Irungo Udalak Gordailuan utzi ditu Menchu Galen obrak

Jose Antonio Santano alkatea eta Harkaitz Millán Kultura diputatua Irungo Gordailua zentroan izan dira gaur goizean, Menchu Gal margolariaren 40 margolanen gordailua iragartzeko. Margolanak udalarenak dira, margolariarekin berarekin 2007an egindako akordio baten ondoren eskuratu baitzituen hiriak.

Koadroak Udalaren egoitzan zeuden orain arte, eta hemendik aurrera Gordailuan, Ondare Bildumen Zentroan, egongo dira aldi baterako, hasiera batean 5 urterako, Foru Aldundiak zaindu eta gorde ditzan. Azken asteetan mihiseei tratamendua egin zaie, ahalik eta hobekien kontserbatuko direla bermatzeko.

Gogoratu behar da Gordailuak, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak (Auzolan 4, 20303 Irun), Gipuzkoako kultur ondarea babestea duela helburu, Foru Aldundiaren bilduma eta lurraldeko bilduma publiko eta pribatu nagusiak zainduz eta kudeatuz, eta, horretarako, bilduma horiek zaintzea, ezagutzea, erabiltzea eta herritarrengana iristea bermatzen duela, bikaintasun, koordinazio eta hurbiltasun zerbitzuaren bidez.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako material arkeologikoak eta paleontologikoak gordetzeko izendatutako zentroa da Gordailua. Era berean, Gipuzkoako museoetarako baliabide zentroa da Gordailua.

Menchu Gal, artista aitzindaria

Menchu Gal (Irun, 1918ko urtarrilaren 7a ? Irun, 2008ko martxoaren 12a) XX. mendeko espainiar margolari handienetako bat izan zen. Paisaia eta erretratua dira fama handiena eman dioten generoak, eta haietan garatu zuen bere muturreko koloreekiko erakarpen berezi hura.

Menchu Gal Irunen (Gipuzkoa), bere sorterrian, hasi zen arte plastikoetan, eta Montes Iturrioz margolariaren ikasle izan zen hirian. Gero Parisera joan zen ikasketak zabaltzeko, eta ondoren Madrilera joan zen bizitzera, San Fernandoko Arte Ederren Akademiako klaseetara joateko. Han, Arteta eta Vázquez Díaz bezalako maisuengandik ikasi zuen, baina 1936ko Gerra Zibilak berriro Frantzian babestera behartu zuen.

Berrogeiko hamarkadaren hasieran, Espainiako hiriburura itzuli zen, eta Madrilgo Eskola delakoan hartu zuen parte. 1959an, Pinturako Lehen Sari Nazionala irabazi zuen lehen emakumea izan zen, “Arraiozko paisaia” lanarekin. Arte aintzatespen hura mugarria izan zen bere ibilbide artistiko bikainean.

2005ean Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eskutik, eta 2006an, berriz, Irun Hiriko urrezko domina Jose Antonio Santano alkatearen eskutik. Irunekin etengabeko lotura izan zuen beti, bai eta jendearekiko eta ohiturekiko atxikimendua ere. Irunen eman zituen bere azken urteak.

2006.urtean, Menchu Galek Irungo Udalarekin adostu zuen 40 lan hiriari lagatzea, bere obraren zati bat erakusteko konpromisoarekin, Irungo etorkizuneko belaunaldiek beren lanaren eta espiritu ireki eta independentearen berri izango zutela bermatzeko.

Halaxe sortu zen Bidasoko pinturari eskainitako gunea sortzeko ideia, bere margolari nazioarteko eta nabarmenenetako baten irudia eta eskuzabaltasuna aintzat hartuko dituena. Urdanibiako Antso Jauregia aukeratu zen, Irungo Alde Zaharreko izen bereko plazan. 2010eko urtarrilaren 22an inauguratu zen Menchu Gal aretoa.

Hain zuzen ere, joan den urtea izan zen Menchu Galen bildumako koadro batzuk ikusteko aukera izan genuen azken aldia, haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zen eguna.

Menchu Gal 1919-2019. Margotzeko bizi, bizitzen margotu erakusketa 2020ko urriaren 11tik urtarrilaren 19ra egin zen eta Menchu Gal Fundazioarekin elkarlanean antolatu zen. Udan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin zena osatu zuen Irungo erakusketak. Katalogo bateratua izan zuten bi erakusketek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude