Izurrite Antoninotarra K.o. 164-165. urtetik aurrera ekialdetik Inperio Erromatar osora zabaldu eta bertako biztanleriaren zati garrantzitsu bat hil zuen pandemiari deritzo. Dinastia antoninotarreko kide ziren Marko Aurelio eta Luzio Vero enperadoreen agintaldian agertu izanaren ondorioz hartzen du “Antoninotar” izena gaixotasun honek.
Gaitzaren agerpena Luzio Vero ekialdean partiarren kontra borrokan zebilela suertatu zen erromatarren artean. Enperadorearen armadako legionario ugari gaixotu ziren kanpaina militar hartan eta egunez egun kutsatzeak gora zihoazela ikusirik, Verok erretiratzeko erabakia hartu zuen Erromara bueltatuz bere gizonekin, beraiekin pandemia mendebaldera eraman zuela konturatu gabe. Urte haietan Inperio Erromatarrak loraldi garai bat bizi zuen, egonkortasun politiko eta ekonomikoa ziren nagusi eta erromatar bizi estiloa eta kulturaren zabalpena geldiezinak ziren bere lurretan. Mundu erromatarra Mesopotamiatik ozeano Atlantikora eta Sahara iparraldetik Rhin eta Danubioren ibaiertzetara eta Hadrianoren harresira zabaltzen zen eta erabat elkarloturik zegoen galtzada, ibai eta itsasbide ugariren bitartez. Komunikabide sare honek gaixotasunaren mugikortasuna erraztu zuen, hiriguneak izanik kaltetuenak, Erroma hiria bereziki. Galeno sendagilearen idatziek informazio dezente eskaintzen digute Izurrite Antoninotarraren inguruan. Galeno, jatorri greziarrekoa bera, Marko Aurelio eta Komodo enperadoreen mediku eta zirujau pertsonala izan zen eta gaixotasuna iristean Erromatik landa mundura ihes egin behar izan zuen kutsatuko zelakoaren beldurrez. Bere Methodus Medendi lanean gaitzaren zenbait sintoma aipatzen ditu: begi haziak, eztula, egarria, goragalea, sukarra, ondoeza, eztarri narritatua, nekea eta negelak larruazalean, esate baterako. Datu bakar hauekin zaila bada ere pandemia sortu zuen patogenoa identifikatzea, gaur egun iritzi zabalduenek gaitz antoninotarra elgorria edo baztanga izan zitekeela diote.
Behin izurria zabalduta, erromatarrak ez ziren gai izan infekzioari aurre egin ahal izan zion tratamendu medikurik aurkitzeko. Hori dela eta, ihesa eta isolamendu boluntarioa izan ziren irtenbide ohikoenetako batzuk. Hildakoen kopuru handia zela eta, askok, enperadoreak berak kasu, orakulu eta jainkoei laguntza eskatzen zieten hainbat erritualen bitartez, sakrifizio eta oturuntza erlijiosoak tarteko. Desesperazio horren adibide ere ditugu Luzio Vero eta Marko Aurelioren txanpon ugaritan ohikoak diren Salus, Asklepio eta Apolo jainko sendagileen irudikapenak. Testuinguru honetan, ez ziren falta izan munduaren amaiera predikatzen zuten berritsuak eta jendearen atsekabea ustezko objektu babesle eta sendabide miragarriak saltzeko probestu zutenak. Egoera ez zen gutxiagorako ere, gaixotasunak zahar eta gazte, aberats eta pobreak eraman zituen aurretik. Batzuen ustetan, Luzio Verok eta Marko Aureliok gaitz honek jota galdu zuten bizia. Dena den, zenbait kolektibo izan ziren izurria bereziki sufritu zutenak beren elikadura xumeagatik eta egunerokoan pairatu behar zituzten bizi baldintza txarrengatik, hauen artean izanen genituzke esklaboak eta familia txiroenak. Soldaduen artean ere kutsatze tasa oso altuak bizi izan ziren eta zenbait lekutan hiritarrek kristauen kontra jo zuten katastrofearen errudun ikusten zituztelako. Pandemiaren iraupenaren inguruan, badirudi lehendabiziko olatuak 4-5 urte iraun zuela, berriz ere 180an agertzeko eta indar handiagoz hamar urte geroago. Azken olatuan, honen testigu izan zen Dion Kasio senatariaren arabera, Erroman bi mila bat hildako zeuden egunean. Dena den, ez da ziurra aipaturiko azken bi olatu aldiak gaixotasun berberak sorrarazi ote zituen.
Egun oraindik Izurrite Antoninotarrak erromatar munduan izan zuen inpaktuaren inguruko eztabaida zabalik dago. Tradizionalki K.o. III. mendeko krisi politiko eta ekonomikoaren sortzaile nagusienetakotzat jo izan da, baina ez dago adostasunik baieztapen honen inguruan. Demografiaren ikuspegitik, estimazioen arabera inperioko biztanleriaren % 7-10ak galdu zuen bizia eta legionarioen artean jasan zen hilkortasun maila handia zela-eta, armadarako barbaroen erreklutamenduak nabarmenki gora egin zuela uste da. Argi dagoena da, pandemiak sekulako kolpe psikologiko, sozial, ekonomiko eta politikoa suposatu zuela, mugarri bat gehiago Inperio Erromatarraren ibilbide historikoan.
Oiasso Museoan Antzinatean bizi izandako pandemien inguruko erakusketatxo bat dugu ikusgai, beraz, gehiago jakiteko gogoekin gelditu bazara badakizu zer egin!
Jokin Lanz