Itzaletik argira

Hamarkadak eman ditu Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarrak ahanzturan galduta

Moldeak apurtu zituen Joxe Mari Lopetegik. Euskalduna zen, abertzalea ez, ordea. Alderdi Errepublikanoaren alde ibili zen bertsotan, XX.mendearen lehen herenean. 1936ko irailean Iparraldera ihes egin behar izan zuen, eta erbestean hil zen, Arrueta-Sarrikotan, Nafarroa Beherean. Haren ibilbidea erabateko isilpean egon zen urtetan, Joxan Elosegik 2004an bertsolariaren inguruko liburua argitaratu zuen arte. Aurten, Lopetegiren ezagutzari beste bultzada bat eman nahi izan dio Txingudi Bertso Eskolak. Lopetegi 1914

Joxe Mari Lopetegiren ibilbidea aztertu du Txingudi Bertso Eskolako bertso tailerrak. “Haren dibulgazioa egin nahi dugu orain, ikasturteari amaiera emateko”, azaldu du Xabi Bengoetxea tailerreko kideak. Hasteko, Joxan Elosegi itzultzaile eta idazle irundarraren hitzaldia antolatu dute Oiasso Museoan, apirilaren 13an, Joxe Mari Lopetegi jaio zen egunean. Bertsolariari buruzko ikerketa egin eta Joxe Mari Lopetegi, Errepublikanoen bertsolaria liburua argitaratu zuen Elosegik, duela hamabi urte. Onartu du ez zuela nahi bezain besteko oihartzuna izan, eta Lopetegiren figura ezezaguna dela oraindik. “Barrera handi bat dago: hizkuntza. Irunen jende gehien-gehiena erdaraz bizi da”, argudiatu du Joxan Elosegik. Uste du, hala ere, “itxaropentsu” jarduteak merezi duela. Bertsolaria bera hartu du eredu: “Lopetegik ez zuen sekula itxaropena galdu”.

1875eko apirilaren 13an jaio zen Joxe Mari Lopetegi, Irungo Santiago kaleko lehenengo etxean. Azken Karlistaldiaren garaia zen. Hurrengo urtean bukatu zen gerra, karlisten porrotarekin. Liberalen mende gelditu zen Irun, eta Lopetegi bera ere, giro liberalean hazi zen, boluntario liberala izan baitzen haren aita. Beste ondorio batzuk izan zituen, ordea, gerraren amaierak: foruen abolizioa, eta batez ere, aduanen muga lekualdatzea, Ebro ibaiaren ertzetik, Bidasoaren ertzera. Aldaketa horrek, trenbidea Irunera heltzearekin batera, migratzaileen etorrera eragin zuen, eta ondorioz, gaztelaniaren presentziaren hazkundea ere bai. 1910eko hamarkadaren amaierarako, Irungo kaleetan gaztelania “nagusi” zela baieztatu du Joxan Elosegik. “Prozesu horren lekuko izan zen Lopetegi”, azaldu du: “Aldaketa horien aurrean sufritu zuela antzematen da bere lehen bertsoetan”.

“Irunen euskara galtzen ari zela, eta zerbait egin beharra zegoela ikusi zuen”
Joxan Elosegi

Ordura arte, jende askorentzat pentsaezina den arren, euskara barra-barra hitz egiten zen Irunen. Bertsolariak ere bazeuden, eta Joxe Mari Lopetegi zen horietan onenetakoa, Basurkorekin batera, besteak beste. Hiriko jardueretan aktiboa izan zela baieztatu du Elosegik: “Hiriko festa eta ekitaldi guztietan parte hartu ohi zuela dakigu”. Herriko eskolako giroari buruzko bertso batzuk utzi zituen Lopetegi gazteak, euskaldunek pairatzen zituzten zigorren berri emanez. “Irunen euskara galtzen ari zela, eta zerbait egin beharra zegoela argi ikusi zuen”, adierazi du Elosegik. 1903an argitaratu zituen lehen bertsoak, Bilboko Ibaizabal aldizkarian. Gaia ez zen politikoa, euskarari buruzkoa baizik. Semeak amari izenburua daramate bertsook. Ama, jakina, euskara da Lopetegirentzat.

Bertsolari errepublikanoa

Joxe Mari Lopetegik argitaratu zituen bertso gehienak, ordea, politikoak izan ziren. Kausa baten aldekoak, gainera: errepublika. Doktrina liberalaz harago, beste urrats bat eman beharra zegoela iruditu zitzaion Lopetegi gazteari. Joera antiklerikala ere bazuela argitu du Elosegik, baina ez zela “ateo militantea”. 1911n zinegotzi egin zuten, eta hamar urte inguru eman zituen udaletxean. Bitartean, negozioak ere izan zituen. Etxegintzan ibili zen, igeltseroen kontratista izan baitzen. Izan ere, Alderdi Errepublikanoa burgesa zen, neurri handi batean. Familia ideologiko asko hartzen zituen bere baitan. Baina jatorri burgesaren ezaugarria konpartitzen zuten gehienek. “Ez zuten klase borroka edo gizarte ereduaren aldaketa planteatzen”, argitu du Elosegik.

1910eko hamarkadan hasi zen Lopetegi errepublikanoen aldeko bertsogintzan. Batez ere, aldizkari errepublikanoetan publikatu zituen bertsoak. Mitinetan ere ibili zen. 1923an, ordea, Primo de Rivera militarrak estatu kolpea eman eta diktadura ezarri zuen. Garai hartan, Lopetegi bertsolariaren joera aldatu egin zen, errepresioaren eta zentsuraren ondorioz, noski. Herriko giroari buruzko bertsoak dira gorde direnak. Irunen bizi zen Lopetegi, eta ez zen herriz-herri ibili, garaiko beste bertsolari batzuen moduan. 1930ean, diktaduraren azkenetan hasi zen berriro errepublikaren alde bertsotan. 55 urteko gizona zen ordurako, eta zortzi seme-alaba zituen, 20 urterekin ezkondu baitzen, Gillerma Bengoetxearekin.

“Bazekien errepublika oso ahula zela, eta botako zuten beldur bizi izan zen”
Joxan Elosegi

Errepublikaren aldarrikapenaren bezperan ospatu zituen Lopetegik 56 urteak, 1931ko apirilaren 13an. Errepublika zaintzearen eta sendotzearen aldeko mezua zabaldu zuen hurrengo urteetan. Batez ere Irungo prentsa errepublikanoan argitaratu zituen bertsoak, La Fronteran edo Irun Republicanon, esaterako. Elosegik azpimarratu du kezka handia zuela: “Bazekien errepublika oso ahula zela, eta botako zuten beldur bizi izan zen”. 1936an iritsi zen estatu kolpea, eta ondorengo gerra. 61 urte zituen ordurako, hortaz, ez zuen frontean parte hartu. Seme bat ordea, Erlaitzen galdu zuen. Irailaren 3an ihes egin zuen Lopetegik Hendaiara, familiarekin. Erbestean bertsotan hasi zen berriro. “Garai hartakoak dira bertsorik indartsuenak eta sentituenak”, nabarmendu du Elosegik.

Sei urte eman zituen errefuxiatu gisa, eta 1942an hil zen, Nafarroa Behereko Arrueta-Sarrikota herrian. Ezin izan zuen sekula jaioterrira bueltatu. Gainera, agintari frankistek Lopetegi hil zela jakin zuten momentuan, senideei 125.000 pezetako isuna ezarri zieten, “erantzukizun politikoengatik”. Santiago kaleko etxea, eta egungo Sarjia kalean zegoen beste bat saldu behar izan zituzten ordaintzeko.

Zer dela eta isilpean?

Ahanzturaren itzalean egon da Joxe Mari Lopetegi hamarkadetan zehar. Frankismoaren eragina kontuan hartzekoa da, jakina. Baina bitxia da, adibidez, Antonio Zabala euskaltzain eta herri-literaturaren ikerlariak haren inguruko ezertxo ere argitaratu ez izana. Bertsolariei buruzko hamarnaka liburu idatzi zituen, Lopetegiren inguruko erreferentziarik, aitzitik, ez zuen egin. Ezagutzen zuela ziurtatu du Joxan Elosegik, Txirritak Lopetegiren erretratu “ederra” egin zuelako, 1931n, Bertsolaria aldizkarian. Hortaz, Lopetegiren lana ezkutatzeko arrazoi ideologikoak egon litezkeela iradoki du Elosegik.

Bestalde, errepublikaren aldeko mugimenduek eta elkarteek Lopetegiren inguruko aipamenik egin ez izana ere deitoratu du Joxan Elosegik, haren bertsoek “ezin hobeto” irudikatzen dutelako garaiko errepublikano baten pentsaera. Kasu horretan, arrazoiak linguistikoak direla uste du ikerlariak: “Euskaraz idatziaz direnez, badirudi bertsoek ez dutela baliorik”. Lopetegik pairatu duen bazterketa gainditzeko, bultzada irundarrek eman behar dutela aldarrikatu du Elosegik. Txingudi Bertso Eskola bere ekarpena egiten ari da. Hitzaldia antolatu du, Wikipediako Joxe Mari Lopetegi sarrera osatu du, eta ekainerako jaialdi bat antolatzen ari da, hiriko beste zenbait eragilerekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude