Jonathan Mesonero, biolinista: “Biolina izan zen ni hautatu ninduena”

 Eskolaz-kanpoko jarduera bezala iritsi zen musika Jonathan Mesonero gazte irundarraren bizitzara. Denborarekin “hobby” batean bihurtu zen eta, musika gustoko izateaz gainera, trebezia zuela deskubritu zuen. Europa zein Asiako antzoki erraldoietan bere biolinaren musika zabaltzen ibili ostean, Jonathan Mesonero urriaren 27an Amaia Kultur Zentroko eszenatokira itzuli zen, Duo Vórtex izenaren azpian pianoan Jose Antonio Candel lagun izan zuelarik.

Zergatik aukeratu zenuen biolina?
Askotan egiten didaten galdera da hau. Egia esan ez dakit zergatik, baina, hasieratik biolina jo nahi nuela argi eta garbi nuen biolinaren doinua nolako zen ezagutu baino lehen. Gurasoek biolina entzun nezan eraman ninduten eta, askotan esaten den bezala, biolina izan zen ni hautatu ninduena, ez alderantziz.

Zein formakuntza jaso duzu musikari dagokionez?
Irungo Kontserbatorioan nire lehen musika ikasketak amaitu ostean, Musikenen sartu nintzen. Horren ostean, 5 urteetan zehar Berlinen egon nintzen masterreko ikasketak osatzen.

Nola baloratuko zenuke urriaren 27an Irunen emandako kontzertua?
Oso ondo atera zen dena eta esperientzia berezia izan da, izan ere, etxean kontzertu bat ematea berezia da beti. Familia, lagunak eta ezagunak gurekin kontzertuaz disfrutatzera animatu zirenekin elkartu ziren Amaia Kultur Zentroan. Gainera, oroitzapen asko etorri zitzaizkidan burura, gazteagoa nintzenean antzoki horretan bertan emandako lehen kontzertuetakoak. Jotzen jarraitzeko gogoekin gelditu nintzen, batez ere, jendearen komentario positiboak entzun ostean.

Non sentitzen duzu presio gehiago, antzoki handietan edo etxean jotzerakoan?
Presioa eta urduritasuna kontzertu guztietan presente daude. Etxean jotzerakoan, egia da, presioa puntu bat gehitzen dela lotura emozionalaren ondorioz, zure onena eman eta babestua sentitu nahi zarelako.

Zein izan musikari esker bizi izan duzun unerik bereziena?
Kontzertu guztiak bereziak dira. Hortaz gain, momentu bereziak izan dira Berlinen ikasteko onartu nindutenean, Nicanor Zabaleta beka eta Humbolt beka alemana irabazi nituenean …. Orokorrean, nire lana saritu duen errekonozimendua jaso dudan momentu guztiak. Izan ere, sari horiek aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkizute.

Musikaren munduan esan ohi den bezain sakrifikatua ahal da?
Musika zure benetako pasioa bada esfortzu guztiek pena merezi dute. Bestela, tortura batean bihurtu daitekeela uste dut, izan ere, musikariak eliteko kirolariak bezalakoak gara. Hau da, oporrak ez dira gure egutegian sartzen eta egunero ikastea ezinbestekoa da aurretik egindako lana ez galtzeko. Horregatik, kontzertuak oso garrantzitsuak dira aurreko lan-zikloa itxi ahal izateko.

Noiz kaleratuko da zure lehen diskoa?
Aspaldi martxan jarritako prozesua da eta, dena ondo ateraz gero, urte amaieran edo 2020 urtearen hasieran aterako dugu. Diskoak lan eta ordu asko dauzka atzetik, beraz, oso pozgarria da lan horren guztiaren emaitzak ikustea. Era berean, nire buruari egiten diodan opari bat bezala ikusten dut, azken urteetako sakrifizio guztia saritzeko.

Zeintzuk dira zure hurrengo helburua?
Egiten dudanarekin gozatzen jarraitzea eta musikagatik sentitzen dudan pasioa inoiz ez galtzea gustatuko litzaidake. Erraza ez den arren, kontzertuak ematen jarraitzeko babesa eta laguntza eskuratzen jarraitu nahiko nuke. Izan ere, badakit jende askok musikaz bizitzeko aukerarik ez duela eta, azken finean, pribilegiatu bat naizela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude