Irungo hotel-okupazioa handitu egin da abuztuan, eta %93ra iritsi da. Hau da, 2019ko abuztuko antzeko datuak lortu dira, iazko abuztukoa baino 15 puntu handiagoa eta 2021eko uztailekoa baino 3 puntu handiagoa.
Sonia Parada ETH hoteleko zuzendariak esan du “ustekabekoa izan dela. Abuztua beti da ona eta konfiantza jartzen duzu hilabete honetan, baina oraingo honetan jende asko etorri da, ia %100ean egon gara. Bisitarien jatorriari dagokionez, atzerritar gutxi egon dira, beste leku batzuetara zihoazen frantsesak eta portugaldarrak batez ere. Baina gau bat baino gehiago hotelean ostatu hartu dutenek oso turismo aktiboa egin dute, asko bisitatu dute gure zonaldea. Orain, irailera begira, denboraldia ez da luzatu, horretarako turista atzerritarrak behar ditugulako, baina kirol eta enpresa taldeak berreskuratu ditugu”.
Bestalde, Félix Manso Ibarlaren Sonia Garcíak dioenez, “uztaileko eguraldia okerragoa izan zen eta lan gutxiago egin genuen. Baina abuztua hilabete oso ona izan da, aurreko udan bezala. Euri gutxiago egin du eta terraza aprobetxatu ahal izan dugu, eta kanpoko jende asko etorri da, batez ere nazionalak, orain askoz jende gutxiago dator Frantziatik”.
2.208 bisita Turismo Bulegora
Turimsoko Bulegoak 2.208 bisita jaso ditu guztira (1.028 uztailean eta 1.180 abuztuan). Bisitari gehienak Estatutik etorritakoak izan dira; Katalunia, Aragoi, Valentziako Erkidegoa eta Nafarroatik batez ere. Atzerritarrak guztizkoaren %19 baino ez dira izan. Bestalde, jaitsi egin da Done Jakue Bideari buruzko kontsulten kopurua.
“Oso datu positiboak dira” esan du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak. “Uda honetan, pandemiaren aurreko udako beste denboraldi batzuetako datu berdinak edo hobeak lortu ditugu. Horrek erakusten du, besteetan ikusi dugun bezala, Irun turismo-leku erakargarri gisa finkatzen ari dela, eta egoera hobetzen denean horri eusteko lan egingo dugu”.
Naturguneen protagonismoa
Turismo bulegora joan diren bisitari gehienek naturako ibilbideei buruzko informazioa eskatu dute. Alde horretatik, Lapurriturriko informazio bulegoan kontsulta ugari egin dira.
“Pandemiaren ondorioz, pertsona askok nahiago izan dute turismo aktiboa egin eremu naturaletan, aire zabalean. Horri dagokionez, Irunek eskaintza zabala eskaintzen du, eta hori izango da, seguruenik, bisitan etorri zaizkigun pertsonek helmuga aukeratzeko orduan kontuan izan duten arrazoietako bat. Zalantzarik gabe, etorkizunari begira, Irungo eskaintza naturalari esker, uda honetan lortu ditugun datuak mantentzea lortuko dugu”, esan du María Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak.
Bestalde, Oiasso museoan eta bertan antolatzen diren jardueretan 6.631 pertsonak parte hartu dute ekainean, uztailean eta abuztuan, eta 2014ko udatik (7.132) izan da daturik onena. Hori guztia Dies Oiassonis-en publikoa kontuan hartu gabe. Joan den udan bertan behera utzi ondoren, oraingoan jaialdia egin ahal izan da, segurtasun neurri guztiak errespetatuz.
Azken lau asteetan, gainera, 56 pertsonak hartu dute parte hiriko bisita gidatuetan.