Irungo Udalak hiriko aterpe klimatikoen mapa sortuko du

Aurreikuspenen arabera, klima aldaketa dela-eta, beroaldien maiztasun eta intentsitatea gero eta handiagoa izango da. Horregatik, Irungo Udaleko Hirigintzako eta Garapen Jasangarriko Arloak aterpe klimatikoen mapa bat sortzea proposatu du, irundarrei ezagutarazteko hirian non babestu daitezkeen muturreko fenomeno meteorologikoetatik. Hain zuzen ere, 2024ko aurrekontuen esparruan onartutako zuzenketa baten emaitza da proposamena.

Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek nabarmendu du zer garrantzitsua den aterpe klimatikoen mapa bat sortzea: “Gehiegizko bero iraunkorrak heriotza tasak handitzea eta gaixotasunak areagotzea dakar, eta, hori dela eta, Irungo Udalak egoerari aurrea hartu nahi dio, eta herritarrak babestu; bereziki, beren egoera sozioekonomikoagatik, beren osasun egoeragatik edo beren adinagatik tenperatura altuen ondorioak gehiago pairatzen dituzten pertsonak: adinekoak, haurrak eta etxegabeak”.

Aterpe klimatikoak naturan edo hirian eguraldi txarretik, gehiegizko berotik zein gehiegizko hotzetik, babesteko berezko ezaugarriak dituzten guneak dira.

Bada, honako hauek dira horrelako aterpeen sarearen eta berau osatzeko prozesuaren helburuak:

  • Irungo aterpe klimatikoen mapa osatzea, kanpoaldeko lekuak eta eraikin publikoak zein pribatuak bilduta
  • Jakitea non babestu daitezkeen herritarrak eta, bereziki, herritarrik zaurgarrienak muturreko tenperaturetatik eta zer ezaugarri/arau dituen aterpe klimatiko bakoitzak
  • Jakitea zer neurri hartu ditzaketen herritarrek eta, bereziki, herritarrik zaurgarrienek beroaldietatik babesteko
  • Sarea osatzen duten eragile eta pertsonen arteko harremanak eta koordinazioa sustatzea

Aterpe klimatikoen mapa osatzeko, aztertuko da zer lekuk osa dezaketen eta ea lekuok egokiak diren, eta, horretarako, aurrez finkatutako irizpide batzuk hartuko dira oinarri, hala nola edukiera, muturreko beroaldietan mantendu dezaketen tenperatura, ekipamendua (komunak, atsedenlekuak, iturriak…) eta doakotasuna.

Irungo Udalak bere ustez aterpe klimatikotzat hartua izateko baldintzak betetzen dituen kanpoaldeko zein barnealdeko ekipamendu publikoa jarriko du proiekturako, eta baldintza horiek betetzen dituzten titulartasun pribatuko leku eta/edo eraikinak sarean sartzera gonbidatuko ditu.

Horrela, herritarren inplikazioa sustatuko da, eta irundar guztien beharrei erantzuteko aterpe nahikoak izatea bermatuko da, bizilekua, adina edo maila ekonomikoa direnak direlakoak ere. Hau da, Udalaren helburua lortuko da: inor ez gelditzea atzean.

Proiektua bukatzen denean, aukeratutako aterpe klimatiko guztiak eta berauen ezaugarri nagusiak jasotzen dituen mapa bat osatu eta argitaratuko da, irundarrek nahi dutenean kontsultatu ahal izan dezaten informazioa. Gainera, muturreko beroaren ondorioak arintzeko eta haren kalteak ez pairatzeko jarraibideak emango zaizkie herritarrei.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude