Irungo Udalak animalia abandonatu eta/edo zaurituak artatu eta kontrolatzeko zerbitzua sendotuko du

Otsailean egindako bileran, Tokiko Gobernu Batzarrak bide publikoan dauden animaliak jaso, ostatatu eta zaintzeko zerbitzuaren kontratazioa lizitatzea onartu zuen. Orain arte, Udalak Udaltzaingoaren bidez egin ditu lan horiek, bide publikoan dauden animalia abandonatu eta/edo zaurituak jaso eta artatzeko nagusiki. Horretarako, badu animaliei ostatu emateko zentro bat, zaintza eta albaitaritza zerbitzuak ere ematen dituena.

Cristina Laborda ordezkariak azaldu duenez, kontratazio berriak “hobekuntza batzuk dakartza. Baliteke zerbitzua oso ezaguna ez izatea, baina, egia esan, egiten duen lana nabarmentzeko modukoa da, eta baliabide ugari jartzen ditugu zaurgarritasun egoeran edo zaurituta dauden edo abandonatuak izan diren animalientzat. Inork ez du nahi horrelako egoerarik jazotzea, baina, gertatzen bada, Udalak erantzun egiten du”.

Kontratu berriari esker, animaliak jasotzeko zerbitzua eguneko 24 orduetan ematea bermatuko da, eta, horretarako, enpresa esleipendunak arreta etengabeko emateko telefono bat izan beharko du; egunez, 30 minutuan erantzun beharko du gehienez, eta, gauez, 22:00etatik 08:00etara bitartean, 60 minutuan gehienez; alde horretatik, gauez zerbitzu egiteko eskaerek animalia oldarkor edo zaurituen ingurukoak izan beharko dute.

Berritasunen artean, indarkeria matxistaren biktima diren eta beren koiunturarengatik beren animaliak zaintzeko toki egokirik ez duten emakumeen animaliei aldi baterako ostatua emateko aukera eskainiko da.

Gogoan izan beharra dago zerbitzuaren barruan jasotzen diren animalia guztiei azterketa medikoa egiten zaiela eta albaitariak agintzen duen botika oro erabiltzen dela. Bada, animaliek lesio edo gaixotasun larririk badute, lehenengo 24 orduetan eman beharko zaie arreta. Azterketa arruntak, berriz, astean behin egin beharko dira gutxienez, salbu eta animaliek mikrotxipa eta/edo jabe ezaguna badute eta inongo lesio edo gaixotasunik ez badute.

Ordezkariak adierazi duenez, Udalak gure maskotak babesteko ematen dituen urratsetako bat da kontratu berria. Ildo horretatik, gaiaren inguruan kanpaina zibikoak sustatzeaz gain, Cristina Labordak gogorarazi duenez, Udalak animaliak adoptatzeko zerbitzua ematen du, zeina irisgarriagoa den udal webgunea berritu denetik. “Baliabide gehiago jarri, eta zerbitzua sendotu zen, animaliei denbora luzeagoan eman ahal izateko ostatu; izan ere, ordura arte, 30 egun bakarrik egon zitezkeen. Txakurrik ez sakrifikatzea lortu nahi dugu”.

Berritasun hori azken urteetan ezarria zen, urtean 24.999,96 euroan. Bide publikoan dauden animaliak jaso, ostatatu eta zaintzeko zerbitzuaren urteko aurrekontua, berriz, 74.946 euro da. Bada, bi zenbateko horiek gehituta, guztira, Udalak 100.000 euro inguru jartzen ditu urtean animaliak artatu eta babesteko kontratuetarako.

Alor honetan eman da beste aurrerapausorik: animaliak babesteko udal ordenantzaren aldaketa. Zirriborroa datozen hilabeteetan prestatzea espero da, eta, haren bidez, besteak beste, hirian animaliak babestu eta edukitzea arautzen duen araudi osoa eguneratuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude