1955eko abenduaren 22an sortu zen Erlaitz Mendi Elkartea, irundar gazte talde baten lan gogorraren ondorioz. Gipuzkoako “Bolo eta Toka” Federazioaren barnean lehendabiziko urratsak eman ondoren, 1958an mendizale elkarte bezala osatu zen. Etorkizuna zein izango zen eta gailurrera iritsiko ote ziren jakin gabe, biltzeko leku bat izateko borrokatu zuten gazte haiek. Gaur egun, beren esfortzuaren ondorioz, 460 bat bazkide ditu kirol- eta gastronomia-elkarte honek.
Udazkeneko arratsalde euritsu bat da. Peña kalean Erlaitz Mendizale Elkarteak duen lokalean atea irekita dago. Barruko barre algarak eta janarien usain goxoak sarrerara iristen dira. Bertan, Andoni Arregi elkarteko presidenteak eta Ana Maria Portu emazteak harrera egiten didate. Andoniren aita elkarteko sortzaileetako bat izan zen.
Elkartearen hastapenak
Elkartzeko eta lagunekin egoteko leku bat besterik ez zuen nahi irundar lagun koadrila hark. “Garai hartan elkartea sortzeko ezinbestekoa zen kirol edo gai sozial batekin lotura izatea. Hori dela eta, “Bolo eta Toka” Federazioaren atxikimendua lortu zuten, eta hala sortu zen gure elkartea Gipuzkoa etorbideko lokal txiki batean”.
Hasiera ez zen batere erraza izan; hala ere, esfortzuek saria izan zuten. 460 bazkidek osatzen dute, gaur egun, Bidasoa eskualdeko kirol eta gastronomia elkarte hau. Bi motako bazkideak daude, elkarteko presidenteak azaltzen duenez. “Alde batetik, kirol bazkidea dugu, eta bestetik, gastronomiako bazkidea. Bigarren honi, 5 urtez Mendizale Federazioan izena ematea eskatzen diogu; izan ere, elkarteak mendiarekin eta mendizaleekin zuzeneko lotura du”.
Taldeak mendizaleen saila eta mendi lasterketarena (“Mugalariak”) baino ez ditu gaur egun. Hala ere, orain dela pare bat urtera arte eskalada eta “Erlaitz Txiki” izeneko sailak ere bazituen Elkarteak. “Mendiarekiko errespetua eta maitasuna helarazteko hainbat ikastetxetako ume eta gaztetxoekin irteerak antolatzen genituen mendira. Horretaz gain, eskaladan ibiltzen zen taldea ere bagenuen. Azkenean, boluntario bezala aritzen ziren mendizaleak nekatu eta ordezkorik aurkitu ez genuenez, bertan behera utzi genituen bi sekzioak”.
Elkarte gogotsua
Urtean 18-20 bat ibilaldi antola-tzen dituzte Erlaitzekoek. Batzuk egunekoak dira eta beste batzuk, ordea, asteburukoak. Gainera, elkartearen ekintza-eremua zabala da. Euskal Herriko edozein menditara antolatzen dituzte irteerak. Horretaz gain, Pirinioetara ere askotan joan ohi dira, baita kostaldeko ibilaldiak egin ere. Ekimen hauek edozein adinetako jendearentzat irekita daude; hala ere, Ana Mari Portuk zehazten duenez, “sasoian egotea oso garran-tzitsua da; gutxienez, lau orduko ibilaldiak baitira. Ez dugu atleta bat izatea eskatzen, baina bai gutxieneko prestakuntza bat edukitzea”.
Etorkizunera begira
30 eta 60 urte bitartekoak dira nagusi elkartean. Mendi-lasterketako sekzioan, berriz, gazte-txoak dira nagusi. Presidenteak dioenez, modan jarri den mendi ekimena da. Mugalariak izena dute eta orain dela pare bat urte sartu ziren taldean. “Ekimen ugari antolatzen dituzte. Garran-tzitsuena Erlaitz – Aiako Harria Erdi Maratoia da. Sare sozialen bitartez geratu eta 50-70 bat lagun elkartu ohi dira. Oso giro ona dute. Korrika egiten dute, euren arteko lehia txikiak antolatzen dituzte, eta abar. Helburu nagusia ondo pasatzea eta mendi lasterketen mundua ezagutzera ematea dute”.
Erlaitz Mendizale Elkartearen egungo egoera ona da; hala ere, goranzko progresioa goi-lautada batean ez gelditzeko itxaropena du presidenteak. “Hurrengo belaunaldiek gure erreleboa har-tzea espero dut, urte hauetan zehar elkartearen aldeko lan gogorra egin baitugu”. Gauzak horrela, hurrengo hitzordua abenduaren 14an izango da, Ardoaren eta Arrainaren 7. ibilbidearekin.
Informazio gehiagorako:
www.erlaitz.com