Cristina Laborda Obretarako ordezkariak ostiral honetan jakitera eman duenez, Jaizubia hiribidearen eta Pozuetakogaina kalearen arteko oinezkoentzako pasabidea irekita dago. 2019ko Partaidetzako Aurrekontuen prozesutik sortutako jarduera da, eta bide hori erabili ohi duten auzotar guztientzat sarbide erosoagoa, seguruagoa eta zuzenagoa ahalbidetuko du.
“Hiriko oinezkoen mugikortasunaren aldeko beste urrats bat da, azken aldian ematen ari diren urrats ugarien aldekoa. Kasu honetan, gainera, herritarrek eta uztarri Ona Auzo Elkarteak berak eskatu dute, eta eguneroko bizimodua asko hobetuko da auzo horretarako sarbideetan “, azaldu du Cristina Labordak.
Jarduketaren deskribapena
Gaur egun, oinezkoek Jaizubia hiribidetik edo Puiana hiribidean eta Pozuetakogaina kalean barrena lotzen dituzte Urdanibia urbanizazioa eta Katea. Bi aukerek itzulinguru handia egitea eskatzen diete, eta, horregatik, askotan, egokitu gabeko ibilbide bat erabiltzen dute, Jaizubia hiribidea eta Pozuetakogaina kalea Tonpesenea baserrian barrena lotzen dituena. Horrela, Jaizubia hiribidearen eta Pozuetakogaina kalearen artean oinezkoentzako lotura ibilerraz bat sortzea da lanen helburu nagusia.
Ildo horretatik, ibilbidea Urdanibia Berriko eskaileren aurrean hastea aurreikusten da: bertan, oinezkoentzako pasabide goratu bat sortuko da, bi eremuak lotuko dituena eta, ondoren, Tonpesenea baserriaren iparraldeko mugatik gorantz joango dena. Baserria zeharkatutakoan, bideak iskin egin, eta hegoalderantz egingo du, Pozutekogaina kaleraino, non oinezkoentzako beste pasabide bat sortuko den bide berria eta aurrez aurreko espaloia lotzeko. Proposatutako ibilbidea 169,00 metro luze eta 2,00 metro zabal izango da, eta, luzetara, % 5,97ko malda izango du.
Horretarako guztirako, aurrez, lursaila sastrakaz garbitu beharko da, baita esku hartuko den eremua oro har profilatu, lurrak erauzi eta betelanak egin, ibilbide berriaren oinarriko plataforma eraikitzeko.
Bestalde, Jaizubia hiribidearen eta Errotaundi ibilbidearen arteko oinezko eremuari jarraipena emateko asmoz, ibilbide berri bat proiektatu da haren eta Urdanibia Berriko eskaileren artean: espaloi goratu bat, Jaizubiko bidearen goranzko erreiaren ondoan, 2,00 metro zabal eta 95 metro luze izango dena gutxi gorabehera. Zerbitzu sareei dagokienez, euri uren saneamendurako azpiegitura berriak eta argiztapen azpiegitura berriak egitea aurreikusten da, eremu bakoitzean drainatze eta argiztapen baldintza egokiak bermatzeko hurrenez hurren. Gainera, edateko ura eramateko egungo sarearen ordez, beste eroanbide bat jarriko da Jaizubia hiribideko espaloiaren azpian.
Urdanibiatik Katea auzora
Cristina Labordak azken urteetan oinezkoen segurtasuna eta mugikortasuna hobetzeko, ingurunean egindako gainerako esku-hartzeen barruan kokatzen du obra hau. “Horrela, badugu oinezkoentzako ibilbide zuzen bat, minutu batzuetan arazorik gabe konektatzen duena Katea auzoa eta Urdanibiaren urbanizazioa”.
Ireki berri den Pozuetakogainako igarobide horretaz gain, ordezkariak Aranibarko etxeak eta Elizatxo hiribidea 2017tik lotzen dituen oinezkoen ardatza eta Letxunborro hiribidearekiko lotura aipatu ditu, baita duela gutxi, 2020an, bizilagunen elkarteak eskatuta, Katea auzoa Euskotren geltokiarekin eta Elizatxo hiribidearekin modu seguruagoan lotzeko egokitu den espaloia ere.