Irungo Udalak Jose Antonio Loidi izeneko ikerkuntza-beka eskuratu nahi duten proiektuak aurkezteko epea zabaldu du. Proiektuak urriaren 5era arte aurkeztu ahalko dira. Beka bi urtez behin deitzen da eta aurtengoa 14. edizioa izango da.
Antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika ikerketa esparruetako lanak aurkeztu daitezke Irungo Udalak antolatzen duen deialdi honetara. Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egitea ezinbestekoa izango da deialdira aurkeztu ahal izateko. Beka honek gehienez 12 hilabeteetako iraupena izango du eta, guztira, 9.000 euroko zenbatekoarekin sarituko da 2018ko deialdia irabazten duen proiektua. Ikerketa-lana originala eta argitaratu gabea izan beharko da.
Norbanakoek edo ikerketarako sortutako lan-taldeek jaso ahalko dute Jose Antonio Loidi beka. Hortaz gain, eskatzaileek unibertsitate graduatua edo lizentziatura aurkeztu beharko dituzte eta, lan-taldeen kasuan, taldearen erdiak gutxienez bete beharko du baldintza hori. Bestetik, eskatzaileen euskarazko gaitasuna frogatzeko, ikerlari guztiek EGA hizkuntza agiria edo baliokideak aurkeztu beharko dituzte. Deialdiaren oinarriak, informazio osagarria eta eskaera-orri eredua www.irun.org/euskara webgunean aurkitu daitezke.
“Beka honek omenaldi bat izan nahi du adopzioz eta bihotzez bidasotarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat, orain ia hemeretzi urte gure artetik joan zena”
Monica Martinez, Euskara arloko ordezkaria
Jose Antonio Loidi beka 2010 urteaz geroztik bi urtean behin ematen den beka bat da. Monica Martinezek, Euskara arloko ordezkariak adierazi du, “beka honek omenaldi bat izan nahi du adopzioz eta bihotzez bidasotarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat, orain ia hemeretzi urte gure artetik joan zena”. Hortaz gain, Irungo Udalak beka honen bitartez euskarazko ikerketa suspertzea eta bultzatzea bilatzen du.
Aurreko edizioetako irabazleak
2018 urteko deialdiarekin Jose Antonio Loidi beka 14. edizioa antolatuko da. Orain arte asko izan dira beka deialdi honetara aurkeztu diren proiektuak. Azken urteetako edizioetan beka irabazi duten proiektuak era askotakoak izan dira. 2014 urtean Irantzu Epelde Cendoyak garatutako “Irun-Hondarribiko gazteak hizketan: euskalkia eta euskara estandarra, gaur” proiektuak eskuratu zuen beka. 2016. urtean, bekaren azkeneko deialdian, Maddi Mujika Arrizabalaga eta Nere Amaia Laskurainen “Sasiarkazia (Robinia Pseudoacacia L.) espezie inbaditzailearen azterketa dendrokronologikoa Bisasoa Behera eskualdean” ikerketa-lana saritu zen.