Jose Antonio Loidi Bizkarrondo bekaren 2016ko edizioko ikerketa proiektuaren emaitzak aurkeztu dira. Nere Amaia Laskurain eta Maddi Mugika Arrizabalaga ikertzaileek, urtebeteko lanaren ostean, bertako eta espezie inbaditzaileen harremanaren inguruko ikerketaren emaitzak ezagutzera eman dituzte.
Nere Amaia Laskurain eta Maddi Mugika Arrizabalagak “Sasiarkazia (Robinia pseudoacacia L.) espezie inbaditzailearen azterketa dendrokronologikoa Bidasoa Behera eskualdean” proiektuarekin irabazi zuten 2016 urteko Jose Antonio Loidi beka deialdia. Lanaren helburu nagusia Sasiarkazia eta haritz kandudunez osatutako basoen dinamika ikertzea izan da.
Hiru basoetako egoerak aztertu dira ikerketa burutzeko. Eremuetako bat Oñatin kokatua dago eta beste biak Irunen. Hala ere, Irungo partzeletan zuhaitz helduen eta zuhaixken dentsitatea altuagoa da, Oñatiko eremuarekin alderatuta. Lursail horietan sasiarkazia, haritza, lizarra edo gereziondoa bezalako espezieak aurkitu dituzte, era honetan, espezie nitrofiloen presentzia handia baieztatuz. Ikertutako espezien hazkuntza aztertzeko 10 ale heldu lagindu dira, zuhaitz hauekiko 10 metrotako distantzian dauden gainontzeko zuhaitzen tamaina eta ardatzarekiko distantzia kontutan hartzeaz gain.
“Euskaraz ikerketa zientifiko gehiago egitea bultzatzeko asmoa du beka honek”
Monica Martinez, Euskara ordezkaria
Ikerketaren ondorioek erakutsi dutenez, bi espezieen artean sasiarkaziak haritzak baino hilkortasun-tasa handiagoa eta, gainera, haren birsorkuntza-tasa txikiagoa da. Horrela, Irungo lehenengo eremuan eta Oñatikoan haritzaren hazkundea sasiarkaziari gailendu zaio azken urteetan.
Hala ere, sasiarkaziarekin alderatuta, haritza klimarekiko sentikorragoa eta, hortaz gain, esperotakoaren kontra, konpetentziarekiko ere sentikorragoa dela ikusi da. Orain arte egindako basoen kudeaketa bere horretan mantenduz gero, etorkizunean sasiarkaziaren ugaritasuna murriztuko litzatekeela ondorioztatu dute ikertzaileek, beste espezien aurrean erakutsitako birsorkuntza gaitasun baxuarengatik. Dena dela, klima aldaketak etorkizunea udako prezipitazioak murriztuko balitu, aldaketa horiek haritzan efektu handiagoa izango luke sasiarkazian baino.
Sasiarkazia
Biodibertsitatearen galeraren kausa nagusienetako bat da espezie exotiko inbaditzaileen eragina. Sasiarkazia klima epeleko eremuetako zuhaitz espezie inbaditzaile garrantzitsuenetakoa da. Hortaz gain, espezie aitzindaria izanik, ezpondak edo bide bazterrak bezalako perturbatutako eremu naturalak kolonizatzeko gaitasun handia du. Espeziek nitrogenoa finkatzeko duen gaitasunaren ondorioz, ingurunea aldatzen du, espezi autoktonoen galera eraginez eta bertako biodibertsitatea kaltetuz.
Jose Antonio Loidi beka
Bi urtetik behin ikerketarako ematen den beka honen bitartez Jose Antonio Loidiri omenaldia egin nahi zaio. Monica Martinezek Euskara ordezkariak azaldu du, “euskaraz ikerketa zientifiko gehiago egitea bultzatzeko asmoa du beka honek”. Bekaren bitartez Jose Antonio bere bizitzan zehar jorratu zituen arlo ugarien inguruko ikerkuntza proiektuak bultzatzea bilatzen da, Loidik euskararekiko erakutsitako maitasuna eta hizkuntza zabalpenean egindako ahalegina aitortzeaz gain.