiektu berrienetako bat dela esan daiteke. Lehen bilketak 80ko hamarkadaren amaieran edo 90eko hamarkadaren hasieran antolatu baitziren. Urteek aurrera egin ahala, jostailu bilketa garai berrietara egokitu da.

Zein motako jostailuak biltzen dituzue?
Saioa: Jostailu berriak jasotzeko bilketa antolatzen dugu Gabonen atarian. Hortaz, jendeak jostailu hezigarriak ekartzea eskatzen dugu, hau da, izaera beliko eta sexistarik gabeak.

Txema: Jostailu berriak izatearen eskakizunarekin 3 edo 4 urte daramatzagu. Hasieran polemika handia sortu zuen arren, ulertu beharra dago haur guztiek jostailu berri bera merezi dutela.

Saioa: Izan ere, laguntza jasotzen duten pertsona horiek ez dira burbuila isolatu batean bizi eta beste edozein haur bezala erabilitako jostailu bat jasotzeko aukera dute.

Jostailuak biltzeaz gainera, diru ekarpena egiteko aukera eskaintzen duzue?
Txema: Momentuko egoerara egokitzeko modua da. Transferentzia ekonomikoen bitartez pertsonen arteko kontaktua zuzena saihesteko bidea eskaini nahi da.

Aurten dohaintzen kopuruak gora egin du?
Saioa: Irunen jostailuak entregatzeko eguna abenduaren 11ean amaitu zen, beraz, bilketa amaitu arte ezingo dugu jakin aldaketa nabarmenik izan den. Hala ere, kopuruak oso antzekoak dira aurreko urteetakoekin alderatuta.

Txema: Orain arte urtero haur guztiek haien jostailuak jaso dituzte. Jostailuen eskaerek ere aurreko urteetako zifretan daude momentuz.

“Me Cago en Irun” eta Marrubik martxan jarritako ekimenen eragina nabaritzen da?
Txema: Honelako ekimenek ezagutarazten laguntzeko “Me Cago en Irun” bezalako beste taldeen ekarpena eta zabalpena asko eskertzen dugu.

Saioa: Badira haien kabuz jostailu bilketak antolatzen dituzten entitateak, ostean, bildutakoa Gurutze Gorriari ematea erabakitzen dutenak.

Pandemiaren hasierak, zeintzuk izan dira hirian burututako zeregin ezberdinak?
Txema: Egun batetik bestera egoerara egokitu behar izan gara. Oso esperientzia aberasgarria eta gogorra izan da aldi berean, egoeraren aldakortasuna dela eta.

Saioa: Lehen urratsa udalak deitutako bileran parte hartzea izan zen eta, horrela, Elikagaien Bankuaren kudeaketaz arduratu ginen.

Txema: Hortaz gain, konfinatutako pertsonei eta adineko pertsonei erosketak egiten genizkien, zakarra bota edo medikamentuak erosi dizkiegu. Maskaren lehen kudeaketaz eta banaketaz arduratu ginen eta ia 3.500 musuko banatu ditugu. Gainera, 65 urtetik gorako bazkideak astero deitu ditugu haien egoeraren berri izateko. Zaisan kamioilariei arreta eskaintzeko zerbitzua martxan jarri genuen eta gune ezberdinak desinfektatu ditugu, adibidez, Polizia Nazionalaren NAN eta pasaporteak berritzeko gela. Aipatzekoa da Irungo Recondo eta Mercadona bezalako enpresen ekarpenari esker Gipuzkoako Gurutze Gorriko janari biltegia betetzea lortu genuela.

Egindako lanarengatik onarpena jaso du elkarteak?
Txema: Bai, bai biztanleriaren aldetik zein instituzioen aldetik. Azken finean, ekintza txikiak direla dirudi, baina, laguntza jaso duten pertsonek biziki eskertu digute.

Irungo Gurutze Gorriaren funtzionamendua aldatu da pandemiaren ondorioz?
Txema: Bai, guztizko aldaketa suposatu du gure funtzionamenduan. Adibidez, garraio egokitua eta osasun garraio zerbitzuak bertan behera daude oraindik.

Zeintzuk dira oraintxe martxan dituzuen ekintzak?
Saioa: Haur eta gazteei eskainitako zerbitzuak mantentzea lortu dugu, beti ere, beharrezkoa segurtasun neurriak errespetatuz, hau da, aisialdiko ekintzak eta eskola-laguntza zerbitzuak. Gela bakoitzean 3 haur sartzen dira gehienez eta familia edo eskoletako burbuilak errespetatzeko ahalegin berezia egin dugu. Momentuz behintzat, zorionez, ez dugu barnean edo kanpoan gertatutako kasu positiborik izan.

Pandemiaren ostean, boluntario kopuruak gora egin du?
Txema: Irungo delegazioaren kasuan boluntario kopuru handia dugu gurekin, Gipuzkoa mailako talde indartsuenetako bat baikara. Gainera, pandemiaren hasieratik boluntario berriak batu zaizkigu.

Nola begiratzen diozue 2021. urteari?
Saioa: COVID-19 pandemiak benetan izandako eragina datorren urtetik aurrera ikusiko dugula argi dugu. 2021. eta 2022. urteetan antzemango dira gizartean sortutako gabezia berriak. Momentuz etor daitekeenaren zain gaude, sektore bakoitzaren jarraipena eginez.

Txema: Azken urtean inertziaz funtzionatu dugu, gizartea bezala egoera berrietara egokituz. Dena den, orain arte egin bezala, egora berriei aurre egiteko prest egongo gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude