
Santiagotarrak kirol elkarteko Jon Moreno piraguistak Txinako Mundialean parte hartzeko txartela lortu du Frantziako Decize herrian antolatutako Europako Txapelkean 5. postua lortu ostean. Garaipenez betetako urtea izan da Jon Morenorentzat, izan ere, Espainiako Txapelketan 2. postua lortzeaz gain, Sellako jaitsieran K1 modalitateko Sub23 kategorian bigarren izan zen ere. Orain, mundiala prestatzeko lanetan murgildurik dabil buru belarri emaitza bikainen segida honi jarraipena emateko .
Garaipenak sorpresa bat izan dira?
Bai, esan bezala, aurten ez naiz bereziki txapelketetarako prestatzen aritu. Burua beste gauzetan sartuta izan dut, karrera bukatzen ibili naiz eta ikasketak amaitu bezain pronto, lanean hasi nintzen. Hortaz gain, entrenatzaile lanetan aritu naiz, orduan, ez naiz %100ean denboraldia prestatzen ibili.
Pozik zaude lortutako emaitzekin?
Espainiako txapelketan oso ondo ibili nintzen, bigarren postua lortu nuen, honela, Europarako pasea lortuz. Karrera oso ondo atera zen egia esan, sprint baten ostean, portugesa hirugarren sartu zen, ingelesa laugarren eta ni bosgarren. Espainiako Federazioak jakinarazi zuen aurten 5 lehen postuak lortzen zituzten kirolariek izango zutela Mundialean parte hartzeko aukera. Horrela, Txinako Mundialera joateko txartela lortu dut eta orain mundialerako prestatzen hasi beharko naiz.
Federazioaren laguntzarik duzu bidaiaren gastuak kudeatu eta ordaintzen laguntzeko?
Aurten Sub23 kategoriako kirolari bakar bati ordainduko diote mundialerako txartela. Azkenean, Zumaiako neska batek lortu zuen posturik onena, beraz, nire kabuz ordaindu beharko dut.
“Azkenean, denbora ondo antolatzean dago gakoa,
bai kirolarekin zein ikasketekin”
Zuk lortutako emaitzez gain, Santiagotarrak klubean piraguismoak oso momentu ona bizi du?
Bai, argi eta garbi ikusten da zuzendaritzaren lana, egunero kluba aurrera ateratzeko lanean baitaute. Izan ere, zuzendaritzak ez badu ondo funtzionatzen, klubak ez du ondo funtzionatuko. Bestetik, entrenatzaileen lana aipatzekoa da ere. Gure kasuan Erik dago entrenatzaile lanetan eta bere lana ikusten da. Aurten Santiagotarrak klubeko 7 ordezkarik parte hartu dute nazioarteko txapelketetan Aitor, Telmo, Nerea, Intza eta nirearekin. Gainera, 2000 eta 2010 urteen artean ez da horrelako emaitzik lortu eta, horrek, atzean ezkutatzen den lana agerian uzten du.
Arrotasun bat izango da zure kluba nazioarteko txapelketa batean ordezkatzea ez?
Bai, noski. Nazioarteko txapelketez gainera, Espainia mailan kadeteak oso emaitza onak lortzen ari dira. Espainiako Txapelketa batetik itzultzen garenean, domin askorekin itzultzen gara.
Munduko txapelketan zein kategoria edo probatan lehiatuko zara?
Intza eta ni maratoian aritzen gara. Nire kasuan, sub23 kategorian 26 kilometro egiten ditugu eta zirkuito bati bueltak ematean datza, buelta bakoitzean porteo bat egiten delarik. Piraguatik irten, ontziraleku edo hondartza txiki batean jeitsi, piragua eskuan duzula 100-200 metro korrika egin. Maratoiak lasteketa luzeak dira, ordu eta erdi edo bi ordu arteko iraupenarekin, beraz, indarrak kudeatzen jakitea oso garrantzitsua da.
Indar fisikoaz gainera, indar psikologikoak ere bere garrantzia du?
Bai. Orain mundiala prestatzea tokatzen da. Beste urte batzuetan abuztura nahiko nekatatuta iritsi ohi naiz denboralditik. Aurten, ordea, gogo askorekin nago, aurretik beste gauzetan ibili naizenez, orain mundialaren prestaketan zentratu ahal izateko.
Nola uztartzen dituzu lana, entrenatzaile kargua eta zure entrenamenduak?
Azkenean, denbora ondo antolatzean dago gakoa, bai kirolarekin zein ikasketekin. Libre gelditzen zaizun denbora gutxia ikasketak aurreratu edo ahal duzun guztia egiten saiatu behar zara, baina, azkenean pena merezi du.