Jaione Berridi Atzegiko boluntarioa

“Adimen urritasuna duten pertsonen gardentasunaz kutsatu beharko genuke”jaione2

Hamazazpi urterekin ezagutu zuen Jaione Berridik Atzegi. Ordurako, ia mende erdia zeraman elkarteak Gipuzkoan adimen urritasuna duten pertsonei eta familiei laguntza eskaintzen. “Errebotez” sartu zela dio; baina zazpi urte geroago bere bizitzaren parte garrantzitsu bilakatu da Atzegi. Elkartearen aisialdi klubean hasi zen lehenengo, Txolarten, baina bulegoan eta adimen urritasuna duten pertsonen etxeetan ere egin du lan.

– Zergatik erabaki zenuen Atzegin parte hartzea?
Hamazazpi urterekin kasualitatez hasi nintzen; beraz, galdera egokiagoa da zergatik jarraitu dudan. Sartu nintzenean ez nuen imajinatzen zer topatuko nuen. Aurkikuntza handia izan zen niretzat. Adimen urritasuna duten per-tsonak oso-oso hurbilak dira, gardenak. Lehen momentutik adierazten dizkizute sentimenduak. Horrek harrapatu egiten zaitu. Mundu honek liluratu egin ninduen. Ni Filosofia karrerarekin hasi nintzen, eta gaur egun Gizarte Langintza ikasten ari naiz, ikusi dudalako hau izan daitekeela nire tokia.
– Denbora honetan ikusi duzunaren arabera, zein zailtasun aurkitzen dute adimen urritasuna duten pertsonek?
Down sindromekoen elkarte baten bideoak esaten zuen ezintasunei begiratu beharrean, gaitasunei erreparatzeko. Ados nago esaldi horrekin. Beraiek gai dira gauza pila bat egiteko, erritmo motelagoan agian, baina badute ahalmena. Gainera gustatzen zaie gaitasun horiek erakustea.
– Familiek ere lan handia izaten dute.
Gurasoen artean ezberdintasun handiak ikus daitezke. Gazteek beste informazio mota bat jaso dute, eta haurren hezkuntzan nabari da hori. Helduenek ez dute formazio berdina eskura izan. Guraso berrien kasuan, haurrak adimen urritasuna daukala jakitea hondamendia izaten da hasieran. Ematen du bizitza osorako karga izango dela. Baina haurrak bi urte dituenean galdetuta, “oparia” dela esaten dizute.
– Adimen urritasuna duten pertsonak gizartean integra-tzea erronka handia da. Urrun dago oraindik?
Azken urteotan aurrerapen asko egin dira. Adimen urritasuna duten pertsonek heziketa handiagoa jaso dute, badakite protokoloak jarraitzen, adibidez. Gehien landu beharreko gaia pertsona bakoitzak barruan dituen aurreiritzi eta topikoena da. Hori ez da lortzen liburuak irakurriz, pertsonak ezagututa baizik. Liburuetan estralurtarrak izango balira bezala aztertzen dituzte, baina pertsona normalak dira, haien gustu, zaletasun eta afinitate ezberdinekin.

jaione_talde
– Zer ikas dezake gizarteak adimen urritasuna duten pertsonez?
Asko ikas dezake. Esate baterako, gaur egungo gizartea oso indibidualista da. Adimen urritasuna duten pertsonen hurbiltasunaz eta gardentasunaz kutsatu beharko genuke. Pertsona baten aurrean egotea, eta jakitea ikusten duzun bezalakoa dela, gauza handia da. Nik uste harribitxi batzuk direla, eta jende askok ez duela ezagutzeko zorterik izan.
– Orokorrean, zein da Atzegin egin dituzun zazpi urteen balorazioa?
Sorpresa handi bat izan da niretzat, gero eta indar handiagoa hartu duena. Badirudi boluntario izaterakoan asko ematen duzula, eta ez duzula bueltan ezer jasotzen. Baina ez da horrela. Nik edonor animatuko nuke Atzegin edo antzeko elkarteren batean parte hartzera. Gaur egun gazte asko ikusten ditut, aspertuta daudenak, zer egin ez dakitenak. Jendeak kanpora joan nahi izaten du, eta ondo dago, baina hemen bertan badaude mila modu errealitate ezberdinak ezagutzeko eta esperientzia aberasgarriak bizitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude