Irungo Udalak Mugikortasun Jasangarriaren Asteaz bizikletaz gozatzeko gonbidapena luzatu du

Mugikortasuneko eta Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek astelehen honetan aurkeztu ditu Mugikortasun Jasangarriaren Astean hirian egingo diren jarduerak. Hainbat ekimen antolatu dira datozen egunetarako, “Zure osasunaren alde, mugitu modu jasangarrian” goiburua dutenak.

“Mugikortasun jasangarria geratzeko etorri da, baina horrek ez du kentzen egun hauek iristen direnean –gainera, uda amaitu eta ikasturtea hastearekin batera–oinez, bizikletaz edo garraio publikoan mugitzeak dituen abantailei buruz sentsibilizazio-mezuak berritzea.  Horien artean, jakina, osasuna, aurtengo leloak dioen bezala, eta ahaztu gabe klima-aldaketaren ondorioen aurka borrokatzen jarraitu beharra daukagula gizarte gisa”, adierazi du Borja Olazabalek.

Jarduera gehienak aste honen amaieran egingo dira, baina lehenengoak ostegunetik aurrera hasiko dira, ohiko ttipi-ttaparekin. Igandean, jarduera pila bat egingo da Zabaltza plazan, eta Colon ibilbidea, erdialdean, oinezkoentzat eta txirrindularientzat izango da. Era guztietako ikusleentzako proposamenak izango dira, eta, asmoa da mugikortasun jasangarrirako moduak modu atsegin eta dibertigarrian egitea.

Aipagarriak dira, besteak beste, bizikleta-martxa bat Irundik barrena eta mugikortasunari buruzko azoka bat. Horrez gain, doako hainbat ekimen ere badira bizikleta doitzen edo garraiobide horretan galtzadan goazenean seguruago ibiltzen ikasteko. Honako hau da ekitaldi-programa:

Osteguna (16) eta asteartea (21)

  • Tipi-Tapa.-

Irungo adinekoentzako programa. Irungo Udala, Irun Erdialdeko Osasun Zentroa, Dunboako Osasun Zentroa eta Eskualdeko Osasun Publikoko Unitatea arduratuko dira jardunaldi bakoitza antolatzeaz (erakunde bakoitzak hilean irteera bat). Gidari eta boluntarioek lagunduko dute ibilbidea egiteko.

Irteera eta helmuga: Luis Mariano Adinekoen Zentro Soziala.

Ordutegia: 10:00etatik aurrera, ordu eta erdi, gehienez ere.

Igandea (19)

  • Merca2dasoa (STTZ):

Mugikortasunari eskainitako azoka bereziaren III. edizioa (bizikletak, patinak, babestekoak eta ibilgailu horiek erabiltzeko gainerako elementuak).

Kokalekua: Zabaltza plaza.

Ordutegia: 12:00 – 19:00

Txingudiko Zerbitzuen web orriaren bidez aurretik hitzordua jarrita jasoko dira gero saltzeko diren bizikletak.

  • Energiaren alde pedalei eraginez:

Kokalekua: Colon ibilbidea.

Ordutegia: 10:00 – 13:00

Lau bizikleta ordenagailu batera konektatuko dira, eta bertan ibilbidea eta sortutako energia erakutsiko dira.  Saioen ondoren –Irunen ez ezik, Hondarribian eta Hendaian ere egingo dira– udalerri bakoitzak sortutako energia-tope bat metatuko da, eta bakoitzak zenbat energia sortu duen zenbatuko da. Partzuergoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kofinantzatutako ekimena da, bi erakundeen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan.

  • Segurtasuna bizikletan

Kokalekua: Colon ibilbidea.

Ordutegia: 10:00 – 13:00

Asmoa da jarduera honen bidez parte-hartzaileei erakustea bizikletaz seguru nola ibili edo istripuak hobeto nola saihestu. Recycl´Arte elkarteko teknikariek jarraibideak eta aholkuak emango dituzte errespetatu beharreko jokabideei buruz, eta derrigorrezko edo gomendatutako segurtasun-ekipamendua aurkeztuko dute. Era berean, istripu-arriskuak murrizteko zein portaera arriskutsu saihestu behar diren azaldu ahal izango zaie gidabaimena duten eta txirrindulariak ez diren bertaratuei.

  • Bizikleten diagnostikoa

Kokalekua: Zabaltza plaza.

Ordutegia: 16:00 – 19:00

Ekonomia zirkularra: bizikleta nork bere kabuz konpontzen ikasteko tailer bat da. Aldez aurretik izena eman beharrik gabe, parte-hartzaileak ekitaldira joan ahal izango dira beren bizikletaren egoera aztertzeko. Horretarako, aholkularitza eskainiko diete Balazta eta Recycl´Arte elkarteetako teknikariek. Zein elementu hobetu behar diren aztertu ondoren, zer konponketa edo doikuntza egin behar dituen aholkatuko diote interesdunari.

Azken bi jarduera horiek SMARTCLE proiektuaren esparruan egingo dira, POCTEFAk kofinantzatuta. Laguntzaileak, berriz, honako hauek: Syndicat des Mobilités du Pays Basque; Nouvelle Aquitaine – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdea; Hendaiako Tourisme Office, eta Irungo, Hondarribiko, Hendaiako eta Donibane Lohizuneko udalak.

  • Bizikleta-martxa Irunen barrena:

Irteera eta helmuga: Zabaltza plaza.

Ordutegia: 10:45

Asteazkena, hilak 22:

Bizi busa: Eskola-bidearen ekimenak bat egiten du eskolara bizikletaz joateko ibilbideen programarekin. Eguzkitza ikastetxeak hartzen du parte, eta bi ibilbide egingo ditu goizeko lehen orduan ikastetxera iristeko: bata, Euskal Herria hiribidetik barrena eta bestea, Nafarroa hiribidetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude