“Normaltasun berrian” Irungo Harrera Sareko kideek konfinamenduaren ondorioz etendako jarduera berreskuratzea erabaki zuten. Gauzak horrela, 2020ko udan zehar 1.000 migratzaile artatu ditu San Juan plazan “bulegoa” kokatuta duen hiritar sare honek. Orain, migratzaileak laguntzen dituzten bitartean, hirugarren urtez udazkena eta negua kale gorrian igarotzeko prestatzen ari dira.
Covid-19ak eragindako osasun krisialdiaren ondorioz ezarritako konfinamenduak estatu osoko jarduera geldiarazi ostean, Irungo Harrera Sareak udan berreskuratu zituen harrera lanak. Bien bitartean, gauza gutxi aldatu dira. Udako hilabeteetan zehar, guztira, 1.000 pertsona artatu dira zerbitzuan. Sareko boluntarioek onartu dutenez, udan migratzaile gehiago iristea espero zen, konfinamendua dela eta bidean arrapaturik gelditu zirenak pilatuko zirelakoan.
Migratzaileen profilari dagokionez, azken hilabeteetan zehar gertatutako aldaketa nagusia konfinamendua amaitu ostean, Irunera iritsitako emakumeen kopuruaren gorakada nabaria izan zen. Emakumeen kopurua konfinamendua hasi aurretik ez zen %10era iristen eta ondoren horietako asko haur txikiekin batera iritsi ziren hirira, joeran aldaketa esanguratsu hau azaltzen duen ageriko arrazoirik gabe. Aurrekaririk gabeko egoera hori lehen hilabetean zehar errepikatu zen, egun ohiko kopuruetara itzuli den bitartean.
Salbuespenak salbuespen, profil ugariena bakarrik zetozen gizon gazteena izan da eta talde txikietan mugi- tzen dira. Irungo Harrera Sareak jakinarazi duenez jatorri desberdinetako pertsonei egin zaie harrera udan; gehienak, Ginea Conakry, Mali eta Boli Kostakoak, eta gutxi batzuk, Kamerun, Senegal eta Nigerrekoak, besteak beste. Gehienak Kanarietatik etorriak izan dira, Afrikako migrazio-bideak aldatuz doazela erakutsiz, Espainiak eta Marokok zirkulazio askatasuna oztopatzeko egiten duten presio militarraren arabera.
Paris helburu
Irungo Harrera Sarean azkenaldian artatutako migra- tzaileek jomuga bera errepikatzen dute: Paris. Sareko kideak ordea, trantsituan dauden pertsonei ideia burutik kentzen ahalegintzen dira, Frantziako hiriburua kolapsatuta baitago. Informazio gaurkotu eta fidagarriagoa eskaini arren, ez da erraza artatutako pertsonen asmoak aldatzea. Oso gutxi dira, ordea, Irunen geratzeko erabakia hartzen dutenak. Sareko kidea den Ion Arangurenek azaldu duenez, “sarea martxan jarri zenetik hiritik igaro diren 13.000 pertsonetatik, 30 soilik erabaki dute Irunen gelditzea”. Izan ere, hegoaldetik sartu eta Irunera iristeko estatu osoa zeharkatu ostean, ulertzeko da haien helmuga Europako beste herrialde batzuk izatea. Hortaz, muga zeharkatzeko modua topatzea da haien kezka nagusia.
Sarearen zabalpena
Hiriko harrera zerbitzua martxan jarri zenetik, Irungo Harrera Sarearen jarduera ezagunago bihurtu da. Esaterako, migratzaile asko hirira iritsi aurretik sarearen berri dute edo lurrean oinatz berdeekin markatutako bidea aterpetxera zuzentzen diela dakite. “Estatu osoan ezaguna egiteaz gainera, Ginea Conakryn ere ezagutzen gaituztela esan digute”, adierazi du sareko kidea den Josune Mendigutxiak. Hortaz gain, Irungo sareak estatu beste zenbait Gobernuz Kanpoko Erakundeekin harremanetan dago, gehienbat hegoaldean kokatutakoak, haien jarduera zabaltzen eta informazioa partekatzea ahalbidetzen diena. Beraz, hasieran migratzaileei helarazten zieten beldurra eta mesfidantza pixkanaka desagertu dira.
Egoera aldakorra
Irungo Harrera Sareak udako hilabeteetan Irungo harrera dispositibora sartzeko irregulartasunak antzeman dituela salatu du. Sareak azaldutakoaren arabera, ez dago migratzaileen harrerarako kriterio koherenterik eta dispositiboa erdi hutsik egonik ere, migratzaile askori ez zaie aterpetxean sartzen utzi. Printzipioz 100 pertsonentzako lekua dago, baina, osasun krisialdia kontrolatzeko neurriak direla eta, aterpetxearen edukiera erdira murriztu da. Sareak migratzaileak aterpetxera laguntzeko Gautxori zerbitzua martxan du.
Ion Arangurenek adierazi duenez harrera dispositiboan sartzeko baldintzak zehaztugabe daudela diru, estatuko dokumentuetan bilatu arren, baldintzen zerrenda zehatza topatzea ezinezkoa baita . Bi dira aterpetxean migratzaileak ez onartzearen ageriko arrazoiak. Batetik, estatuan denbora “asko” eramatea eta, bestetik, erregistratu gabeko pertsonarik ez da onartzen, adibidez, estatura patera bitartez inolako kontrolik igaro gabe sartu direnak.
Bestetik, Frantziako poliziak pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatu gabe jarraitzen du, ez baita pertsonen zirkulazio askerako eskubidea errespetatzen eta kontrol arrazistak burutzen baititu. Gainera, azkenaldian “migratzaile dublinatuen” kopuruek gora egin dute, Europan atzera eta aurrera dabiltza eta. Bereziki deigarria iruditu zaie, gizonez gainera, azken asteetan Irunen emakume “dublinatuak” ikusten hasi direla.
Irungo Harrera Sareak erantzunik gabeko beharrei erantzuna ematen jarraitzeko ahalegin berezia egiten jarraitzen du. Adibidez, Covid-19a iritsi zenetik arropa banatzeko zerbitzua itxita egon da, baina, laster berriro martxan jartzeko asmoa dute. Dena dela, aurreko urtean artatutako pertsonak arropa ondatuagoarekin etortzen ziren, orain, berriz, estatuan egonaldi luzeagoa egindako pertsonak jasotzen dituztenez, baldintzetan aldaketa antzeman dute. Orain, osasun krisialdia dela eta, migratzaile guztiak, hirira garraio publikoz iristen direnez, maskararekin iristen dira, beraz, sareko kideak oso egoera txarrean dauden maskarak aldatzeko beharrean ikusten dira soilik.
Dena dela, migrazio bideak itxi eta berriak zabalpen joan diren heinean, Arangurenek salatu du orokorrean migratzaileen baldintzak okertu, bidaia garestitu eta lehen baino konplikatuago bihurtu direla. Adibidez, iraileko hilabetearen hasieran Moriako kanpalekuan Grezian gertatutako suteak Europako Migrazio Politikaren hutsuneak agerian utzi ditu.
Bien bitartean, Irunen Irungo Harrera Sareko kideek bere jarduerari eusteko, hirugarren urtez udazken eta negua kale gorrian igaroko dute San Juan plazan kokatutako bulegoan. Eragozpen eta euri zaparrada guztien gainetik, ordea, boluntarioek osatutako sareak migra- tzaileei harrera duin bat eskaintzeko helburuari eusten jarraitzeko asmoa du.