Tokiko Gobernu Batzarrak berriki onartu du gizarte-larrialdietarako laguntzen eta laguntza berezien 2021eko aurrekontua. Horiek dira Udalak kudeatzen dituen bi prestazio-programa nagusiak, herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko.
«Gizarte-larrialdiko laguntzek eta laguntza bereziek osatzen dute Gizarte Zerbitzuek irundar familiei laguntzeko duten ildo nagusietako bat. Iaz aurrekontua indartu genuen, pandemiaren ondoriozko beharrak arintzen saiatzeko, alarma-egoera indarrean jarri zenetik oso presente izan dugun oinarrizko premisa baten arabera, betiere: gizarte-arreta mantentzea kolektibo zaurgarrienak eta laguntza ekonomikoen kudeaketa lehenetsita. Aurten, krisiaren ondorioak ikusirik, ezin genuen gutxiago egin», adierazi du David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak.
Horrela, hasiera batean 1.256.507 € bideratu dira gizarte-larrialdietarako laguntzen (GLL) aurrekonturako. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ditu eta Udalak kudeatzen ditu, baina nabarmendu beharra dago azken urteetan Gizarte Ongizateko arloak udal-funtsekin osatu behar duela programa, Eusko Jaurlaritzak jarritako zenbatekoa urtea amaitu baino lehen agortzen baita. Hori dela eta, GLLetarako partidan udal-funtsetako 135.000 € sartu dira 2021 hasieratik.
Iaz bertan, Udalak bere funts propioekin osatu zuen Eusko Jaurlaritzak GLLen kontzeptuan gure hirira bideratu zuen aurrekontua. Horrek esan nahi du GLLen ondorioz aktibatutako 1,1 milioi eurotatik, 60.626,30 Irungo Udalak jarri zituela ekitaldi horretan. Hiriko 655 familiak/etxebizitzak jaso zituzten laguntza horiek, eta arloak, beraz, 1.419 laguntza kudeatu zituzten (familia batek laguntza bat baino gehiago jaso dezake). Aipatzekoa onuradun guztietatik 2020 adinekoak izan zirela. Pandemiaren ondorioz, COVID-19ari lotutako laguntzak eman ziren, behar berriei aurre egin ahal izateko: mantenua, arrakala digitalari aurre egiteko ekipamenduak erosteko laguntzak (ordenagailuak/interneteko sarbidea), edo maskarak erostekoak.
Laguntza bereziei dagokienez, Irungo Udalak finantzatzen ditu guztiz, GLLen bidez edo diru-sarrerak bermatzeko errentaren bidez konpon ezin daitezkeen beharrei aurre egiteko. Tokiko Gobernu Batzarrak 142.000 euroko aurrekontua onetsi zuen 2021erako, hau da, iazko kopuruaren oso antzekoa. 2020an, 289 familiak/etxebizitzak jaso zituzten laguntza horiek.
Guztira, GLLen eta laguntza berezien datuak batuta, 1.398.507 euroko aurrekontua dago eskuragarri. Horri dagokionez, David Nuñoren hitzetan, «hilabetez hilabete laguntzen bilakaera aztertzen goaz eta, gehiago behar izanez gero, Irungo Udalak badu gaitasuna programa horiek zabaldu eta behar horiei erantzuteko, gure konpromisoa baita familia guztiei laguntza ematea eta bakar bat ere atzean ez uztea».
Gizarte-laguntzen muina osatzen duten bi laguntza horiei pandemiaren ondoriozkoa den beste bat ere gehitu behar zaie, kontziliaziorako laguntza osagarriak, hain zuzen. Iaz, udalekuak bertan behera geratu ondoren, haurrentzako beste jarduera batzuk bilatu behar izan zituzten familiei zuzenduta daude. Laguntzak, tartearen arabera, 75 eta 200 euro artekoak izan dira, bizikidetza-unitateko. Deialdi horretako aurrekontua 100.000 eurokoa izan zen.