Irungo Kirolaren Galan kirolari irundarren 2019. urteko lorpenak saritu dira

Urtarrilaren 27an Irungo Kirolaren Gala antolatu zen 2019. urtean zehar kirolari irundarrek modalitate ezberdinetan eskuratutako lorpenak saritzeko. Irungo Kontserbatorioko auditoriumean kirolari eta kirol elkarte guztietako ordezkariak elkartu ziren Irungo udalak kirolarien emaitzak saritzeko antolatzen duen ekitaldian. Kirolari maskulino, femenino eta hiriko klub onenaren saria banatzeaz gainera, “Irundarron saria” banatu zen historian lehen aldiz.

Ekitaldian banatutako lehenengo bi sarien bitartez emakume eta gizon kirolariek banaka eskuratutako lorpenak saritzea bilatzen zen. Horrela, Emakume Kirolari Onenaren Saria Teresa Errandonearentzat izan zen. 2019. urtean, Teresa Errandoneak 100 metro hesidunetako Espainiako Txapelketan irabazle abslotuaren titulua eskuratu zuen eta, orain, Olinpiadetarako pasea lortzeko borrokan murgildurik dago. “Horrelako aitorpenen bitartez kirolariek egunerokotasunean egin beharreko esfortzua saritzen da”, adierazi zuen 2019. urteko Irungo Emakume Kirolari Onenaren sariaren irabazleak.

2019. urteko Gizoneko Kirolari Onenaren saria Iñigo Vertiz arraunlariak jaso zuen. Hondaribia Arraun elkartearekin egindako azken denboraldi bikain baten ostean, arraunlari irundarrak kiroletik erretiratzen zela jakinarazi zuen. Hala ere, udalak duela gutxira arte kirolari izandako irundarrak arraun munduan lortutako lorpenak saritu nahi izan ditu. Saria Hondarribiko elkartearekin, familia eta lagunekin partekatu nahi duela adierazi du. Hortaz gain, Vertizek Santiagotarrak elkartearentzako esker oneko hitz batzuk izan ditu, bere kirol ibilbideko hasierako urteak gogoratu eta, era berean, elkarteak arraunaren alde Irunen egiten duen lanarengatik ziontzeko.

Banakako kirolariek jasotako sariez gainera, hiriko elkarteen talde lana saritzeko errekonozimendu berezia banatu zen ere. 2019. urtean zehar lortutako garaipen eta lorpen ezberdinek iragartzen zutenez, Klub onenaren saria Bidasoa eskubaloi taldearentzat izan zen. Talde irundarrak Asobal ligako txapeldunorde titulua lortu zuen eta, Europara itzultzeko txartela lortu ostean, Champions Leaguea jolasten ari da. Gurutz Aginagalde klubeko presidenteak jokalari guztien laguntzarekin jaso zuen Irungo udalak emandako saria.

Hiritarren saria
Aurretik aipatutako sariekin batera, irundarrek 2019. urteko haien kirolari gogokoena hautatzeko aukera izan zuten udal webgunearen bitartez antolatutako bozketa publikoan. Hiritarrek, ordea, udalak egindako hautaketarekin bat egin zuten eta botoen %20arekin Iñigo Vertiz arraunlariak irabazi zuen Irundarron Saira. Lehenengo errekonozimendua espero ez zuela onartu ostean, hunkitu aurpegiarekin igo zituen Iñigo eszenatokirako eskailerak bigarren sariaren bila. “Ez nuen saririk irabaztea espero, beraz, bi sari jaso ostean hitzik gabe utzi nauzue”, adierazi zuen Iñigo Vertizek irribarrea ahotik kendu gabe. Arraunlariak kategoria berean hautagai izandako gainontzeko kirolari eta elkarteen maila altua azpimarratu nahi izan zuen.

Irabazleaz gainera, hauek izan ziren Irundarron saria irabazteko zerrenda osatu zuten beste hautagaiak: Ander Elosegi, Super Amara BATeko emakumezkoen taldea, Julen Aginagalde, Bidasoa Irun eskubaloi taldea, Klara Olazabal, Bidasoa XXI klubeko emakumezkoen taldea, Irati Beorlegi, Leka Enea mahai teniseko taldeak, Realeko neska irundarrak eta Teresa Errandonea.

Hamarkadetako lana
2019. urtean zehar kirolari irundarrek lortutako azken garaipenak saritzeaz gainera, ekitaldian hamarkadetan zehar hiriko elkarteek egindako lana omentzeko tarte-txoa eskaini zen. Horrela, 2019. urtean zehar 50 urte bete dituzten Irungo Txirrindulari elkartea eta Txingudi Errugbi klubak aipamen berezia jaso zuten. Gainera, joan den urtean 75. urte bete zituen Kurpil elkarteak pilotaren alde egindako lan luzea saritu zen ekitaldi berean.

Kirola musika ukituarekin
Kirolaren inguruko ekitaldia osatzeko, Alex Fernandez irundarrak eta Igor Diaz Hondarribitarrak musika emanaldia eskaini zuten. Eskualdeko rap abeslariek zuzenean inprobisatutako “oilar borroka” batean murgildu ziren, audituriumean bildutako ikusleek proposaturiko hitzekin errima biziak sortuz. Abeslarien ikuskizunak ikusleen barreak eragin zituen eta txalo zaparrada handiak jaso zituzten sari banaketen artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude