Presaka iritsi da Jabier Muguruza elkarrizketarako hitzordura. Atzo kazetari atzerritar batekin afaltzen egon zen, eta goizean entsegua eduki du Donostian. Abiadan etorri da autobidetik. Gaur egungo bizimoduaz kexu da: “Ni saiatzen naiz barne erritmoa eta kanpokoa bat etor daitezen. Baina benetan zaila da batzuetan. Burugabea da egiten ari garena”. Konbentzituta dago bere barne tenpoa “lasaia” dela. Bere obran, behintzat, saiatu izan da erritmo hori errespetatzen.
Beste hogei izan zen Jabier Muguruzaren azken diskoaren izenburua. Bakarlari gisa egindako hogei urteak ospatzeaz gain, argi uzten zuen musikagintzan aurrera jarraitzeko asmoa. Hala ere, hurrengo diskoa prestatu beharrean, idazteari ekin zion artista irundarrak. “Ez da izan musika alde batera uztea, kontzertuak ematen jarraitu dudalako; baina egia da bizpahiru urtez kontakizun hauek idazten ibili naizela”, azaldu du. Bernardo Atxagak zuzentzen duen Erlea aldizkarirako idatzi zuen “Hilen logika ezkutua” ipuina. Hura izan zuen abiapuntu. 2014ko udazkenean, izen bereko ipuin bilduma argitaratu du Muguruzak. Ipuin zale amorratua da. Egileen zerrenda esaten hasi, eta tupustean gelditu da: “Euskal Herrian ere, idazle handi batzuk ipuingintzan hasi ziren, eta gero nobelara pasa dira; baina, nire ustez, lanik ederrenak ipuingintzan egin dituzte. Arazoa da ipuinak ez duela proiekziorik. Gehiago saltzeko eta beste zirkuitu batean sartzeko, nobela idatzi beharra dago”.
Kantuekin egin izan duen bezala, bere kezkak eta gogoetak islatzen saiatu da “Hilen logika ezkutua” ipuinean ere, baina sakonago: “Ez daude igogailuan kontatzen ditugun moduan. Literaturak aukera hori ematen dizu”. Gehienetan, ikusi, entzun edo irakurritako gertakariak eta egoerak izaten dira Muguruzaren kontakizunen abiapuntua. Ez bereak bakarrik, baita inguruko jendearenak ere. “Neurri batean, gauza asko hartzen ditut errealitatetik. Hori bai, gero errekreazio bat dago, fikzioa ere badago”, argitu du. Nolanahi ere, egunerokoan oinarritutako gaiak jorratzen ditu gehienbat sortzaile irundarrak: “Batzuek gutxietsi egiten dute egunerokotasuna. Aspergarria delako, edo errutinarekin lotzen dutelako. Niretzat bizitza ez da aspergarria”. Euskal Herrian, joera bestelakoa dela uste du Muguruzak: “Erregistro epikoa da nagusi, batez ere gazteen artean. Denborarekin konturatzen zara bizitza askoz ere konplexuagoa dela”. Intimismoaren alde egiten du irundarrak, literaturan eta musikan: “Kontzertuko ikusle bakoitzari banan banan abesten saiatzen naiz. Hori rockean ez da gerta-tzen, multzoari abesten zaio”.
Musikan erosoago
Beste garai batzuetan ere Muguruzak uztartu izan ditu musika eta literatura. Dena den, onartu du berarentzat exijentzia handiko jarduera dela bigarrena: “Nekagarria da. Oso erne egon behar duzu, radarra beti martxan. Libreta batekin, apunteak hartzen. Niretzat oso garrantzitsuak dira oreka eta osasun mentala. Alde horretatik, ez dakit oso gomendagarria den”. Idatzi izan duenean, gehienetan haurrei zuzenduta egin du. Eskakizun maila berdinean jartzen dela baieztatu du, baina onartu du zailtasun bereziak dituela helduentzat idazteak: “Helduon errealitateari buruz zerbait zorroztasunez kontatzeak jarrera bat eskatzen du. Nire ikuspuntutik behintzat, bizitza oso aberatsa da, alderdi asko ditu”. Haurrak interesgarri iruditzen zaizkio, bera ume berezia izan zelako. Bost urterekin akordeoia jotzen ari zen, eta zortzirekin Frantzian, Holandan, Italian eta Alemanian zebilen, nazioarteko lehiaketetan jotzen. “Izan nuen auzoan jolasteko aukera, baina txikitatik presioa sentitu nuen”.
Nolabaiteko presioa jasaten segitzen du artistak. Esate baterako, bi urtean behin diskoa ateratzera behartzen du bere burua: “Diskorik ateratzen ez baldin baduzu, ez duzu kontzerturik. Gaur egun, diskoa katalogo garesti bat da. Mekanismo bat martxan jartzen du, kontzertuak lortzea ahalbide-tzen duena”. Kulturgintzak garai txarra bizi duela argi dauka Jabier Muguruzak. “Hori ukatzen duena memoria laburrekoa da”, baieztatu du. Kultur egileek gizartean duten pisua jarri du adibide modura. Duela hamar urtekoa baino askoz txikiagoa dela uste du: “Oso momentu arina bizi dugu. Komunikabideetan entretenimenduak dena jan du. Kultur egileak arnasa hartu ezinean gabiltza”. Berak, aldiz, kulturaren garrantzia aldarrikatu du. Euskararekin lotuta, kultura aberatsa eskaintzea ezinbestekoa dela azpimarratu du Muguruzak: “Gogoratzen dut, euskara ikasten ari nintzenean, gramatikarekin seko aspertzen nintzela. Baina, halako batean, Atxagaren testu bat eta Ruper Ordorikaren disko bat hartu nituen esku artean. Txundituta gelditu nintzen”. Haiek bul-tzatuta ekin zion Muguruzak bere ibilbideari. Noiz edo noiz, artista gazteren baten akuilu izango da bera ere.
Bere ibilbidearen errepasoa egin du Muguruzak Katalunian
Aspalditik izan du harreman sendoa Jabier Muguruzak Kataluniarekin. Azken aldian, bertako lagunen aitortza jaso du, eta eskertuta dago. Joan den urtean, kontzertu onenei emandako BarnaSants saria jaso zuen. Aurten bere ibilbidearen errepasoa eginez kontzertua ematea eskaini diote, emanaldia grabatu eta disko moduan ateratzeko. Martxoaren 20an aritu zen, Mikel Azpiroz piano-jotzailearekin batera, L’Hospitalet-eko Auditori Barradas antzokian. Kataluniako artista gazteagoen laguntza izan zuen agertokian. Urtetan zuzenean jo gabeko abestiak berreskuratu zituen kontzertu berezi horretarako.