PuntuEUS Fundazioak domeinuaren aurkezpena egin zuen martxoaren 10ean Irunen. Bidasoa Bizirik erakundearen Enpresen Zentroan izan zen, Larreandi
auzoan. Handik hurbil bizi da gaur egun Jon Oliden zumaiarra, Fundazioko
marketing eta komunikazio arduraduna. Berak azaldu zituen Fundazioaren eta domeinuaren nondik norakoak. Sustatze eta zabaltze lanean dabil Oliden.
– Zer da PuntuEUS Fundazioa?
PuntuEUS fundazio pribatu bat da, euskararen eta euskal kulturaren domeinua kudeatzea helburu izan duena. PuntuEUS fundazioak ez du domeinu-izenik zuzenean saltzen. Domeinu-izenak erregistratzaileen bidez erosten dira. Fundazioak erregistratzaileekin hitzarmenak ditu, eta bezeroak egokien ikusten duena aukeratu dezake. Beraz, fundazioak domeinua sustatzen du, informazioa ematen du, zalantzak argitzen ditu, baina ez du domeinu-izenik saltzen.
– Zein pauso eman behar izan zituen Fundazioak .eus domeinua erabiltzaileen esku jarri arte?
2007an abiatu zen proiektua, kataluniarrek .cat domeinua eskuratu zutenean. Iratxe Esnaolaren ekimenez sortu zen ideia. Prozesua luzea izan da, ICANN elkartearekin negoziazio luzeak egin behar izan direlako. ICANN elkartea Interneteko notarioa dela esan genezake. Interneteko izenak eta zenbakiak kudeatzen ditu. Beraz, hark onartzen ditu domeinuak. 2013ko ekainean iritsi zen onarpena. Hasieran aitzindarien fase bat egon zen, domeinua edukitzen lehenak izan nahi zuten erakunde, elkarte eta enpresekin. 2014ko abenduaz geroztik dago edonoren-tzat eskura. Salbuespen bat dago: udalerrien izenak blokeatuta daude, oraingoz udalek bakarrik har ditzaten.
– Zenbat web gune dira gaur egun .eus domeinua dutenak? Aurreikuspenak bete al dituzue?
3.400 web gune dira. Geografiaren aldetik begiratuta, gehienak Euskal Herrikoak dira, noski, baina diasporakoak ere badaude. Euskal Herriari dagokionez, gipuzkoarrak dira gehienak. Euskararen presentzia kontuan hartuta logikoa da. Bizkaia eta Araba hazten ari dira; Nafarroan eta Iparraldean, aldiz, zabalkundea areagotu behar dugu. Sektoreei erreparatuta, hasieran erakunde publikoak izan ziren gehienak. Orain, berriz, enpresen arloan du hazkunde handiena. Kopuruari dagokion aurreikuspenik ez genuen egin, ez baitakigu zenbat web gune dauden guztira Euskal Herrian. Abenduan aurkeztuko dugun Behatokiari esker jakingo dugu hori.
– Balio erantsia ematen du .eus domeinuak?
Euskara eta euskal kultura ordezkatzen duen domeinua da. .com-ek edo .net-ek, adibidez, ez dute ezer adierazten; honek, aldiz, bai. .eus-ek identitate bat ematen du, euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen identitatea. Ez da kontu geografiko bat. Bi dira irizpideak: behintzat edukiaren parte bat euskaraz duten web guneak izan daitezke, edo euskarari edo euskal kulturari buruz hitz egiten dutenak. Esate baterako, erdaraz argitaratzen den egunkari batek .eus domeinua izan dezake, puntualki euskarari eta euskal kulturari buruz idazten badu.
– Zer beste abantaila izan dezake?
Interneteko helbide baten bidez, enpresa, elkartea edo dena delakoa kokatu daiteke. Kanpotik begiratzen gaituztenei dagokienez, oso interesgarria da hori. “Euskadi” edo “Basque Country” markak indartu diren bezala, euskal domeinuak erreferentzia sortzen du. Gainera, Interneten betidanik izan da domeinuak erosten ibiltzen den jendea, gero saltzeko asmoz. Horren aurka babes moduan funtzionatzen du .eus-ek. Google bezalako bilatzaileei dagokienez, posizionatzen lagundu dezake. Euskarazko edukia sarean babesten duen txapela ere bada .eus, euskara Interneten bildu eta indartzen duena.
– Euskara eta euskal kultura sustatzeko helburuak nolabaiteko konpromisoa eskatzen du erabiltzaileen aldetik.
Hori norberaren gain dago. Guk mezua zabaldu dezakegu, jendea animatu dezakegu, baina azken erabakia ez dago gure esku. .EUS domeinua erabilgarri da edozein web gunerentzat, dendari, enpresa edo elkarterentzat, betiere komunikazioaren zati bat euskaraz egiten badu.
Batzuk prezioa dela eta kexatu izan dira. Horiek ulertu behar dute beste domeinu batzuk ez dituen ezaugarriak dituela .eus-ek. Ez da Interneteko domeinu hutsa. Orain 50 euroan dago, beste domeinu batzuk baino garestiago. Normala da, hasieran estali beharreko kostu batzuk daudelako. Dena den, beste domeinuak bezala, denborarekin merketu egingo dira.