1930eko hamarkadan mendizaletasuna gorpuzten hasi zen gure eskualdean, eta 1948an Irungo Mendizaleak Elkarteak sortu zuten 20 bazkidek. Egoitza Larretxipi kalean zuten. Handik oso hurbil, Kontrakalean, hirurogeita bost urte bete dituzte jada; haatik, ez dute erretiroa hartzeko asmorik, ez eta hurrik ere! Sasoian dago elkartea: 960 bazkide eta jarduera pila, horren lekuko.
1950eko hamarkada kirol alorreko lehen lorpenena izan zen; esaterako, Francisco Etxenike eta bere alaba Julita lehenbizikoz Bulneseko Naranjora igo zirenekoa, Julita izaki lehen euskal emakumea.
Hurrengo hamarkadan Serapio Mujika kaleko egoitza erosi zuten, handiagoa zelako; handik aurrera elkartearen jarduera zabaldu egin zen, hainbat sail berri garatuta: eski alpinoa, nordikoa eta zeharraldikoa, goi-mendia, eskalada, mendi-bizikleta, espeleologia…
Asko dira nabarmentzeko kirol emaitzak; tartean, Jose Luis Sesma 1986an Shisha Pagma (8007 m.) gailurrera heltzen Espainiako aurrena izan zela.
1995ean Bidasoa-Pamir espedizioak Korzenewskaya (7.105 m.) tontorra erdietsi zuen, Euskadiko lehenak eta Espainiako bigarrenak izaki.
Aro berria
2003an erronka handia gauzatu zen, Kontrakaleko lokal berriaren inaugurazioa, hain zuzen ere. Berrikuntza nagusia, atal gastronomikoa gehitu zitzaiola. Zokueta jatetxea zegoen lokala ere erosi zuten, bertan bulegoa eta hitzaldiak, ikastaroak eta halakoak egiteko areto bat ere atondu zituztela.
Joseba Redondo 1999az geroztik presidente dago. Aro berriarekin batera elkarteak mendian ibiltzeko modu berritzaileari ekin zion. “2001ean Pirinioetako zeharkaldia antolatu genuen, etapaka. Sekulako arrakasta izan zuen, 300dik gora lagunek egin baitzuten”. Halaxe, bazkideek eska-tzen zuten mendi txango antolatuen bidetik jarraitu zuten. “Bazkideak oso integratuak egotea lortu dugu, urte guztian zehar irteerak eskaintzen dizkien egutegi bat prestatuz”, dio presidenteak.
Aurtengo udan Europako Gailurretan astebetez ibili da autobuskada bat mendizale. Kostaldeko zeharkaldian jada Unqueraraino heldu dira, eta urrian, azken urteotan egin ohi duten bezala, Kanariar uharteetara joango dira mendi txangoa egitera. Datorren urterako Esloveniako Alpeak dituzte jomuga. Irundarrak ez dira parte-hartzaile bakarrak, Donostiako eta Nafarroako mendizale batzuk ere elkar-tzen zaizkie eta.
Honek guztiak, jakina, aldez aurretiko antolaketa-lan dexente dakar herrestan. “Autobusekoen eta oinezkoen ibilbideak, ostatuak… “Bai, logistikak denbora eska-tzen du, baina nik benetan gozatzen dut prestatzean, bai eta ondoren ere, jendearen gustukoa dela ikusita”, aitortu du Redondok.
Dantza
Irungo Mendizaleak helduentzako dantza ikastaroak eskaintzen hasi zenetik, jarduerak gora egin du. Gaur egun 100 lagun dabiltza eskolan. Baina lokaletik kanpo ere burutzen dute jarduera, erromerietara dantza egitera joan ohi dira eta.