Irungo Udalak familiak eta adingabeak laguntzeko hainbat zerbitzu martxan ditu

Cristina Laborda Gizarte Ongizateko ordezkariak gurasoei eta adingabeei laguntzeko Irungo Udalak eskaintzen dituen programez hitz egin du gaur goizeko agerraldian. Hirian urteetan eskaini diren ekimenak dira, eta berriz ere martxan jartzen dira ikasturte hasieran. Programa orokorren artean, aipamen berezia behar dute Gurasoekin eta Gazteekin programek, aurki jarriko baitira martxan, aldez aurretik izena emateko epea irekita.

Cristina Labordak azaldu duenez, Irungo Udalak ibilbide oparoa dauka gurasoei, nerabezaro betean dauden gazteei eta edonolako arreta behar duten haurrei laguntza ematearekin lotutako proiektuetan. Gizarte Ongizateko ordezkariak aipatu duenez, “aproposa iruditu zaigu, ikasturtea hasten ari den honetan, horiek berriz ere aipatzea, argi gera dadin zer garrantzi handia ematen diogun herritarrek behar dituzten tresnak eskaintzeari, askori sortzen zaizkien galderak, zalantzak edo kezkak argitzeko, hala nola hezkuntzari, ongizate orokorrari edota osasun mentalari berari buruzkoak”.

Programa guztiak doakoak dira, eta eskatzaileen beharren arabera egokitzen dira. Horrela, programa generiko zabalen ondoan, espezifikoagoak diren beste batzuk ere badaude eta, beharrezkoa bada, baliabide osagarriak ere aktibatzen dira, bazterketa-arriskua dagoenean.

Gurasoekin

Programa hori guraso talde txikien bidez egiten da; talde horiek astean edo hamabostean behin biltzen dira Palmera Monteron. Lantalde profesionala sei adituk osatzen dute. Psikologoak edo psikoterapeutak dira, eta eskarmentua dute taldeekin eta familiekin lan egiten. Taldeak osatzeko, haurren adina eta familien beharrak hartzen dira kontuan.  Bost talde hamabostean behin biltzen dira. Horrela, bakoitzak 12 saio egiten ditu ikasturtean zehar, eta seme-alabek duten adinaren arabera antolatzen dira, 0 urtetik 18 urtera. Beste bi taldeak, berriz, astero biltzen dira, eta laguntza handiagoa behar duten gurasoei zuzentzen zaizkie. Aurten 0 eta 2 urte arteko haurrak dituzten familientzako talde bat ere osatu da, haurtxoak hazteko laguntza jaiotzatik bertatik emateko.

Programa horrek gurasotasun positiboa sustatzen du. Horretarako, familien lotura afektiboak indartzen ditu, eta seme-alaben haziera egokirako mugak ezartzen laguntzen du, indarkeriarik erabili gabe eta haurren eskubideak errespetatuta. Helburu horiekin, askotariko gaiak lantzen ditu Gurasoekin programak: familian komunikazio positiboa indartzea, enpatia gaitasuna sustatzea, bulkadak eta autokontrola erregulatzea, gatazkak konpontzeko estrategiak egitea, haurren adinerako egokiak diren arau eta muga koherente eta egokiak jartzen ikastea eta gurasoek muga horiek egoki zaintzeko prestatzea.

Laburbilduz, prebentziozko baliabide psikoedukatiboa da, eta familiako kide guztien garapena sustatzen du. Irungo Udala jakitun da familiei laguntzeko erantzukizun publikoa duela, eta Gurasoekin programaren alde egiten jarraitzen du. 29 urte bete ditu dagoeneko, baina planteamenduak eta dinamikak eguneratuz joan dira.

Gazteekin

Esku-hartze psikoedukatiboko programa hau 12 eta 17 urte arteko nerabeei zuzendua dago, eta bizitzarako gaitasunetan trebatzean datza. Doakoa da hau ere, eta bilerak Palmera Monteron egiten dira, ostegun arratsaldean. Programak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) formulatutako nazioarteko ekimen bat du inspirazio-iturri, eta askotariko hamar trebezia sustatzen ditu. Horiei esker, nerabeak eta gazteak prestatuago daude egungo munduak dakarzkien erronkei aurre egiteko.

Hauek dira bizitzarako beharrezko hamar trebeziak: norbere buruaren ezagutza, enpatia, komunikazio asertiboa, pertsonen arteko harremanak, erabakiak hartzea, arazoak eta gatazkak kudeatzea, sormenezko pentsamendua, pentsamendu kritikoa, emozioak eta sentimenduak kudeatzea eta tentsioak eta estresa kudeatzea.

