La Rocan ozta-ozta irabazi ondoren, partidaren egunean egindako bidaia luzeak eragina izan zuela onartu zuen Fernando Bolea Bidasoako entrenatzaileak. Bi ordu lehenago iritsi ziren pabiloira, autobusean zortzi ordu egin eta gero. “Nahiago genuke bertan lo egin”, adierazi zuen entrenatzaileak. Baina klubak argi du mugak zeintzuk diren. “Lehentasuna arlo ekonomikoa da”, gogoratu du José Ángel Sodupe presidenteak. Laugarren agintaldiari ekin dio Sodupek, klubaren susperraldiari jarraipena emateko asmoz. Kirol arloan, behintzat, ondo hasi da 2015-2016 denboraldia. Abiada hartu Ohorezko B Mailan ari den lehen taldeak.
Zer iradokitzen dizu ligaren hasiera bikainak?
Oso goiz da ondorioak ateratzeko. Esaten dute ondo hasten dena ondo amaitzen dela, eta hori pentsatu nahi dut. Ideia izan da postu bakoitzeko bi jokalari edukitzea. Joan den urtean, partida bukatzeko hamar minutu falta zirenean, taldea leher eginda egoten zen. Aurten ez da halakorik gertatu, aldaketak ez direlako horrenbeste nabaritzen, eta jokalariek lasai atseden hartzeko aukera dutelako.
Denboraldiaurrea lasaia izan da aurten, aurreko bi urteetakoekin alderatuta. Argi izan duzue taldea Ohorezko B Mailan ariko zela. Eragina izan du horrek jokalariak lortzerako orduan?
Bai, noski. Joan den urtean, uztailaren amaieran talderik ez genuen oraindik. Berandu egin genuen, eta ez zitzaigun nahi bezain ondo atera. Aurten, play off-a amaitu eta hurrengo egunean hasi ginen lanean. Jokalarien zerrenda luzea osatu eta jende askorekin hitz egin genuen. Aukera zabala izan genuela esan nahi dut, azken finean. Uste dut talde txukuna osatu dugula, Ohorezko B Mailarako egokia.
Joan den urteko jokalarien multzo bat mantendu duzue. Baina besteek, erabat aldatu dute taldearen itxura eta joka-tzeko modua. Zergatik iraultza hori?
Zuzendaritza Batzordean ere aldaketak izan dira. Jende berria sartu da, eskubaloia edo bereziki Ohorezko B Maila ulertzeko beste era batekin. Kategoria berezia da, jokalarien garaierak eta pisuak ez du horren garrantzia handirik. Nortasun handiko jokalariak behar dira, lehiakorrak.
Maiatzean Fernando Bolearen kontratua berritu zenuten, igoera fasearen aurretik. Zergatik ez zenuten itxaron?
Hori nire erabakia izan zen. Pentsatu nuen ideia ona zela kontratua berritzea, Fernando Boleari lasaitasuna emateko, igoera fasean % 100 kontzentratuta egon zedin. Jende askok galdetu zidan ea zergatik ez nuen itxaron. Nire erabakia izan zen, eta ez naiz damutu. Ulertu behar da joan den urteko taldea berandu egin genuela, ez zela egokiena. Gainera, niri konfiantza ematea gustatzen zait. Fernando Bolea maitatua da Irunen, eta lan ona egin du aurreko urteetan.
Espainiako Eskubaloi Federazioko Zuzendaritza Batzordera itzuli zara, 2014ko udaran dimisioa aurkeztu ondoren. Zer aldatu da?
Uda horretan izandako gorabehera guztien ondorio izan zen dimisioa. Beroaldia, nahi baduzu. Francisco Blázquez presidenteak ez zuen dimisioa onartu, esan zidan noizbait bueltatuko nintzela. Urte osoan zehar hausnartzen ibili naiz, eta Bidasoako zuzendaritza berriarekin kontsultatu eta gero, bueltatzea erabaki dut.
Dimisioa aurkeztu zenuenean, salaketa gogorrak egin zenituen Asobal Ligaren aurka. Horren gaizki al dago? Ba al du irtenbiderik?
Konponbide zaila du, egia esan. Ez da lehiaketa garbia. Gainera, Asobal Ligaren eta Espainiako Eskubaloi Federazioaren arteko harremana ez da ona. Nik uste dut eskubaloiaren alde indarrak batzeko momentua dela. Norabide berdinean egin behar dugu aurrera. Ni eskubaloia berpizten ahalegintzeko lan egiteko asmoz nago federazioan.
Hamahiru urte daramatzazu presidente karguan. Klubaren urterik okerrenak bizi izan dituzu, erretiratzetik hurbil izan zara behin baino gehiagotan. Zerk eraman zaitu aurrera jarraitzera?
Bihotza izan da, klubarekiko maitasuna. 2011n desagertzetik oso hurbil izan zen kluba. Ingurukoen babesa eta laguntza handia izan nuen orduan. Buelta asko eman behar izan nizkion, eta familiarekin kontsultatu. Hortik aurrera, borroka eta lan handia egin behar izan ditugu kluba onbidean jartzeko. Gutxi falta zaigu zorra hutsean uzteko.
Zein helburu jarriko zenioke zure buruari, kluba asebeteta uzteko?
Bi izango lirateke: arlo ekonomikoan, klubak superabita edukitzea. Kirol arloan, taldea Europa mailan aritzeko sailkatzea. Handinahikeria dirudi, baina lor daitekeela uste dut, Asobal Liga nola dagoen ikusita. Lau urte barru, agintaldia amaitzerakoan, helburu horiek bete baldin baditugu, lasai utziko dut kluba.
2011n hondoa jo zuen klubak. Lau urtetan, baina, harrigarria izan da susperraldia. Zein izan da gakoa?
Gastuekin oso zorrotzak izatea. Kontuak alderantziz egiten hasi gara. Ordura arte taldea osatzen genuen, helburuak jartzen genituen, eta gastuei begiratzen genien ondoren. Momentu hartatik aurrera, zorrak kitatzeko kopuru handi bat baztertzen dugu, eta gainerakoarekin, ahal bezain beste egiten dugu. Lehentasuna arlo ekonomikoa bideratzea izan da.
Taldearen oinarria zabaltzeko ahalegina ere egin duzue azken urteotan. Zer moduz dago Bidasoaren harrobia?
Asko handitu da, baina momentuz gelditu behar izan dugu, gainezka egin ez dezan. Gure esku ditugun azpiegiturak eta lagun-tzaileak kontuan hartu behar ditugu. Hamasei talde ditugu, neskenak horien artean. Bestalde, filiala Estatuko Lehen Mailan edukitzea lortu dugu. Jokalariak prestatzeko kategoria egokia da, Lehen taldera iristeko eman beharreko jauzia txikiagoa baita.
Estatuan eskubaloiaren egoera zein den ikusita, poztekoa da Bidasoak manten-tzen duen zaleen kopurua.
Asobalen izan ginen denboraldian, partida bakoitzean pabiloira jende gehien eramaten zuen taldeetako bat izan ginen. Datu adierazgarria da hori. Eskubaloiak tradizio handia du Irunen, Bidasoak zale fidelak ditu. Beste klub askok eta eskubaloiarekin harremana duen jendeak ere Asobal Ligan ikusi nahi du berriro Bidasoa.