Irungo Udalak Gabonetan hiria eta merkataritza biziberritzeko asmoz antolatzen ari den Gabonetako kanpaina bereziaren planak azaldu ditu. Merkataritza Mahaiarekin batera antolatutako programazioa da. Aurkezpenean, udal ordezkariez gain, Bidashop, Mugan eta Denok Bat elkarteetako ordezkariek, bai eta Ficoba azokaguneko ordezkariek parte hatu dute.
José Antonio Santano alkateak horrela deskribatu du proiektuaren helburua: “Xedea hiria biziberritzea da, bai eta une zailak bizitzen ari diren sektoreei babesa ematea ere, hala nola merkatari txikiei eta ostalariei”. Horrela, pandemia egoera ahaztu gabe, eta beharrezko segurtasun neurri guztiak kontuan izanda, inoiz ez bezalako programazio iragarri da.
Irungo Gabonetan ohikoak ziren jardueren espiritua berreskuratu nahi da : izotz gainean patinatzeko pista, atrakzioak eta kaleko animazioa. Aurten, ordea, formatu berrituan eskainiko da, eta aurrekontua bikoiztu egingo da. Izotz-pista Ficoban kokatuko da eta izotz sintetikoko Espainiako instalaziorik handienetako bat izango da, 1.000 m2 ingurukoa. Helburua da pista hori elementu erakargarri bat izatea irundarrentzat baina baita Euskadiko eta Frantziako herritarrentzat ere, instalazio ezin bereziago bat izango baita. Hortik aurrera, bisitariak hiri osoan programatu diren gainerako jardueretara joan ahalko dira, eta egun berezi batez gozatu ahalko dute Irunen erosketak egiteko edo aisialdirako.
Tokiko merkatari eta ostalarien Gabonetako merkatua indartu egingo da postu gehiago jarrita, hau da, hogei bat postu. Aurten ere Zabaltza plazan izango da, 2020ko edizioak izan zuen harrera ona ikusita. Iaz bezala, argiztapen berezia eta berritua izango du, Gabonetako argietarako aurrekontua aurreko urtekoaren bikoitza izango delako.
Ibilbide bat Irundik barrena
Horrez gain, jende guztiarentzako proposamenak egongo dira: txirrista erraldoi bat Pio XII plazan, 2017an jarri zenaren antzekoa, eta Gabon kutsuko beste instalazio bat Sarjiako parkean, herrixka txiki bat, hain zuzen ere. Hiriko puntu desberdinetan jarriko dira, eta asmoa da Gabonetako giroa hiri guztira zabaltzea eta ibilbide bat sortzea familia guztiarentzako proposamen horiek lotuz: Ficoban hasi eta Sarjiara, Zabaltzatik eta Pio XII.etik pasatuta. Haurrak izango dira protagonistak, haientzat pentsatutako ekimenekin. Gainera, familia eta lana uztartzen lagunduko dute eta bateragarri egingo dute haurrek gozatzea eta tokiko establezimenduetan egitea Gabonetako erosketak.
Nabarmendu behar da, horrez gain, urtero bezala kaleko animazioa izango dela, oraindik definitu gabe dauden ekitaldi ibiltariekin. COVID-19aren bilakaeraren araberakoak izango dira, eta hiriko merkataritza-eremuak dinamizatzeko balioko dute. Programazio horrekin batera, kultur agenda sendo bat izango da hiruhileko osoan, urritik hasita eta Gabonetako programaziora iritsi arte. Musika eta antzerkia izango dira kultur agenda berezi horretako protagonistak.