Irungo Udalak Oiassoko termen proiektua eguneratuko du

Irungo Udaleko Obra Arloak Oiasso Erromatar Museoaren atzealdeko termetako eraikinaren proiektuari buruzko xehetasun azterketa eguneratzeko lanak enkargatu ditu.

Obretako ordezkari Cristina Labordak azaldu duenez, “Udalak proiektu hau gauzatzeko interesa izan du betidanik, baina horretarako egin beharreko inbertsioa oso handia da: jatorrizko proiektua idatzi zenean, krisialdi ekonomikoan geunden, eta, orain, proiektua egungo egoerara egokitu behar dugu, eta alde ekonomikotik bideragarriagoa izan dadin lortu“.

Jatorrizko proiektuak termak estaltzea planteatzen zuen, eta, horretarako, beirazko erretikula estruktural batek eratutako ganga bat baliatzea. Proiektua 2’5 milioi eurokoa da, eta, balio kultural eta historikoa kontuan izanik, beste administrazio batzuek finantzaketan laguntzea da asmoa. Onartu berri diren lanen bidez, berriz, proiektua egokitzea da helburua, indarrean dagoen araudia betetzeko eta egungo jasangarritasun irizpideak eta azken hamarkadan arkitektura eta eraikuntza arloan sortu diren hobekuntzak aplikatzeko moduan.

Obretako Arloak gogorarazi duenez, 2015ean, Oiasso Erromatar Museoko termetako hondar arkeologikoen kontserbazioa hobetzeko lanak egin ziren; “izan ere, termetako proiektua gauzatzeko egin beharreko inbertsioa oso handia da, eta, proiektua zertzeko eta hondar arkeologikoak musealizatzeko moduan egon bitartean, hasiera batean esku hartu nahi izan genuen, termak ahalik eta baldintza onenetan kontserbatzeko. Gure hiriaren iraganeko hondar historiko oso garrantzitsuak daude hemen, eta ez dugu nahi denboraren joanak kalterik egin diezaion aztarnategiari”.

Jarduketa horren esparruan, 76.000 eurotik gorako inbertsioa eginda, egurrezko eta txapazko aurreko estaldura desmuntatu zen, eta haren ordez egitura berri bat jarri, zapatetan bermatutako altzairuzko profil eta pilareek eratutakoa. Berau eraikitzeko, arkeologia gaietan espezializatutako laguntza teknikoa eskatu zen, hondarrei kalterik ez egitea ziurtatzeko, eta muntaketa lan guztiak eskuz egin ziren. Gainera, termen inguruko ur bilketa hobetu zen.  Orain, proiektu eguneratua 2?5 milioi eurokoa da, eta, balio kultural eta historikoa kontuan izanik, beste administrazio batzuek finantzaketan laguntzea da asmoa.

Terma hauetan aurkitutako hondarrak Oiasso erromatarren kokalekua izan zelako adierazgarri dira, eta hiriko ondare historiko eta kulturalaren barruko gune nagusietako bat dira. Behar bezala zaintzeaz gain, Museoa berauek ezagutarazten saiatzen da, bisitatzen gaituztenei zein irundarrei beraiei, baita gazteenei ere, ahal denean antolatzen diren tailerren bidez“, adierazi du Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek.

Proiektua egokitzeko lanetarako aurrekontua 50.000 eurokoa da, eta ekimena Elkarrekin Podemos – Ezker Anitza taldearen zuzenketa baten emaitza da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude