Irungo turismo bulegoa prest dago udan bisitarien eta irundarren kontsultei erantzuteko

Irungo turismo bulegoa Luis Mariano kaleko 3. zenbakian kokatuta dago. Iaz, ezohiko urtea izan arren, 2.800 bisitari inguru izan zituen bulegoak. Ikusteko dago pandemiak baldintzatutako bigarren urte honetan berriro ere tokiko turismoa gailenduko ote den. Iñaki Cacheiro Irungo turismo-bulegoko turismo-informatzaileak urtero hirira hurbiltzen diren bisitarien profila eta interesak deskribatu ditu.

Aurreko urteko uda nahiko ezohikoa izan zen. Nola lan egin zenuten zuek?
Joan den uda oso ezohikoa izan zen, kanpoko jende asko jasotzera ohituta gaudelako, adibidez, Frantzia, Alemania eta Italiatik etorritako erromes asko. Joan den udan, batez ere bertako turismoa izan genuen, Gipuzkoatik etorritako turista asko. Horren alde, hainbat ekimen egin ziren tokiko turismoa sustatzeko asmoz, hala nola Gipuzkoako Pasaportea, onarpen handia izan zuena. Pasaporte mordoa ekarri zituzten, bukatu egin ziren eta berriro eskatu behar izan genituen. Pasaportea Gipuzkoa osoan jarduerak egiteko ideiak ematen zituen ekimena izan zen.

Aurreko urteekin alderatuta bisitari kopuruan alde handia nabaritu zenuten?
Noski, aurreko urteetako zifrekin alderatuta bisitarien kopurua murriztu egin zela ikusi genuen. Dena den, beste urte batzuekin alderatuta, tokiko bisitari gehiago hurbildu ziren eta horrek kopurua orekatzen lagundu zuen.

Zer aurreikuspen dituzue aurtengo udarako?
Nabari da, pixkanaka, turistak eta erromesak berriro etortzen direla. Oro har, Europako turistak dira, batez ere, inguruko herrialdeetakoak, Frantziakoak adibidez. Ez dira aurreko urteetakoekin alderatu daitezkeen zifrak; beste eskualde batzuetako turismoa ere ez da aurreko denboraldietan bezalakoa. Hala ere, turistak pixkanaka iristen hasi dira.

Iaz bereziki nabarmendu zen bertako bisitarien kopurua?
Jendeak irteteko eta gauzak ikusteko gogo handia zuen. Horrela, beste batzuetan agian bisitatzea pentsatu ez zuten lekuak ezagutzeko aukera gisa bizi izan zuten. Inguruko leku interesgarriak ezagutu nahi zituzten.

Irungo kasuan, zein izaten da turista gehien biltzen dituen garaia?
Toki gehienetan bezala, turisten etorrera udan nabaritzen da. Batez ere, uztailaren bigarren hamabostalditik aurrera eta abuztuaren amaierara arte.

Nondik datoz bisitari horiek?
Oro har, estatuko turismoa nagusi dela esan dezakegu. Madrildik edo Bartzelonatik etorritako jende askok bisitatzen gaitu. Frantziatik etorritako turisten etorrera ere oso nabaria da. Turista frantsesak merkataritza, denda eta gastronomiaren bila etortzen dira batez ere.

Zer interesatzen zaie gehien Irunera datozen turistei?
Turistek, Irunera iristen direnean, orokorrean galdetzen dute zer ikus dezaketen. Askok erromatar museoa, Plaiaundiko padurak edo Aiako Harria Parke Naturalaren berri dute bulegora iristen direnerako. Gainera, turista askok Hondarribiari eta Donostiari buruz galdetzen digute.

Irun itzalean gera daiteke inguruko hirien erruz?
Itzalean baino gehiago esango nuke hiri guztiek inguruko hirien tiraldia aprobetxatzen dutela. Azken batean, ezagutzera emateko modu bat da. Adibidez, Hondarribira joaten den jendea askotan Irundik pasatzen da edo Donostiara joaten den jendea batzuetan Irunera hurbiltzen da. Elkarreraginean oinarritutako harremana da. Beste askok Irunen hartzen dute ostatu inguru hurbileko hiriak bisitatzeko. Gainera, Irun puntu estrategikoa izan daiteke Iparraldea ezagutu nahi duen jendearentzat. Azkenean, harreman horrek denoi egiten digu mesede.

Irun mugatik gertu egoteak bisitariak erakartzen laguntzen du?
Bai, hori da. Alde batetik, merkataritzak sortzen duen erakarpena dela eta. Bestalde, Done Jakue bidearen hasierako hiria da. Hori dela eta, Irun hiri erakargarria da mugaren beste aldeko bisitarientzat.

Bada hiria ezagutu ostean turistak harritzen dituen zerbait?
Alde batetik, Irun berdeak ematen die atentzioa. Ez dute espero padurak edo parke natural bat hain gertu izatea. Izan ere, jende askok Irun merkataritza edo industria gune batekin lotzen du.

Zer informazio mota eskaintzen diezue turismo bulegotik?
Azkenaldian naturari buruzko informazio asko eskatzen dute. Hori dela eta, Aiako Harrietako bidezidorren liburuxkak oso harrera ona du.

Turismo bulegoak zerbitzu interesgarriak eskaintzen ditu Irungo herritarrentzat?
Hiriko jendea, askotan, Irungo turismo bulegora dator Amaia Kultur Zentroko sarrerak erostera edo eskura dituzten kultur jarduera guztiei buruzko informazioa jasotzera. Gu arduratzen gara Amaia aretoan antolatzen diren ikuskizunetako sarrera eta gonbidapen guztiak saltzeaz edo banatzeaz. Hori urte osoan egiten dugun lanaren zati garrantzitsu bat da.

Zer gomendatzen duzu uda honetan bisitatzea?
Irunen egiteko gomendio interesgarri bat Oiasso museotik eskaintzen duten Zirkuitu erromatarra izan daiteke. Horrez gain, Irugurutzetako labeak eta meategiak bisitatzeko ibilaldi gidatua eskainiko dute. Museotik bertatik eskaintzen diren ibilaldi gidatuak dira, eta uste dut Irungo jendearentzat bi aukera interesgarri izan daitezkeela, askotan ezagutzen ez dituztenak.

Zein da turismo bulegoaren ordutegia uda honetarako?
Irungo turismo bulegoa astelehenetik larunbatera 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 19:30era egongo da zabalik. Igandeetan, 10:00etatik 14:00etara. Ordutegi hori izango du uda osoan zehar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude