Bide Publikoko ordezkaria, Mónica Martínez, eta Mugikortasunekoa, Borja Olazabal, Javier Esteban Indart kalean bukatu berri diren lanak ikusten izan dira. Izan ere, azken hilabeteetan, konfinamenduaren ondoren Irungo zenbait kaletan oinezkoentzako guneak sustatzeko eta urruntzea ahalbidetzeko hartutako neurrien barruan, behin ibilgailuak desagertuta, itxura berria hartzen joan da ingurua.
Mugikortasuneko ordezkariak ziurtatu duenez, “kasu honetan, neurria arrakastatsua izan da hasiera-hasieratik. Zirkulazioa desbideratzeko alternatiba erraza zen, eta autorik gabeko gune seguruagoak izateko eta distantzia handiagoak uzteko lekua aurkitu dugu, auzotarrentzat zein merkatari eta ostalarientzat. Berehala, jarduketa honek jarraipena izan zezakeela ikusi genuen, Letxunborro hiribidean bezala, eta, gainera, Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko pausoen esparruan kokatu nahi izan genuen; zehazki, hiri eta komunitate jasangarriagoak sortzeko helburuaren esparruan”.
Neurri hau planteatzeko eskaera alarma egoeraren aurretik ere helarazi zitzaion Udalari, eta hark behin-behinean jarri zuen martxan, hilabete batzuetarako. Gerora, auzotarrek neurria behin betikoa izatea nahi zutela jakinarazi zioten Udalari.
Javier Esteban Indart kalean Bartolomé de Urdinso eta Zubiaurre kaleen artean egindako jarduketari dagokionez, Bide Publikoko ordezkari Mónica Martínezek azaldu duenez, “proiektu xume baina praktiko bat egitea zen asmoa, kaleari itxura polita emateko eta kaleko altzari berezi batzuk jartzeko, galtzadari akabera berezia emateaz gain”.
Horrela, kalea oinezkoentzat bakarrik egokitzeko eta kalearen itxura erabilera horrekin bat etortzeko, hainbat hiri elementu jarri dira, ibilgailuak ezin sartzeko batetik eta oinezkoak gustura egoteko giroa eta autorik gabeko gune gehiago sortzen laguntzeko bestetik.
Guztira, akabera zuriko hormigoizko hamahiru jardinera prefabrikatu instalatu dira, bertan loreak landatzeko, loreak erraz mantentzeko eta, horrela, elementuok kalean integratzen laguntzeko moduko tamainakoak. Gainera, zazpi banku eta bost aulki jarri dira, oinezkoak egoteko eta biltzeko guneak sortzeko. Azkenik, kolore eta forma desberdinetako xaflak jarri dira galtzadan barrena, oso ikusgarriak.