JABIER MUGURUZA, musikaria: “Tematuta nengoen sonoritate jakin bat lortzearekin”

Hamalaugarren diskoa aurkezten dabil Jabier Muguruza musikari irundarra. “Obra defendatzen”, zehaztu du. Irunen aritzeko aukera ere izan du, otsailaren 13an. Etxetik oso-oso gertu, gainera, 150 metro ingurura. Oiasso Museoko Kaia aretoan eskaini du kontzertua, Mikel Azpiroz piano jotzailearekin batera. Bere ibilbide osoko kantuak uztartu ditu Jabier Muguruzak Tonetti Anaiak diskoko berrienekin.tonetti_azala
Berezia al da zuretzat Irunen jotzea?

Bai, ez dira kontzertu arruntak izaten. Irunen, urduri hasten naiz beti. Gertuko jendearen presentziagatik, eta absentziagatik ere bai. Badago jendea nire kontzertuetara beti etorri izan dena, baina gaur egun ez dagoena. Guzti horrek giro emotibo berezia sortzen du. Alde batetik presioa duzu, baina bestetik ederra ere bada. 55 urte daramatzat Irunen bizitzen, imajinatu zenbat jende ezagutzen dudan. Museoko aretoa txikia dela kontuan hartuta, ikusle gehien-gehienak ezagutzen nituela esatea ez da esajeratzea.

Oiasso Erromatar Museoa ere ez da kontzertu areto arrunta.

Erromatar museoan jotzea polita izan da niretzat. Batetik, etxetik 100 metrora dudalako. Bestetik, iruditzen zaidalako zeregin inportantea betetzen duela. Kontzertu gutxi egin izan dira museoan orain arte, baina gero eta jarduera gehiago egiteko asmoa dutela entzun dut. Gure proposamen artistikorako, behintzat, oso leku egokia da. Areto handietan ere gustura aritzen naiz, baina txikietan beste harreman bat sortzen da ikuslearekin. Niri abestien artean hitz egitea gustatzen zait, jendeari azalpenak ematen dizkiot, umorea erabiltzen saiatzen naiz… Guzti horretarako, oso aproposa da Oiasso Erromatar Museoa.

Urduri jartzen zarela esan duzu. Nola da posible, halako ibilbide luze baten ondoren?

60 urte baino gehiago zituela, Mikel Laboak esan zidan urduritasuna ez dela sekula sendatzen. Zaila da kontrolatzea. Gero egia da, esperientzia handia duzunean, trikimailuak ere ikasten dituzula. Beste abeslariek bezala, nik ere letrak ahazten ditut, eta akatsak egiten ditut jotzerakoan. Baina disimuluan aditua naiz dagoeneko.

“Disko bakoitza nire ibilbideko onena izan dadin saiatzen naiz”
Oso gustura gelditu omen zara Tonetti Anaiak diskoarekin. Musikariek ez al duzue disko bakoitzari buruz berdina esaten?

Euskal musika kazetari ezagun batek, mahai inguru batean, galdetu zidan ea nondik ateratzen nuen ilusioa disko berriak egiteko. Galderak mindu egin ninduen. Eta esan nion, disko bakoitza nire ibilbideko onena izan dadin saiatzen naizela. Hori dela nire ilusioa. Konbentzituta nago, Tonetti anaiak disko onena ez baldin bada, onenetakoa dela.

Zein da arrazoia?

Ni tematuta nengoen sonoritate jakin bat lortzearekin. Ez da soinua, giro musikal bat, edo atmosfera bat baizik. Pentsatu genuen, auditorio batean, jazz bandarekin zuzenean jotzen baldin bagenuen, lortuko genuela sonoritate hori. Musikari apartak bildu genituen Tarragonako El Vendrell herriko auditorioan, eta bostok batera grabatu genituen abestiak. Nahi nuen sonoritatea lortzea ia obsesioa izan da oraingoan, eta lortu dudala uste dut. Horregatik nago horren pozik emaitzarekin.

Aurreko diskoan ez bezala, abestietako hitz batzuk idatzi dituzu. Zergatik?

Aurreko diskoan, testu bakar bat ere ez nuen idatzi. Oraingoan, berriz, hiru dira nireak. Zergatik? Ez nuke jakingo esaten, boladak izaten dira. Aurrerantzean hala izango den? Ba hori ere ez dakit. Zorionez, idazle eta letra egile onak ditut inguruan, eta tentazio handia da haiei testuak eskatzea.

Titulu iradokitzailea iruditzen zitzaidan”
Tonetti Anaiak abestia eraman duzu diskoaren izenburura, eta azalera. Beste edozein ere izan zitekeen?

Ez. Sonoritatearekin bezala, gai horrekin ere tematuta nengoen. Ipuin bat idatzi nuen haren inguruan, eta Hilen logika ezkutua liburuan argitaratu nuen. Kontua da oso gauza bitxia eta ederra gertatu zitzaidala. Iruñean nengoen, Oskar Alegriaren Emak bakia baita filma ikusten. Pelikulan, besteak beste, defendatzen da pailazo bat ez dela sekula hiltzen. Ideia horrek, zama handi bat kendu zidan gainetik. Izan ere, txikia nintzela, Tonetti anaiak ezagutu nituen zirkuan, aitarekin. Haien kamerinoan egon nintzen eta pozez zoratzen ibili nintzen. Baina urte batzuk beranduago, bietako batek bere buruaz beste egin zuen. Niretzat kolpe ikaragarria izan zen. Abesti honetan buelta ematen diot, ez zaidalako gustatzen kantu ilunak egitea. Leihoak irekitzea eta arnasa ematea nahiago dut, eta kasu honetan ariketa hori egiteko aukera nuen.

Narrazio libururako ere, Tonetti anaiak izena proposatu nien argitaletxekoei. Baina ez zuten ondo ikusten. Orain, diskoari jarri ahal izan diot. Elkarrizketetan galdetu izan didate beste kantuek ere Tonetti anaiekin lotura duten, edo zein informazio ematen duen abesti horrek. Ez dago halako ezer ere ez, baina niri oso titulu iradokitzailea iruditzen zitzaidan. Argazkia ere banuen, eta azalerako oso ondo zetorkidan. Diseinurako, gainera, lan ederra egin du Pedro Balmasedak.

Zer eman diete lagundu dizuten musikariek zuk konposatutako kantuei?

Garai batean, harrigarria iruditzen zitzaidan abesti bakoitzaren garapen prozesua. Etxean konposatutako abestiak janzten joatea, eta nola hazten ziren ikustea. Gaur egun ohituta nago, zoritxarrez, urteek ez dutelako barkatzen. Hala ere, badirudi ilusioa falta duen norbaiten diskurtsoa dudala, eta ez da horrela. Egia da disko honetan musikariek egin duten lana zoragarria dela, eta kolaboratzaileek kantuei ematen dieten ukitua ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude