Irungo Hizkuntza Eskola, hizkuntzen irakaskuntzan erreferentea

Hizkuntza Eskola hizkuntzen irakaskuntza zein irakaskuntzarako erreferentziazko lekua da Irunen. Ingeles, frantses, euskara eta alemana ikasteko aukera eskaintzen dute ikastaro presentzial edo erdi-presentzialen bitartez. Behobia auzoan kokatutako hizkuntza eskolak esperientzia luzea du bere baitan, izan ere, datorren ikasturtean 25. urteurrena ospatuko dute. Karlos Iribar Fernández Irungo Hizkuntza Eskolako zuzendaria da eta irakaskuntzaren funtzionamendua nolakoa den azaldu digu.

Zegatik izan daiteke hizkuntza eskola hizkuntza bat ikasteko leku aproposa?

Alde batetik, Hezkuntza sailaren mendeko zentro ofiziala garelako. Bigarrenik, hizkuntza modernoak irakasteaz gain, emandako mailak ziurtatzen ditugulako. Ikastetxe publikoa izanda, prezio aldetik oso merkeak gara eta ez duzu beste inon topatuko horrelako aukerarik. Inkestek erakusten dute ikasleek gehien baloratzen dutena zera dela, irakasleen trebetasuna, eskarmentua eta haiengatik jasotzen duten motibazioa eta laguntza. Giza baliabide horiek gure aktiborik patenteenak direla esango nuke.

Noiz hasiko duzue ikasturte berria eta zer egin behar da bertan izena emateko?

Ikasturtea ekaina bukaera aldera bukatu zen. Datorren kurtsoko klaseak irailaren 27an hasiko dira eta matrikula prozesua irailaren 1ean abiatuko da, eta irailaren 18ko 13:00ak arte luzatuko da. Lehenengoa da faserik inportanteena, jende gehienak bi aste horietan ematen baitu izena.

“Matrikula prozesua irailaren 1ean abiatuko da eta irailaren 18ko 13:00ak arte luzatuko da”

Kokapen egokia al da Behobia auzoa Hizkuntza Eskolarentzat?

Behobian 25 urte daramatzagu. Oso eraikuntza dotorea daukagu Hizkuntza Eskola bat izateko. Eraikuntza egokia da hizkuntzak irakasteko eta oso ondo hornitua dago. Gainera, bertara iristeko garraio publikoko zerbitzua ere badago eta aparkatzeko, orduaren arabera, tokia ere egoten da. Hala ere, guri gustatuko litzaiguke Irungo erdigunetik gertuago dagoen eraikuntza bat lortzea eta, horregatik, zenbait urte daramatzagu udalarekin hitz egiten hori lortzeko. Egunen batean hori lortzea espero dugu.

Zein izan ohi da hizkuntza eskolako ikasleen profila?

Askotariko ikasleak dauzkagu, aniztasun handia. Ikasleen erdia baino gehiago Irungoak dira. Hala ere, Hondarribiko, Nafarroako eta Iparraldeko ikasle dezente dauzkagu. Horretaz gain, esan behar dugu ikasleriaren % 10ak atzerriko nazionalitatea duela. Kolonbia, Nikaragua, Peru, Ukraina, Maroko, Venezuela, Brasil, Errumania, Portugal, Guatemala, Mexiko, etab. Aniztasun handiko ikasleria  da, baita adinaren arabera ere, nahiz eta ikasle gehienak gazteak izan, ikasle heldu eta erretiratuak ere baditugu.

Beraz, aniztasuna da Irungo Hizkuntza Eskola hobekien deskribatzeko hitzetako bat?

