Milaka dira hiri baten iragana eta historia kontatzeko moduak. Denboraren joanarekin, ordea, liburu edo dokumentu ofizialetan bildu ez diren gertakariak historiaren bazter galduetan ahaztu ohi dira zoritxarrez, idatzitako historiari ahoz transmitutako bizipenei baino sinesgarritasun gehiago eman izanaren ondorioz. Iraganeko gertakari ilun horietara argia ekartzeko asmoz, Bozak proiektuaren bitartez “Colon pasealekua: Acera de los reales y las pesetas” izeneko ikerketa bultzatu da, Irungo hirian XX. mendean klase sozialen bereizketa eta urte luzez isilarazitako emakumeen bizipenei ahotsa emateko.
Colon pasealekua Irungo bizitzaren erdigunea izan da bere sorreratik. Hortaz, hiriaren bilakaera historikoaren isla bikaina da, biztanleen ohitura eta bizimoduan izandako aldaketen adierazle garbia. Izan ere, Kale Nagusia, Eliza kalea eta Larretxipi kalearekin batera, Colon pasealekua hiria konektatzen zuen kale nagusian bihurtu zen landa eremuak nagusi ziren garaian, hiriko kale bakarrak ziren eta. Hiriaren zabalpenean tren geltokiaren ezarpena gertakari garrantzitsua izan zen, Colon pasealekua hiriko etorbide nagusian bihurtu baitzuen.
Historian atzera eginez, ordea, badira Colon pasealekuaren zatiketaz hitz egiten duten ahotsak. Hain zuzen ere, klase sozialen arabera gauzatu omen zen espaloien banaketa hori. Mertxe Tranchek azaldu duenez, Luis de Uranzuren “Un pueblo en la frontera” liburuan Colon pasealekuaren banaketa sinboliko hori aipatzen da. Hala ere, lehen liburu hori argitaratu ostean, Nicolas Aguirre bezalako autoreak zatiketa hori ezeztatzen saiatu dira. Luis de Uranzuren idatziaz gainera, garai hartan Irunen bizi izan ziren pertsonen testigantza zuzenek baieztatzen dute Colon pasealekuaren iraganean izandako banaketa klasista.
Ikerketa honen bitartez ondorioztatu denez, Zabaltza plazaren espaloia “de las pesetas” bezala ezagutzen zen eta garaiko burgesia eta klase aberetsa osatzen zuten hiritarrak mugitzen ziren bertatik. Izan ere, momentuko eraikin eder eta eleganteenak kaleko alde eguzkitsu horretan kokatzen ziren. Pareko espaloia, berriz, “De los reales” izenarekin identifikatzen zuten garaiko biztanleek, eremu txiro, hotz eta heze horretatik gainontzeko herritar xeheak mugitzen zirelako.
Kasinoa boterearen gotorleku
Bereizketa horren barnean, Irungo Kasinoaren eraikuntza Colon pasealekuaren historia markatu zuen beste gertakari garrantzitsu bat izan zen. Hain zuzen ere, 1930. urtean eraiki zen Kasinoa, Gerra Zibila hasi baino urte batzuk lehenago. “De los reales” izeneko espaloian kokatuta egon arren, boterearen gotorleku bihurtu zen segituan Rosi Perezen testigantza zuzenak erakutsi duenez: “Alemaniatik etorritako jende boteretsua Kasinoan bil-tzen zela gogoratzen dut”. Hortaz gain, Kasinoan elkartzen zirenen ideologiaren erakusle izan daiteke ere, Mertxe Trancheren azalpenen arabera Errepublika garaian antolatzen ziren greba orokor guztietan eraikineko leihoak apurtzen ziren boterearekiko erresistentzia islatzeko nahiarekin. Gainera, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak bildutako testigantzen arabera, Shole Agirre elkarteko kideak azladu du Gerra Zibila amaitu ostean Kasinoa hiriko nukleoa izaten jarraitu zuela hiriko burgesia Francoren lagunekin biltzen baitzen eraikin horren inguruan.
Emakumeen indar eta kemena
Era berean, ikerketak agerian utzi du Gerra Zibilean zehar eta gatazkaren amaieran emakume irundarrek paper garrantzitsua jokatu zutela. Gizon gehienak frontera bidali edo kontzentrazio esparruetan bilduta zeuden bitartean, emakumeak izan zirelako familiak aurrera ateratzeko hirira itzuli eta, okupatutako etxe eta negozioak saihestuz, bizitoki berriak bilatzeko indarrak atera zituztenak. Gainera, gerrak eragindako bizipen gogorrak alde batera utzi eta Errepublikaren amaierak ekarritako emakumeentzako eskubide eta askatasunen murrizketara egokitu behar izan ziren.
Zalantzen mamua
Ikerketa lan guztiaren ostean, “Colon pasealekua: Acera de los reales y las pesetas” azterketak ondorioztatu du Irun hiriaren izaera klasistaren erakusle garbiak daudela, nahiz eta oraindik askok historiako gertakari lotsagarriak ezkutatzeko jarrerari eusten dioten. Hala ere, banaketa eta zatiketa horren berri ematen duten dokumentu ofizialak gutxi dira eta zuzeneko eta zeharkako testigatzen bitartez bildu da informazio gehiena. Era honetan, gaiaren inguruan sorutako zalantza eta kontraesanak ulertzen dira, idatzitako historiaren babesik gabe, denborak oroimenean eragindako nahasten menpe gelditzen baitira gertakariak.