J. I. Iruretagoyena erretiratu da. “Jendearen maitasuna eta estimua sentitu ditut”

Goizeko zortzietan jarri digu hitzordua José Ignacio Iruretagoyena Irurek, elkarrizketa egiteko. Erretiroa hartu du, bai, baina beti bezain aktibo dabil. Bidasoa Institutuan egin duen ibilbidea gogoratu dugu. Orrialde bakarra ez da aski Irurek konta dezakeen guztia idazteko. Urrian omenaldia egin zioten Bidasoa Institutuan, eta amaieran, hiriko Urrezko Domina emango diotela jakinarazi zuen José Antonio Santano Irungo alkateak.

irure

Hasteko, zorionak.
Ezustekoa izan zen, egia esan. Oso ekitaldi polita, hunkigarria eta alaia. Nire betebeharra zela pentsatuta lan egin izan dut beti. Ez nuen inoiz halakorik espero izan. Omenaldiaren amaieran, alkateak esan zidan udal talde guztiek erabaki zutela niri hiriko urrezko domina ematea.
Hasi zinenean, imajinatzen al zenuen halakorik?
Ez, inola ere ez. 58 urte daramatzat eskola honetan. 12rekin hasi nintzen, ikasle nin-tzenean. Ondoren, hiru urteko industria ikasketak egin nituen. 16 urterekin Palmeran lan egiten hasi nintzen, txandaka, ba-tzuetan goizez, bestetan arratsaldez. Aldi berean, irakasle izateko ikasten ari nin-tzen. 18 bete nituenean hasi nintzen eskolak ematen, duela 52 urte. Pentsa zenbat ikasle izan ditudan, asko ni baino helduagoak. Nire ikasle izandako baten baten bilobei ere eman izan dizkiet klaseak. Gero ingeniaritza ikasi nuen, eta azkenik, proiektu mekanikoen garapeneko katedra atera nuen.
Noiz iritsi zen zuzendari izateko momentua?
1974an, 28 urte nituela. 1.200 ikasleri baino gehiagori klaseak eman ondoren.
Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Oso harro nago. Jende umila etortzen zen institutura. Batzuek ez zituzten beste zentroetan onartzen, problematikoak zirela eta. Jende horrek enpresak sortu ditu ondoren, edo ikasten jarraitu du. Garapen handia izan du Bidasoa Institutuak, orokorrean. Gaur egun, zentro integratua izan dadin lortu dugu. Horrek esan nahi du hasierako ikaskuntza, eta enpresaren munduari begirakoa asko zabaldu behar ditugula. 2002an Euskadiko zilarrezko Q saria jaso genuen, eta estatuko lehen zentroa izan ginen kalitateko sari nazionala jasotzen. Ildo horri eutsi behar diogu. Orain, berrikuntzaren eta ohitura sortzaileen alde apustu egiten ari gara.
Iraganari buruz galdetuta, etorkizunaren inguruan hitz egiten amaitzen duzu.
Hala da. Ulertzen dut elkarrizketa batean gogoratu beharra dagoela, baina aurrera egiteko, etorkizunera begiratzea gustatzen zait niri. Gehien sustatzen ari garen arloetako bat ekintzailetza da, “Urrats bat” programaren bidez. Orain arte, institutuko ikasleek 24 enpresa sortu dituzte, eta horietatik, 20 martxan daude oraindik.
Urkullu lehendakariak Lanbide Heziketako lehen sari berezia eman zizun.
Oso hunkigarria izan zen niretzat. Gauza bat ikasi nuen, hori bai. Konturatu nintzen hizkuntzarik ez dakidala. Leku askotako jendea etortzen zitzaidan zoriontzera, baina ez nintzen haiekin hitz egiteko gai.
Zer iruditu zitzaizun urriaren hasieran institutuan egin zizuten omenaldia?
Jendearen maitasuna eta estimua sentitu ditut. Ez nuen halako ekitaldirik espero. Jendea asko inplikatu da.
Institutura etortzen zara egunero. Zertan ari zara orain lanean?
Ez naiz aspertzen. Urte amaierako hezkuntza ikuskatzeko memoria egiten ari naiz, alde batetik. Bestetik, gurasoen Batzar Orokorra prestatzen. Pixkanaka ardurak utziz joango naiz. Beste modu batera ikusi beharko ditut orain gauzak.
Zer pentsatu duzu etorkizunerako?
Nire euskara maila hobetu nahi nuke. Gitarra bat ere erosi dut, eta jotzen ikasi nahi dut, abesten ditudan kantuei laguntzeko. Omenaldian Agur Jaunak abestu zidaten, eta zuzentzen aritu nintzen. Institutuari dagokionez, ez nuke erabat aldendu nahi. Eusko Jaurlaritzako kontseilariordeak esan zidan Lanbide Heziketa aktiboaren atea zabalik dudala, irakasle berriei aholkuak emateko.
Zein presentzia izan du euskarak Bidasoa Institutuan?
Euskararen erabilera ahal bezain beste normalizatzen ahalegindu gara. Baina egia da ikastolatik datorren jende asko gaztelaniara pasatzen dela. Administraziotik ikasleen gutxienekoak markatzen dizkigute klaseak antolatzeko. Askotan, eredu mistoak egin behar izan ditugu, euskarazkoan jendea falta zelako.
Kontatuko al duzu pasadizo edo bitxikeriaren bat?
Gogoratzen dut irakasleek ikasle bat kanporatu nahi izan zutela, egin zuen bihurrikeriaren baten ondorioz. Nire esku hartzeari esker, ez genuen zentrotik kanporatu, eta ikasturtearen amaieran, klaseko ikasle onena izan zen. Duela gutxi topatu nuen, eta oraindik ere asko eskertzen zidala esan zidan, gurasoekin eta irakasleekin bilera antolatu nuelako, egoera bideratzeko. Horrelako pasadizo asko izan dira. Ez zait sekula korporatibismoa gustatu. Ikasleak, irakasleak eta zuzendaria maila berean gaude, nire ustez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude