Hilabete honetan ateak itxi behar izan dituzten ostalaritzako establezimendu guztiei zuzeneko laguntza ekonomikoa emateaz gain, Irun Aurrera planaren barruko neurri sorta baten bidez, sektoreak helarazitako beste eskaera batzuei erantzun zaie.
Ostalaritzako establezimenduen itxiera iragarri zenetik, azaroaren 5etik, hainbat bilera izan dira Udalaren eta sektoreko ordezkarien artean.
Gaur goizean, alkateak eta udal talde politiko guztietako bozeramaileek ostalaritzako eta jatetxeetako sektoreari laguntzeko neurriak aurkeztu dituzte. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 5eko Dekretuaren ondoriozko itxierak eragindako kalteak arintzeko erabaki dira aurkeztutako neurriak. .
Irun Aurrera pizgarri ekonomiko eta sozialak emateko planaren barruko beste pauso bat dira neurri berriak. Udalak joan den apirilean jarri zuen martxan Irun Aurrera plana, osasun krisialdia familien eta enpresa sarearen ekonomian izaten ari den ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko.
Aipatutako dekretuaren eta azaroaren 7an taberna eta jatetxeak itxi behar izanaren ondorioz, Udalak eta sektorea ordezkatzen duten elkarteek zenbait bilera egin dituzte, eta, bertan, sektoreko ordezkariek hainbat eskaera helarazi dizkiote Udalari. Bada, funtsean, egun hauetan, eskaera horietan lan egin da, eta sektoreak badu dagoeneko erantzunaren berri.
Zehazki, honako hauek dira hartutako neurri berriak:
- Izapideak arintzea.Udalari egindako eskaerari erantzunez, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak ostalaritza sektorearekin zerikusia duten gaiei lehentasunezko arreta emateko konpromisoa hartu da. Gainera, lehentasuna emango zaie ostalaritzako establezimenduetarako obra lizentzien eta baimenen eskaerei.
- Terrazak jartzeko leku berriak.Egindako eskaerari erantzunez, bide publikoa okupatzeko aldaketa batzuk egin dira, eta gaur egun terrazarik ez duten establezimenduek terrazak jartzeko aukera eman da. Horretarako, beharrezkoa bada aparkatzeko lekuak kentzeko aukera ere eman da, ibilerraztasuna eta segurtasuna bermatzen bada betiere.
- Terrazen 2020ko tasa ordaintzeko hobariak.Aurreko alarma egoera indarrean egon zen bitartean, establezimenduek terrazen kontura bide publikoa okupatzeko ordaintzen duten tasaren % 95eko hobaria ematea onartu zuen Irungo Udalak, eta aste honetan egingo zaizkie ordainketak tasa ordaindua zuten taberna eta jatetxeei. Ildo beretik, 2021eko tasaren % 75eko hobaria emango zela iragarri zen; bada, establezimenduek itxita jarraitu behar badute, baliteke hobari hori berrikustea.
- Uraren eta zaborraren tasak.Aurreko alarma egoera indarrean egon zen bitartean, eskatzen zuten establezimenduei bi hilabete ez kobratzea hitzartu zen Mankomunitatearekin. Bada, establezimenduak berriro itxi behar izan direla-eta, salbuespena eskatzeko epea luzatu da, eta bi kuotaren ordez hiru barkatuko dira.
- Komunikaziorako laguntza.Joan den astean, Udalak atal bat sortu zuen udal webguneko hasierako orrialdean, janaria etxera eramateko edo lokalean jasotzeko zerbitzua ematen ari diren establezimenduak bertan iragar daitezen eta, horrela, herritarrek erreferentzia puntu bat izan dezaten.
- Zuzeneko laguntza ekonomikoa.Eusko Jaurlaritzak iragarritako laguntzak alde batera utzita, itxierak kaltetutako establezimendu bakoitzari 1.000 euroko ezohiko laguntza ematea erabaki du Irungo Udalak. Laguntza hori beste laguntza instituzional batzuekin bateragarria izango da, eta lokala alokatzeko edo ordaintzeko gastuak, aholkularitza gastuak, kontsumoak, langileak… ordaintzeko erabili beharko da.
Neurria ostalarien eta elkarteen ordezkariekin egindako bileretan kontrastatu eta adostu da. Horregatik, eskerrak eman zaizkie ordezkarioi, emandako laguntzarengatik.
Ekonomia Arloa laguntzen xehetasunak azkentzen ari da. Irun Aurrera planaren barruko apirileko laguntzen ildotik joango dira, eskaerak ahal bezainbat erraztu eta arintzeko eta laguntzak lehenbailehen ordaindu ahal izateko.