Horixe da. Izan ere, aniztasunaren trataerari garrantzi handia ematen diogu ikasleen eta irakasleen hautaketa prozesuan. Zentzu guztietan, aniztasuna da gure ikasleen ezaugarri nagusia. Ahalegin berezia ematen dugu aniztasuna era egokian tratatzeko, horretarako, ikasle guztien beharrak eta interesak kontuan hartuz. Hortaz, ikasleen egoera ezberdin bakoitzari erantzuna ematen saiatzen gara. Hezkuntza zentro inklusibo bat izan nahi dugu, genero aniztasunari, aniztasun kulturalari eta gaitasun pertsonalen aniztasunari dagokienez. Berdintasunerako hezkuntza eskaini nahi dugu, inolako diskriminaziorik gabe sexua, arraza, erlijioa edo egoera soziala dela eta. Kontuan izanda gure eskolako ikasleak askotarikoak direla, irakaslea ikasleen arteko elkarreragina sustatzen saiatzen da, batez ere ahozko jardunean. Oro har, elkarlaneko ikaskuntza bultzatuz, ikasleen arteko interakzioa errazten duen komunikazio testuinguru baten bidez sustatzen du hizkuntzaren erabilera.

“Hezkuntza zentro inklusibo bat izan nahi dugu,  genero aniztasunari, aniztasun kulturalari eta gaitasun pertsonalen aniztasunari dagokienez”

Zer nolako ikastaroak eskaintzen dituzue?

Eskola honetan ingeleseko, frantseseko eta euskarako A1etik C1era arteko maila guztietako ikastaroak ematen dira eta alemaneko A1 eta A2 mailak. Ikasleak goizez edo arratsaldez etortzen dira klasera. Eskolak goizeko 9:00etan, 11:00etan, eta arratsaldeko 16:00etan edo 18:00etan hasten dira. Ikasleak astean bitan etortzen dira bi ordu eta laurdeneko saioetara datoz. Hala ere, maila eta hizkuntza batzuetan ikastaro erdi-presentzialak eskaintzen ditugu klasera etortzeko zailtasunak dituzten ikasleentzat. Modalitate honek ikasleen ikasketa autonomoa sustatzen du eta klaseak mintza praktika egiteko baliatzen dira batez ere. Eskola erdi-presentzialak oso arrakastatsuak izan ohi dira. Aipatzekoa da eskola hau izan zela Euskadin ikastaro erdi-presentzialak eskaintzen hasi zen lehena eta, hortaz, nahiko ibilbide luzea dugu ikastaro mota honekin. Gainera, teknologia berriak erabiltzen ditugu eta ikasleek Moodle plataforma erabiltzen dute.

Gainera, eskolan bertan azterketa ofizialak egiteko aukera eskaintzen duzue, ezta?

Bai. Alde horretatik, bi ikasle mota dauzkagu. Batetik, ikasle ofizialak, hau da, eskolara urte osoan zehar etortzen direnak hizkuntza bat ikasteko eta ikasturte amaieran azterketa egiten dutenak. Bestetik, ikasle libreak, bakarrik azterketa egiteko izena ematen dutenak.

Hizkuntza laguntzaileen figura ere aipagarria da.

Frantses eta ingeles mintegietan elkarrizketa laguntzaileak ditugu. Hizkuntzaren erabilera sustatzea eta erraztea da beren helburua. Beraien lana da ahozko adierazpenaren trebetasunak lantzea eta beren jatorrizko kulturaren nahiz zibilizazioaren zenbait alderdi ezagutaraztea. Pentsaera ezberdinak eskaintzen dizkigute eta beste kultura batzuk eta tokiko azentuaren berezitasunak eskaintzen dizkigute.

Datorren ikasturtean Irungo Hizkuntza Eskolak 25 urte beteko ditu. Nola ospatuko duzue?

Eskolaren 25. urteurrenaren ospakizunak antolatzeko batzorde bat osatu dugu, baina oraindik ez dugu erabaki nola ospatuko dugun. Hala ere, argi dugu nola edo hala ospatu egin behar dugula, ospatzen jarrita oso zenbaki polita baita 25a ospakizun eder bat egiteko. Irakasleen klaustroak ere parte hartu nahi du ospakizunetan. Behin azterketak amaituta, ospakizun ekintzen prestaketei ekingo diegu.

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude