Bideo saioa du Jon Vazquezek (Irun, 1992), elkarrizketaren ondoren. Taldekideek gogoz hartuko dute arratsalde lasaia. Ezker hegaleko jokalaria, aldiz, entrenatzeko eta lehiatzeko irrikaz dabil. Zortzi hilabete luzea eman ditu eskubaloian jokatu ahal izan gabe, lesio larri baten ondorioz. Aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen ekainean, Asobal Ligara igotzeko play off-eko finalerdian.
Ebakuntzaren ondoren, errehabilitazio luzea egin behar izan du. Ligako bigarren itzulia hastearekin batera, ordea, lehiara bueltatu da Jon Vazquez. Villa de Arandaren aurkako neurketan egin zuen debuta Asobal Ligan. Partida hura irabazi egin zuen Bidosoak, eta hurrengoa ere bai, Santanderren, Sinfinen kontra. “Bi garaipen horiek bultzada handia eman digute, datorrenari aurre egiteko”, aitortu du Jon Vazquezek. Pozik dago, taldearen parte baita berriro.
Nola ikusi duzu zure burua, lehiaketara bueltan?
Nahiko arraro, hasieran. Hainbeste hilabeteko etenaren ondoren, ez nuen sinesten berriro lehiatzen ari nintzenik. Erritmoa falta zaidala agerikoa da, baina hobekuntza nabaritu dut partidaz-partida. Hurrengoetan, nire maila onenetik gero eta gertuago egon nahi nuke.
Beldurrik izan duzu?
Kontrakoa, lasaitzeko esan behar izan didate behin baino gehiagotan, indar handiz ari nintzelako. Gogoan dut, taldekideen erritmoan entrenatzen hasi nintzenean, ahul samar sumatzen nuela belauna, eta molestia txiki batzuk ere banituela. Arruntak zirela esan zidaten, hala ere, denbora luzez egon naizelako maila horretan entrenatu gabe. Azken asteotan ez dut inolako minik nabaritzen.
“Gehien landu beharreko arloetako bat da mentala”
Konfiantza aldetik, ondo al zabiltza?
Lehen neurketan, konfiantza falta sumatu nuen. Hurrengoetan, ordea, gero eta gutxiago. Urduritasuna, gero eta txikiagoa da. Edonola ere, lesio larri baten ondoren, gehien landu beharreko arloetako bat da mentala.
Nola gogoratzen duzu iazko ekaineko igoera fasea?
Ilusio handia genuen denok, eta presioa ere bai. Partidak ez ziren bikainak izan, baina aurrera atera genituen, eta helburua bete genuen. Jakina, niretzat mingarria izan zen finalean ez parte hartzea. Triste nengoen, amorratuta, baina igoeraz gozatu ahal izan nuen, hala ere.
“Beti sentitu izan dut babesa, bai klubarena, baita zaleena ere”
Ebakuntza egin behar izan zizuten, eta errekuperazioa luzea izango zela jakinda ere, zugan konfiantza izan zuen klubak.
Hala da, klubak Iñigo Aldaba harrobiko jokalaria hautatu zuen nire hutsunea betetzeko, eta ondo egin du, gainera. Nik beti sentitu izan dut babesa, bai klubarena, baita zaleena ere. Ez dut kexarik, zentzu horretan.
Gogorra izan al da errehabilitazioa?
Hasieran pazientziaz hartu nuen, baina denborak aurrera egin ahala, gero eta ezinegon handiagoa sentitzen nuen. Lan errepikakorra da, aspergarria, eta bakartia. Taldetik aparte sentitzen zara, haiek bidaiatzen dutenean, adibidez, gimnasioan gelditu behar duzulako. Dena den, medikuek emandako epeak ondo bete ditut, eta horrek indarra eman dit. Taldearen norgehiagokak ikusterakoan, sufritzea egokitu zait.
Debuta egin duzu Asobal Ligan. Zer da gehien harritu zaituena?
Egia esan, lesioaren ondoren, gehien inporta zitzaidana zen eskubaloian berriro jokatu ahal izatea. Kategoriarena, alde batera gelditu zen niretzat. Nolanahi ere, aurreko urteetan ere Asobal Ligako taldeen aurka jokatutakoa nintzen. Ohorezko B Mailako talde onenen kontra aritzea bezalakoa da, Bartzelona, Naturhouse La Rioja edo sailkapeneko lehen tokietan dauden taldeak alde batera utzita. Oso jokalari onak daude Asobalen, eta erritmoa oso altua da.
Hala ere, Asobalen jokatzea ametsa izango zen zuretzat, harrobiko taldeetan jokatzen zenuenean.
Bai, hala da. Asobal hura ez zen berdina, sekulako taldeak zeudelako, Europa mailako jokalari onenekin. Hainbeste aldatu da egoera, bertako jokalariok goi mailara ailegatzeko aukera gehiago dugula orain. Nik hobby gisa hartu izan dut beti eskubaloia, disfrutatzeko intentzioarekin. Pixkanaka gora egin dut, mailaz-maila, eta honaino iritsi naiz. Zalantzarik gabe, irundarra izanik, Bidasoan eta Asobal Ligan jokatu ahal izateak, balio handia du.
Klubetik atera behar izan zenuen, senior mailara iristean. Bide propioa egin duzu, bueltatu ahal izateko.
Lehen taldeak maila handia zuen niretzat, garai hartan. Horregatik, Hondarribira joatea erabaki nuen, Estatuko Bigarren Mailara. Handik Errenteriako Ereintzara, Lehen Mailara. Talde lehiakorra osatu genuen, eta Ohorezko B Mailara igo ginen. Bertan bi urte egin ondoren, Bidasoaren deia jaso nuen.