Irungo Memoria Historikoaren Bulegoak ateak ireki dizkio berreskurapenari

Memoria Historikoaren Bulegoa Udal Artxiboaren alboan kokatuta dago eta irailaren 13an hasi zen lanean. Bulegoak ezartzen dituen helburuen artean daude gerrako eta diktadura frankistako biktimen familiei aholkularitza ematea eta garaiko dokumentuak eta objektuak biltzea. Santi Jiménez Memoria Historikoko Ordezkariak eta Aitzol Arroyo arloko teknikari berriak aurkeztu dute zerbitzua.

Santi Jiménez Memoria Historikoko Ordezkariak azaldu duenez, “Udalak Memoria Historikoa sustatzeko hartu duen konpromiso irmoari erantzuten dio proiektu honen sorrerak eta ezarpenak”. Memoria Historikoko Ordezkariak 1936ko Gerra eta ondorengo diktadura frankista pairatu zutenen memoria gordetzearen garrantzia azpimarratu du.

Horrela, Memoria Historikoaren Bulegoak lehen kontsultak jaso ditu jada. Dena den, Santi Jiménezek azaldu duenez, bulegoaren irekierak udako oporrekin kointziditu duenez, “datozen asteetan bulegora kontsulta gehiago iristea espero dugu”. Aitzol Arroyo pozik agertu da Memoria Historikoaren Bulegoan jasotako lehen kontsultekin, hainbat istorio “bitxi eta ezberdin” iritsi baitira lehen bileren bitartez. Erabiltzaileekin lehen bilerak izan ostean, orain kasu bakoitza aztertu eta galderentzako erantzunak bilatzeko lanari ekingo diola aurreratu du Arroyok.

Izan ere, lehen bilera horiek erabiltzaileak eta haien istorioak hobeto ezagutzeko balio izan dute. Momentura arte jasotako testigantzen artean, era askotariko kontakizunak azaleratu dira. Bildutako lehen bitxikerien arten, gerran zauritutako aitaren edo erbestera joandako senideen bizipenenak jaso dira. Bestetik, bere familiari buruzko ikerketa bat egiten ari den pertsona baten zalantzak erantzun dira, ikerketa nola bideratu dezakeen jakin nahi baitzuen. Aitzol Arroyok adierazi du Irungo Memoria Historikoaren Bulegoan era guztietako pasarteak jasotzeko prest daudela. “Kontatu nahi diguten edozer gauza entzun edo gurekin partekatu nahi dituzten dokumentuak jasotzeko prest gaude”, gehitu du Memoria Historikoaren Bulegoko teknikariak.

Bitxikerien artean, garai historiko zehatz horrekin lortutako objektuak ere jasoko ditu bulegoak. Dohaintzan eman daitezkeen objektuen adibideak zerrendatu ditu Aitzol Arroyo teknikariak: gutunak, fronteko edo langileen batailoietako argazkiak, idatziak, epaitegietako sumarioak edo ziurtagiriak, besteak beste. Normalean familiak etxean gorde ohi dituen dokumentuak dira eta, istorioen antzera, askotarikoak izan daitezke. “Ahalik eta dokumentu-bilduma zabalena lortu nahi dugu”, azaldu du Aitzol Arroyok.

Bilketaren ostean, zer?
Bulegoak bildutako materiala Irungo Artxiboaren parte izatera pasako da, dokumentazio publikoa izan dadin eta interesa duen edonork kontsultatu ahal dezan. Santi Jiménezen hitzetan, “garai historiko horren azterketa amaitu nahi dugu”. Gainera, jasotako material eta objektu guztiak erakusketa batean bildu nahi dira. “Ideia erakusketa 2023 urte hasierarako prest egotea da”, gehitu du Jiménez ordezkariak. Erakusketaz gain, datozen hilabeteetan zehar bulegoaren beste helburuetako bat frankismoaren biktimen testigantzak grabatzea eta biltzea izango da.

Bulegoaren beharra
Memoria Historikoaren Bulegoaren helburua da Irungo gerrako eta frankismoko biktimen memoria kolektiboa ez ahaztea. Santi Jiménezek adierazi duenez, “Irunek ezin zuen gehiago itxaron horrelako zerbitzu bat izateko eta orain dugun aukera aprobetxatu behar dugu”. Memoria Historikoko ordezkariak gogoratu duenez, gero eta gutxiago dira garai historiko hori zuzenean bizi izan zuten pertsonak eta testigantza zuzenak eman ditzaketenak. “Memoria historikoko elkarteek eta herritarrek ere hala eskatzen dute, garai hartan gertatutakoa jakin nahi dute”.

Bulegoaren jarduera 1936ko Gerra eta diktadura frankistaren garaiko informazioaren bilketan zentratu behar zen hasiera batean. Dena den, Santi Jiménezek onartu duenez, “garai historiko horren aurreko eta osteko informazioa ere biltzea interesgarria izan daitekeela uste dugu”. Aitzol Arroyok, berriz, informazio hutsune handiena gerra gaian aurkitzen dela azaldu du. “Gerrak Irunen iraun zuen hilabete eta erdian Bigarren Errepublikari buruz dagoen argitalpen bakarra Fronte Popularrak egindakoa da”, azaldu du Memoria Historikoko Bulegoko teknikariak. Gerra gaian argitalpenak egitearen zailtasuna azaldu du Arroyok, gerra egoeran beste lehentasun batzuk daudela gogoratzeko.

Memoriaren Historikoaren Astearen balorazioa
Abuztuaren 30etik irailaren 5era Memoria Historikoaren Astea ospatu zen lehen aldiz Irunen, 1936ko Gerraren 85. urteurrena haitzakiatzat hartuta. Santi Jiménez eta Aitzol Arroyok Memoria Historikoaren Astearen inguruan antolatutako jardueren balorazio positiboa egin dute. Abuztuaren 31n eta irailaren 1ean egindako hitzaldietan guztiz bete zen Amaiako hitzaldi-aretoa. Hitzaldiek izandako arrakasta ikusita, Memoria Historikoko zerbitzutik adierazi dutenez, “hitzaldiak aurrerago berriz eskaintzeko aukera aztertzen ari gara”. Bestetik, kalean panelen bitartez antolatutako erakusketaz mintzatu da Santi Jiménez: “kaleko erakusketak ere arrakasta handia izan zuen, jendea bai testua irakurtzeko zein argazkiei begiratzeko gelditzen zela ikusi genuelako”.

Etorkizunean hirian memoria historikoaren berreskurapenarekin loturik antolatutako ekintzez galdetuta, Santi Jiménezek datorren urtera begira programazio zabalagoa prestatzeko asmoa adierazi du: “Guztion artean memoriaren aste landuago bat diseinatzea gustatuko litzaiguke”. Horrela, Memoria Historikoko ordezkariak ekitaldiak urte osora zabaltzeko prestutasuna adierazi du. Gainera, datozen hilabeteetan Abenida Zubian Lluís Companysen omenez plaka bat kokatuko dela gogoratu du ordezkariak. Hortaz, datozen urteetan atzemango diren beharrek eta eskakizunek baldintzatuko dute Memoria Historikoaren Bulegoaren eta Astearen etorkizuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude