Irungo Udalak genero indarkeriaren kontra sentsibilizatzeko kanpaina abiatu du

Astelehen honetan egindako prentsaurreko batean, Berdintasuneko ordezkari Miren Echevestek Irungo Udalak genero indarkeriaren kontra sentsibilizatzen jarraitzeko abiatu duen kanpaina aurkeztu du.

“Zoritxarrez, azkenaldian, gure gizartearen gaitz hau kementsu gaitzesteko premia plantearazi zaigu berriro ere. Joan den hilabetean, indarkeria sexistaren kontrako erakunde arteko arreta protokolo berria onartu zen, eta, gaurtik aurrera, prebentzio eta kontzientziazio lanean beste pauso bat emango dugu Irunen: herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina sendo bat jarriko dugu martxan, hainbat euskarritan, sare sozialetan zein kanal tradizionaletan. Betiere, helburua bakarra da: emakumeen kontrako indarkeriaren adierazgarri diren jarrera guztien kontra egitea, gure erabateko arbuioa merezi baitute”, azaldu du Miren Echevestek. 

Imago agentziarekin batera diseinatu da kanpaina, eta Genero Indarkeriaren kontrako 2017ko Estatu Itunak finantzatu du, zeina mugarria izan den botere publikoek genero indarkeriaren adierazpen guztiak desagerrarazteko esku hartzeko. Irunen, aste honetan jarriko da martxan ekimena, eta, ekainean eta uztailean barrena, zenbait jarduera egingo dira; gero, udazkenean, berriro helduko zaio, Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren inguruan, zeina azaroaren 25ean ospatzen den.

Horrela, ekainaren 14tik aurrera, kanpainaren irudiak ikusiko ditugu, zenbait jardueraren bidez: edukiak argitaratuko dira sare sozialetan; flyerrak banatuko dira zenbait udal lokaletan, hala nola gaztelekuan eta Gazteak Informatzeko Bulegoan (CBAn); iragarkiak emango dira irratian; eta atal berezi bat argitaratuko da udal aldizkarian. Edukiek eguneroko bizitzan lagunartean eta bikote harremanetan sor daitezkeen jarrera negatiboetan jarriko dute arreta, haiek azaleratzeko eta errazago detektatzen laguntzeko eta haien kontra egiteko. Sare sozialetan, honako hau izango da leloa: “Kontrolatzea ez da maitatzea”.

Bigarren jarduera multzoa azaroaren 2tik 30era bitartean egingo da; batez ere, kalean: banderatxoak jarriko dira, kartelak jarriko dira markesinetan eta bide publikoko beste elementu batzuetan, errotuluak jarriko dira autobusetan, kartelak banatuko dira saltokietan eta flyer gehiago banatuko dira udal instalazioetan. Azaroaren 25aren inguruan, gainera, beste jarduera batzuk egingo dira, urtero egiten direnak, hala nola puntu morea jartzea eta Irun Beldur Barik programa aurrera eramatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude