Irungo Udalak eta Real Unión klubak indarrak batu dituzte kirolean zein gizartean jarrera arrazisten aurka egiteko. Klubeko beheko mailetako jokalari batek partida batean jasan zituen iruzkin arrazisten aurrean, Stadium Galeko amankomuneko guneetan pankarta bat jarriko da, ‘Zuritik beltzera, arrazakeriaren aurka elkartuta. Kirola batasuna da!’ lelopean. Ekintza honen bitartez herritar guztiak sentsibilizatu nahi izan dituzte horrelako ekintzak ohiko bihurtu ez daitezen.
Ekimena Giza Eskubideetako eta Kiroletako arloek bultzatu dute Irungo klubarekin berarekin batera, Arraza-bereizkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren esparruan, ostiral honetan, martxoaren 21ean, ospatzen dena.
Gorka Álvarez Giza Eskubideen ordezkariak azpimarratu duenez, martxoaren 21ean edozein diskriminazio moduren aurka borrokatzeko betebeharra eta erabakia berretsi nahi izan dituzte: “Erreferentzia xenofobo eta arrazistak dituzten adierazpenek ez dute lekurik gure hirian”. Giza Eskubideen ordezkariaren hitzetan, “diskurtso arrazista oro pertsona guztien arteko funtsezko berdintasunaren aurkakoa da eta Irungo Udaletik edozein ekintza, manifestazio edo gertakari arrazista gaitzesten dugu”.
Bere aldetik, Kirol ordezkaria den Borja Olazabalek argi utzi du arrazakeriak ez duela lekurik Irunen. “Edozein traza arrazista gure ideien aurka doa, eta gure betebeharra da hori seinalatzea, gure hirian berriro gerta ez daitezen”, adierazi du Olazabalek. Kirol ordezkariak erantsi du udaletik lanean jarraituko dutela Irun hiri tolerantea izan dadin bere alderdi guztietan, eta noski, beren babes eta maitasun guztia bidaltzen diogu irain arrazista horiek zoritxarrez jasan behar izan zituen Real Unióneko jokalariari. Borja Olazabalek gaineratu duenez, “gainera, kirola erabiltzea, kasu honetan futbola bezain jendetsua den bat, eta Real Unionen eskutik egitea, tresna ezin hobea iruditzen zaigu hain mezu garrantzitsua helarazteko”.



