JONATHAN MESONERO, biolinista: “Bihotzera zuzenean bidalitako mezua da musika”

Bosgarren aldiz elkartu da Taupadak Orkestra Sinfonikoa, urtarrilaren 9an Amaia Kultur Zentroan. Iker Sanchez zuzendari zela, kalitatezko musika emanaldia eskaini du 60 musikari profesionalek osatutako taldeak. Bildutako dirua, Taupadak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Bolivian duen proiektu solidariora bideratu dute. Musikarien artean, Jonathan Mesonero biolinista irundarra aritu da. Pablo Sarasateren “Fantasía Carmen” obran bakarlari lana bete du. Biolinista gaztea Berlinen bizi da gaur egun, baina gustura hartzen ditu etxean jotzeko aukerak. Homepage.Jonathan Mesonero.202.1
Zein sentsazio eragin dizu berriro Irunen aritzeak?

Ilusio handia, batez ere. Etxean jo ahal izatea paregabea da. Lagunen eta senideen txaloak jasotzea oso berezia da, hitzez azaltzen zaila. Batez ere, horrenbeste aldiz etxetik hain urrun jotzen ibili ondoren, ondokoen babesa sentitu ahal izan gabe. Europako beste lekuetan baino beroagoak dira txaloak hemen.

Eta Taupadak GKEren aldeko kontzertu solidario batean parte hartzeak?

Taupadak Gobernuz Kanpoko Erakundearen proiektua irundar moduan harro egoteko arrazoia da. Amaian eskaini dugun kontzertu honekin, Boliviako San Ignacio de Moxos herrian hezkuntza musikala eskaintzeko dirua bildu dugu.

Oso pozik nago antolatzaileak nirekin harremanetan jarri direlako aurten. Nire ekarpenari esker, haurrek musikan bizimodua topa dezaten espero dut. Zeharo aberasten gaituen hezkuntza ematen du musikak.

Irunen hasi zinen musikan. Nola gogoratzen dituzu zure lehen urratsak?

Jolas baten moduan gogoratzen ditut. Nire ustez, behintzat, hala behar dute izan. Nire gurasoek bidalita hasi nintzen musikan, oinarrizko ezagutza batzuk izan nitzan nahi zutelako. Baina inolako presiorik gabe. Horregatik, nik aukeratutako bidea egin ahal izan dut. Familiaren babesa jaso dut beti, eta hori eskertzekoa da. Garai ederra izan zen, ilusioz eta gogoz betea. Egunero ikasten nuen zer edo zer, eta horrek motibazio handia ematen zidan. Zoritxarrez, guraso askok sakrifikatzera behartzen dituzte haurrak, musika benetan gustuko duten jakin gabe. Akats larria da.

Zergatik aukeratu zenuen biolina jotzea?

Ez nuke jakingo esaten. Instrumentu ezberdinetako kontzertuetara joan nintzen, eta gehien gustatu zitzaidana biolina izan zen. Horrela erabaki nuen biolina nire bidelagun egitea. Egia esan, hobeto pentsatuta, banuen instrumentu errazagoren bat aukeratzea.

Nola erabaki zenuen musika izan nahi zenuela ogibide?

Ez zen sekula nire helburua izan. Egiten nuenarekin gozatzen nuen, eta ahalik eta gehien ikasten saiatzen nintzen, besterik gabe. Bide honetan jarraitzeko gaitasuna nuela esaten zidaten, baina eskolan ere ondo ibiltzen nintzen, eta irakasle batzuek ez zuten begi onez ikusten musika ogibide aukeratzearen ideia. Gaur egun, aldiz, oso harro nago egin nuen hautuaz.

Musikenen jarraitu zenuen ikasten. Nola baloratzen duzu, gaur egun, han jasotako formazioa?

Musikenen musikari egin nintzen. Askotan gertatzen zaigu ez dugula daukaguna baloratzen, galtzen dugun arte. Musikenerekin hori gertatu zait. Hezkuntzarik onena jaso nuen han, eta familia handia da, gainera, niretzat. Irakasle apartak ezagutu nituen, eta harreman ona dut oraindik horietako batzuekin. Musikenen hazi egin nintzen musikari dagokionez, baina baita arlo pertsonalean ere. Musikeneko irakasle batzuk Amaiako kontzertuan izan ziren nire emanaldia entzuten.

Berlinera joan zinen ondoren. Zeren bila?

Etxetik irten behar nuen, nire formazioa nazioarteko beste eragin batzuekin osatzeko, eta musikaren mundua modu zuzenago batean bizitzeko. Horretarako leku aproposa da Berlin. Hiriko txoko bakoitzean arnasten da kultura. Zaila izan da unibertsitatean onartua izatea, baina horri esker, irakasle onenekin lan egin ahal izan dut. Pozez zoratzen nago.

Nolakoa da zure eguneroko bizimodua?

Oso aldakorra. Etxean nagoenean bizitza arrunta egiten dut. Ikasi, irakurri, kirol pixka bat egin… Baina oso ohikoa izaten da aireportuetan orduak ematea, asko bidaiatzen baitut. Ez naiz kexatuko, gustuko dut nire bizimodua.

Nolako bilakaera izan duzu biolinista moduan. Zertan aldatu zara?

Teknikoki hobetu dudanaz gainera, independenteagoa izaten ikasi dut. Nire buruarengan konfiantza asko izaten. Horri esker, borroka egiteko, erortzeko eta berriro altxatzeko indarra bildu dut. Bide horretan sakontzen jarraitu behar dut. Kontrako iritzi asko entzuten dira, beraz, zure buruarengan sinistea funtsezkoa da.

Nola aurkeztuko zenuke zure burua, gaur egun?

Pertsona inkonformista eta anbizioz beterikoa naizela esango nuke. Ez dut sekula atzera begiratzen, eta nahi dudanarengatik borrokatzen dut. Nire printzipioekiko fidela naiz.

Zein helburu duzu?

Betez ere zoriontsu izatea, eta ahal bada, nire kontzertuetara hurbiltzen den jendea ere zoriontsu egitea. Hori da musikarion funtzioa. Entzuleak harrapatzea eta gozatu araztea. Bihotzera zuzenean bidalitako mezua da musika. Hori da lortzen saiatu behar duguna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude