Irungo Harrera Sarearen aldeko jaialdia egin zen ekainaren 1ean La Kaxitan. Jaialdiak egun osoko iraupena izan zuen eta sarrera doakoa izan bazen ere, Irungo Harrera Sarea diruz laguntzeko ekintzak antolatu ziren. Jaialdiko protagonista nagusia musika izan bazen ere, dantza eta bestelako adierazpen artistikoek haientzako tartea izan zuten jaialdiaren barnean.
Harrera Sarearen aldeko jaialdi hau martxan jartzeko ideia urrian sortu zen lagun talde baten ekimenetik, Hondarribiko Fenomena jaialdiaren ostean. Lagunek osaturiko taldea handituz joan zen, sare bat eratzea lortu arte. Duela aste batzuk Patxuko Nice taldeak “Harrera” abesti solidarioa aurkeztu zuen eta jaialdia abestiaren aurkezpenarekin zuzenki loturik egon zen. Jaialdiaz gain, Herri Bazkari bat antolatu zen egun horretarako eta ticketa erosi zutenek 10 euroren truke aragizko paella edo paella beganoa aukeran eta postrea eskuratu zituzten.
Goizetik goizaldera bitarteko iraupena izan zuen jaialdia Irungo La Kaxita gaztetxean egin zen, joan den udaran sarea bertan sortu zenez, Irungo Harrera Sarearentzako zein La Kaxitarentzako omenaldi gisa. Jaialdiak sarearen filosofia izan du oinarri, hau da, auzolana. Jaialdiaren antolakuntzako kidea den Asier Perez Karkamok adierazi duenez, “saretxo bat osatu dugu sareari laguntzeko”.
Jaialdiaren barnean, egunean zehar giro ezberdinak sortuko zirela aurreikusten zen, beraz, antolakuntzatik orduek aurrera egin ahala, jendea berritzen joango zela espero zuten. Asier Perez Karkamo, antolakuntza kideak azaldu du, “musika izan da protagonista nagusia, musikatik sortutako jaialdi bat den aldetik”. Maribop taldeko Francesco Gigliok adierazi duenez, “gure musika Mediterraneoa eta Atlantikoaren arteko zubi bat eratzen duenez, ezinbestekoa zen guretzat jaialdi honetara gerturatzea”.
Guztira 20 ekitalditik gora izan ziren, horietako 15 musikarekin loturik. Horretarako, 3 eszenatoki eta 3 soinu-ekipo erabili ziren eta 4 soinu-teknikari aritu ziren lanean. Musika ekitaldien barnean, DJ Jawata, Maribop, Afamada Orquestina DJ, Jon Sanchez, Ane Garcia, Endika Loiola “Eztabaida”, Xabier Strubell, Gari Amondarain eta Jon Martin, Octavio Nievski, Lanbroa, Velozet eta DJ Kool artista eta taldeen emanaldiez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Musikaz gain, artea protagonista izan zen ere. Judas Arrieta artistak lientzo parte hartzaile bat margotu zuen haurrekin batera, Garabateandok tailer solidarioa eskaini zuen bitartean. Bestetik, Miren Gomez akademiak dantza garaikideko tailerra zuzendu zuen, dantzatzeko gogoa zuten adin guztietako publikoarentzako prestatuik egon zena.
“Harrera” abesti solidarioa
“Harrera” abesti solidarioa Patxuko Nice taldeak Irungo Harrera Sarea diruz laguntzeko asmoz sorturiko abestia da. Oier Guillaneren letran oinarriturik, Musika, antzerkia, zinema eta elkartasun arloetan lan egiten duten pertsonek abiatutako proiektuaren barruan kokatzen da abestia. Harrera abestia euro baten truke deskargatu daiteke Patxuko Nice taldearen bandcamp plataformatik, eta etekinak Irungo Harrera Sarearentzat izango dira.
Abestiaz gain, bideoklipa errodatu dute Adrian Fernandez eta Oscar Marcos zuzendarien gidaritzapean. Bideoklipean boluntario sarearen laguntza jaso duen migratzaile batek parte hartu du. Bideoklipa YouTuben ikusgai dago eta bideoklipak jasotzen dituen bisita kopurua garrantzitsua izan daiteke, zenbateko batetik aurrera dirua lortzeko beste bide batean bihurtu daitekeelako.