Gazteekin programako bi taldeak astero biltzen dira azarotik maiatzera, 75 minutuko iraupena duten saioetan. Haurtzaroan eta nerabezaroan espezializatutako psikologo batzuek koordinatzen dituzte taldeak. Talde batean 12 eta 14 urte arteko nerabeak daude, eta zenbait gai lantzen dituzte hiruhilekoka: komunikazioa eta pertsonen arteko harremanak, emozioen eta sentimenduen kudeaketa eta arazoak konpontzeko moduak. Bigarren taldea 15 eta 17 urte arteko nerabeek osatzen dute, eta bertan hausnartu egiten dute eta esperientzien berri ematen diote elkarri. Gai batzuk parte-hartzaileen interesen arabera aukeratzen dira, eta beste batzuk, aldiz, koordinatzaileek proposatzen dituzte, taldean bertan identifikatzen dituzten kontuetan oinarrituta (asertibotasuna, enpatia, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak, berdinen arteko laguntza-harremanak, gatazkak ebazteko estrategiak…).

Bi programetako edozeinetan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute https://www.irun.org/ webgunean edo 010 edo 943505152 telefonoetara deituta, irailaren 15etik urriaren 15eraino. Plazak mugatuak dira, eta izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira. Gizarte Ongizate arloaren 2022ko memorian jasotzen denez, iaz 115 lagunek hartu zuten parte bi ekimen horietan.

Ingurune irekia

Ordezkariak izaera generikoagoa duen beste programa bat ere aipatu nahi izan du, «auzoetan ezaguna da, eta aurrekoak bezain garrantzitsua da nolabaiteko beharren bat duten gazteei laguntzeko». Cristina Laborda Irungo 11 eta 17 arteko gazteei zuzendutako Ingurune Irekiko hezkuntza programaz ari zen. Haur eta nerabeei zuzendutako arreta eta esku-hartze sozioedukatiboko zerbitzu komunitario bat da, eta komunitatean integratzeko beharrei eta beste testuinguru batzuei erantzuten die.

Deskarga kaleko Udalaren lokal batetik koordinatzen dute arduradunek jarduera guztia, baita esku-hartzeak ere. Lana kalean eta kirol-ekipamenduetan egiten da nagusiki, ikastetxeekin koordinatuta. Iaz, Ingurune irekiko hezitzaileek mila nerabe ingururekin egin zuten lan, banako zein taldeko proiektuetan.

Zerbitzu pertsonalizatua

Irungo Udala gure udalerriko haur eta nerabeen babesa bermatzeaz arduratzen da. Horregatik, adingabeen garapen pertsonala edo soziala kaltetzen duten arrisku-egoeretan esku hartzen da. Iaz 242 familiarekin lan egin zen.

Lan horretarako, Gizarte Ongizateko sailak 4 profesional ditu, gizarte-langileak, egoera horretan dauden familiekin soilik lan egiten dutenak, udalean dauden baliabideak eta laguntza-zerbitzuak abian jarriz. Erabilitako laguntza-baliabideetako bat familia bakoitzarekin banaka lan egiten duten profesional, psikologo eta gizarte-hezitzaileen talde bat da, adingabeei familia-testuinguru seguruagoa eskaintzeko beharrezko aldaketa bultzatuz, bizi izan dituzten esperientzia traumatikoak landuz eta abar. Iaz 108 familiak jaso zuten esku hartzeko baliabide zehatz hori, borondatez eta doan.

Antzemandako egoerak oso larriak direnean, udaleko gizarte-zerbitzuek Foru Aldundiari jakinarazten diote kasua, bera baita horretarako eskumena duen administrazioa.

Eskolako prebentzioa

Amaitzeko, Cristina Labordak esan du ezinezkoa litzatekeela esku-hartze komunitarioko zerbitzuak egiten duen lan guztia ulertzea ikastetxeetako prebentzio-proiektuak aipatu gabe. Proiektu horien bidez lantzen da, besteak beste, nola prebenitu adikzioen ondorio negatiboak gazteen artean eta nola erabili teknologia berriak arduraz, eta haurrak sentsibilizatzen dira, osasuneko eta ongizateko oinarrizko ohiturak har ditzaten. Ekimen horiek urrian jarriko dira berriro martxan. Gizarte Ongizate arloaren 2022ko memorian jasotzen denez, iaz 3.806 lagunek hartu zuten parte ekimen horietan.

Aurrekontua

Aurrekontuari dagokionez, Udalak milioi erdi euro baino gehiago bideratzen du programa horietara: Gurasoekin, Gazteekin eta Ingurune irekia programek 300.000 euro inguru hartzen dute, arrisku-egoeran dauden adingabeen zerbitzu psikoedukatiboak, 200.000; eta 50.000 euro inguru bideratzen dira eskola-prebentziora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude