Irungo ondare historiko-kulturala zaintzen jarraitzeko apustua egin nahi du udalak

José Antonio Santano Irungo alkateak gutun bat bidali dio Bingen Zupiria Kulturako sailburuari, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa den Urdanibiako jauregiak, burdinolak eta errotak osatutako kultur ondasunaren egoeraren berri emateko.

«Kezka handiz ikusten dugu Urdanibiako multzo guztia gero eta abandonatuago dagoela, are eraikinak arriskuan jartzeraino. Gure ustez, ondarea kontserbatzeaz haratago, monumentu multzo hau hirian erreferente den erakargarri publiko, kultural eta turistiko bihur daiteke», zioen idatzian alkateak.

Gainera, Santanok gogora ekarri duenez, «azken hamarkadetan Irungo Udalak esfortzu handia egin du ondarea babesteari dagokionez, baita berreskuratzeari dagokionez ere. Gazteluzar gazteluko aurriak bakarrik daude zaharberritzeko eta berreskuratzeko, eta badugu dagoeneko jarduketa horretarako proiektua eta aurrekontua. Datozen hilabeteotan abiatuko dira lanak».

Aipagarria da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak monumentu multzo izendatu zuela Urdanibiako jauregiak, burdinolak eta errotak osatutako kultur ondasuna. Hiru elementu horiek Antzinako Erregimenean hedatuen zegoen ekoizpen-unitatearen adibide bat osatzen dute. Jauregia Sebastian Urdanibiaren aginduz eraiki zuten 1612an, fatxada nagusiko armarrian dagoen idazkunak aditzera ematen duenez. Eraikuntza noble eta nabarmena da, eta familiaren leinu-etxe zaharraren kokalekuan eraiki zuten. Errota eta burdinola ere familiari lotuak zeuden Erdi Aroko garaietatik, baina berregin eta moldatu egin zituzten, teknikaren aurrerapenen eta instalazio hidraulikoak mantendu eta hobetzearekin lotutako gertakarien arabera.

Alkateak, amaitzeko, biltzeko gonbita luzatu dio sailburuari, «bertatik bertara ezagutzeko eraikin horien balioa eta horien egoera ikusteko», eta, horrela, zaharberritzeari lehenbailehen ekin ahal izateko.

Oinezkoentzako hobekuntzak

Horrez gain, Obra arloak badu prest beste jarduketa bat ere, Jaitzubia hiribidearen eta Txingudi ikastolaren arteko oinezkoentzako lotura hobetzeko. Proiektu hori gauzatzeko bi baimen lortu behar dira: Eusko Jaurlaritzarena, hura baita bidea pasatzen den lurren jabea; eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena, inguruaren ondare balioa dela eta. Jaso dugu dagoeneko aurrenekoa, eta orain Aldundiaren zain gaude.

Lan horiekin jarraipena emango zaie Jaitzubia hiribideko oinezkoentzako espaloia handitzeko obrei, bai eta duela gutxi espaloi horretan egin ziren zebra-bideei ere. Azken horiek inguru hori eta Urdanibia auzoa lotzeko egin ziren duela urte batzuk, oinez ere erraz iristeko.

Jaitzubia hiribidea eta ikastola lotzeko oinezkoentzako etenik gabeko lotura seguru bat sortzeko, zenbait lan egingo dira 300 metroko bidean, seinaleak eta balizak jarrita eta argiteria hobetuta.

Alde batetik, zoladura hobetuko da, seinaleak jarriko dira eta eremu batzuetako segurtasuna hobetzeko balizak jarriko dira eta, bestetik, eta hori da jarduketarik aipagarriena, argiteria berria jarriko da Txingudi ikastolaraino doan oinezkoentzako ibilbide guztian.

Zehazki, Jaitzubia hiribidetik gertuen dagoen eremuan, espaloia bukatzen den puntuan, egurrezko baranda bat jarri nahi da errepidean, 50 metro ingurukoa. Eremuan integratuta geratuko litzateke, eta asmoa da ibilgailuentzako galtzada estutzea, sarbide horretan autorik ez aparkatzeko. Edonola ere, bi ibilgailurentzako tartea geratuko litzateke.

Baranda hori osatzeko, plataforma zolatua apur bat handituko litzateke, oinezkoei barandaren barruko aldetik pasatzen uzteko. Edonola ere, eremuan oinezkoei eman nahi zaie lehentasuna. Hori adierazteko, seinale bertikal baten bidez jakinaraziko da eremu horretan oinezkoek dutela lehentasuna bidearen hasieran, eta mezu hori indartzeko oinezkoen seinaleztapen horizontala jarriko da ibilbide guztian.

Argiteriari dagokionez, argi-puntuak instalatuko dira, LED teknologiarekin. Jarduketak 90.000 euroko aurrekontua du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude