Irungo Urrezko Domina Beñardo Garcíarentzat izango da

Irungo Udalak Irungo Urrezko Domina emango dio Beñardo Garcíari. CD Bidasoa Irun klubak Irungo Udalari helarazi dio domina hori bertako presidente izan zenari emateko proposamena, eta dokumentua lurraldeko eta, batez ere, hiriko eta eskualdeko presidente ohi eta kirol-kluben sinadurak bermatuta dator. Eskaeran, “Irungo kirolaren zerbitzura egindako lana” nabarmentzen dute, eta gogorarazten dute “bere agintaldian, kluba eskubaloiaren hamarkada miresgarri baten protagonista izan zela Irunen”.

Alkateak Bozeramaileen Batzordeari helarazi zion eskaera, eta aste honetan bertan bilera eginda, aho batez onartu dute bereizgarri hori emateko erabakia. Hiriko Urrezko Domina ematea osoko bilkuran formalizatuko da urtarrilena, eta, ondoren, aurreikusita dago ekitaldi instituzional batean ematea Irungo udaletxean bertan otsailean.

“Hiriak beti zor izango dio esker ona Beñardori, nekaezin jardun baitu Irungo kirolaren eta eskubaloiaren alde. Haren izena, eta berarekin joan ziren pertsona guztiena, betirako lotuta egongo da Bidasoa zale guztien etapa zoriontsu eta ilusionagarrienetako batekin. Horregatik eta beste arrazoi askorengatik, bidezkoa baita eta merezita baitauka, hiriak bere bereizgarri nagusia emango dio, hiri honetako balioak oso ondo ordezkatzen ditu eta: lana, apaltasuna eta Irunekiko harrotasuna”, nabarmendu nahi izan du alkateak.

Beñardo García eta eskubaloia
Beñardo García Echeverría (Irun, 1948ko apirilaren 2a) Bidasoa Kirol Klubeko ohorezko presidentea da. Klubak haren agintaldian eskuratu zuen lehen liga (1987), eta horrela hasi zen Irungo eskubaloiaren hamarkada loriatsua eta Artalekuko udal-kiroldegiaren ibilbidea, bidasotarren arrakasta gehienen agertokia: 1995eko Europako Kopa eta 1997ko Europako Errekopa, bi bosturteko handi horiek itxi zituena.

Aduana desagertuetan ahalordeduna zen, eta Irungo kirola –kasu honetan, eskubaloia– zerbitzatzeko lana 1974an hasi zuen zuzendaritzako kide gisa, eta handik bost urtera presidente izendatu zuten, 1987ra arte. Garcíak izan da denbora José Miguel Aranak 1962an sortu zuen entitatearen buru izaten gehien egin duen presidentea, zehazki, hiru etapatan: 1979/1987, 1988/1992 eta 1994/1999. Klubaren historia emankorraren ia heren bat berak eta bere zuzendaritza-batzordeek zuzendu dute. Gure hiriaren alde lan egiteko izan duen prestutasunagatik, udaleko zinegotzi ere izan zen 90eko hamarkadaren amaieran.

Eskubaloian izan zuen inplikazioa gure mugetatik haratago joan zen, eta beste sari batzuk ere jaso ditu, hala nola, Espainiako Eskubaloi Federazioak 1986/1987 denboraldian emandako Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina, eta erakunde federatibo horrek berak brillante-entseina eman zion 19991/1992 denboraldian.

Urrezko Domina
Gogoratu behar da Irungo Udalbatzak 2003ko urtarrilean Ohore eta Sarien Arautegia onetsi zuela, eta horrekin, Urrezko Domina ematea. Horren helburua da aitorpena eskaintzea beren lanarekin gizarteari bizikidetza-, tolerantzia-, eskuzabaltasun- edo konkordia-balioen ekarpena egin dioten pertsonei, Irunen jaioak izan ala ez, edo entitateei. Eta, aldi berean, aitorpen honen bitartez, gizartean tolerantzia eta begirunea sustatu nahi dira. Hiriak 2003an Agustín Ugarteren lagun eta Behar Bidasoa GKEaren sortzaile José Ramón Amunarrizi eman zion Urrezko Domina hil ostean. 2006an Menchu Gal margolariak eta La Salleko anaiek -Irunen mendeurrena betetzen zutela eta- jaso zuten Urrezko Domina. 2011n Agustín Ugarteri eman zitzaion, solidaritatearen aldeko bere lanagatik, eta Irungo GKEek eskatuta. 2012an Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Irunen duen ordezkaritzari eta Jaime Rodriguez Salisi eman zitzaien. 2015ean, Real Unioni eman zitzaion bere mendeurrenean, eta José Ignacio Iruretagoyena “Irure”ri heziketari emandako urteengatik, batez ere Bidasoa Institutuan buru izanez. Pianista irundar Ricardo Requejok jaso zuen 2017ko abenduan eta azkeneko Hiriaren Urrezko Domina Luis Mª Elorz medikuak jaso zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude