David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak prentsaurreko batean azaldu ditu gaur goizean Irungo Udalak boluntariotza sustatzeko abiatuko duen kanpainaren nondik norakoak. Ekimena abenduko bigarren hamabostaldian hasiko da. Jarduera Irungo hirugarren sektore sozialaren inguruko azterlanean jasotako gomendioei jarraikiz antolatu da. Azterlnak ondorioztatu du boluntario gehiago behar direla gizarte-zerbitzuen eskariak izan duen gorakadari aurre egiteko.
David Nuñok adierazi duenez, «Hirugarren sektoreko erakundeek egiten duten gizarte-lanaren balioa kalkulaezina da, hein batean edo bestean egunerokoan eragiten diguten arazoez arduratzen dira eta». Sarritan ikusten ez den lana da, baina besteak laguntzeko beren denbora ematen duten pertsonei esker egiten da. «Alabaina, azken azterlanean zenbait behar hauteman ziren; horien artean, laguntzeko prest eta laguntzeko moduan dauden pertsona gehiago lortzea. Horrela, hirugarren sektorearen beharrei hobeto erantzungo diegu», nabarmendu du Nuñok.
Hirugarren sektore soziala osatzen dute herritarrek sustatutako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek, eta interes orokorra eta pertsona guztien giza eskubide guztiak sustatzen dituzte, batik bat ahulenei dagokienez. Erakunde horien oinarri sozialaren gehiena boluntarioek osatzen dute, baita eraginpeko gizon, emakume eta taldeek eta bazkideek eta soldatapeko profesionalek ere.
Irungo kasuan, elkarte-ehun sendoa du hiriak: 1.000 pertsona aritzen dira boluntario sektore horretan, gutxi gorabehera. 60 erakundek egiten dute gizarte-lana, oso heterogeneoak dira, eta askotariko kolektiboak dira onuradunak (emakumeak, etorkinak eta gutxiengo etnikoak, gizarteratzea, lankidetza, desgaitasuna dutenak, adinekoak eta herritarrak, oro har).
Kanpaina Irungo herritar guztiei dago zuzendua. Zenbait komunikazio-ekimen egingo dira gure eskualdeko boluntariotza sustatzeko. Askotariko euskarrien bidez, hirian dauden erakundeen berri emango da, bai eta eskura dauden aukeren berri ere.
Kartelak eta diptikoak argitaratu dira euskaraz eta gaztelaniaz. Inprimakiek QR bat izango dute, Irunen lan egiten duten gizarte-sektoreko erakundeen zerrendarekin. Horrez gainera, irratiko iragarkiak emango dira, kartelak jarriko dira kalean, sare sozialetan eragingo da eta David Nuño ordezkariak gutun bat igorriko die gure hiriko hirugarren sektore sozialeko erakundeei, Irungo Udalaren Gizarte Ongizate arloak boluntariotza sustatzeko abiarazitako kanpaina hau ezagut dezaten. Kanpaina abenduaren 12tik 23ra luzatuko da, eta aurrekontuen zuzenketa baten ondoriozkoa da.