Jesus Camarero, Jeca eta Bost dendetako jabekidea: “Duela urte batzuetatik hona hiriko jaiekin lotutako arropa bezeroei eskaintzeko espezializatu nahi izan gara”

Hiriko jai ezohiko batzuen atarian Irungo Jeca eta Bost arropa-dendek festak ospatzeko arropa guztia eskainiko diete haien bezeroei, aurreko urteetan egin izan duten bezala. Emakume zein gizon irundarrek festak ospatzeko behar dituzten jantzi eta osagarri guztiak aurkituko dituzte hiriaren erdigunean kokatutako lau denda hauetan.

Jeca eta Bost dendetan hiriko jaiekin lotutako arropa salgai izan ohi duzue?
Bai, duela urte batzuetatik hona hiriko jaiekin lotutako arropa bezeroei eskaintzeko espezializatu nahi izan gara. Horrela, alardean desfilatzen duten soldaduentzako arropa ekartzeaz gainera, festak espaloietatik bizi dituztenentzako arropa eta osagarriak ekartzen ditugu dendara ekaineko hilabetearen inguruan. Aurten argi dago urte berezi baten aurrean gaudela eta jai egun nagusiarekin zer gertatuko den jakin ez arren, dendara hurbildu diren bezeroek San Martzial egunean ohiko arroparekin janzteko asmoa dutela adierazi digute. Izan ere, neurriak errespetatuz, baina, jendeak kalera ateratzeko asmoa du, San Martzial eguneko ohiturak errespetatuz. Hortaz, bezeroek aurten ere hirian dauzkagun lau dendetan jaiekin lotutako arropa erosteko aukera izango dute.

Noiz egiten dituzue jaiekin lotutako lehen eskariak?
San Martzialeko arropa ez da egun batetik bestera eskatzen den zerbait, beraz, orain arte egindako eskariak mantendu ditugu. Jaietarako eskari bereziak iraileko hilabetean egin ohi ditugu, Hondarribiko jaietako kanpaina amaitu ondoren, hurrengo urtera begira. Izan ere, bi festetan arropa bera erabiltzen da zenbait kasuetan, adibidez, galtza zuriak, jaka beltza, alkandora zuria edo zinta beltzak dauzkaten alpargatak, besteak beste. Eskatutako materiala apirileko hilabetearen amaieran jaso ohi dugu eta, egutegi normala jarraituz gero, lehen kantinera aukeratu bezain laster jaiekin lotutako eskariak jasotzen hasten gara. Urtero bezala, aurten arropa dendetan dugu jada eta erakusleihoak aste honetan bertan muntatuko ditugu.

“Orain arte egindako eskariak mantendu ditugu”

Soldaduen kasuan, zuen dendan jantziarekin lotutako arropa eta osagarri guztiak erosteko aukera ematen diezue bezeroei?
Horrela da, bai. Alpargatetatik hasi, galtzerdiak, galtzak, gerrikoa, alkandora, jaka, zapia, gorbata eta txapela bertan erosteko aukera dute. Hortaz gain, arropak beharko lituzkeen konponketak egiteaz ere arduratzen gara.

Soldadu jantziaz gainera, jaietako koloreak dauzkan arroparen eskaintza zabala izan ohi duzue?
Noski, kolore gorri, beltz eta zuriko arropa eskaintza zabala ekartzen dugu data honen inguruan. Aspalditik egiten dugun zerbait da, hiriari kolorea ematen dio eta erakusleihoetan ere kolore horiek ipini ohi ditugu ekaina hasieratik.

Zer da jendeak gehien erosten duena?
Bezeroaren profilaren araberako da hori. Desfilatzen duenak aukera mugatuak dauzka arropa aukeratzerako unean eta oso gauza zehatzak erosten ditu noizean behin. Gainontzekoak, emakumeak batez ere, denboraldiko tendentziak bilatzen saiatzen dira, festetako koloreak errespetatuz.

Jendeak jaietarako prestatzeko asmoa du?
Ziurgabetasun handia dago jaien inguruan, baina, jendeak festetako arropa ekarriko ote dugun eta salgai noiz jarriko ote dugun galdetzen hasi da.

Ekaineko hilabetean zehar, zein izan ohi da salmenta gehieneko unea?
Batez ere, ekainaren 23tik aurrera. Jendea arropa armairutik ateratzen du, egun handirako prestatzen hasten da eta zer behar duen ikusten du.

Erraza izan da dendak “normaltasun berrirako” prestatzea?
Hortan gabiltza . Bezero zein langileentzako prebentzio neurri eta material guztiak jarraitu eta erabiltzen ditugu. Hortaz gain, arropa probatu ostea, arropa zein aldagelak lurruneztagailuz desinfektatzen ditugu.

Nola aurreikusten dituzue aurtengo merkealdiak?
Gai honen inguruan ere ezjakintasun handia dago sektorean. Guk gertuko merkataritzaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, baina, berrogeialdiak erakutsi digu online bidezko salmentak egun duen garrantzia. Merkealdietan eskaintza are bereziagoak izango ditugu aurreko urteekin alderatuta, izan ere, bi hilabete lan egin gabe egon gara eta oraindik behintzat ez da ezkontzak bezalako ekitaldirik antolatzen, beraz, prezio bereziak eskaintzera behartuta gaude.

Nolako eragina izan du pandemiak kontsumitzaileen erosketa irizpideetan?
Erosleek orain arroparen jatorriari garrantzi gehiago ematen diotela ikusi dugu, hau da, estatutik kanpo egindakoari uko egiten hasi dira. Guk estatuko produkzioaren aldeko apustua egin dugu betidanik eta horrela jarraituko dugu, ekoizpen nazionalekoak diren oihalak eta produktuak lehenetsiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude