Urrezko ezteiak ospatzen ari da Oskarbi musika taldea. 1966 urtean sortu zen Oarsoaldean, ahots harmonikoak oinarri hartuta. Herri kantutegiko abestien moldaketa eta sorkuntza propioak uztartu izan dituzte ibilbide osoan zehar. Ez Dok Amairun parte hartu zuen Oskarbik, eta bere bidea egin zuen ondoren, 1980ko hamarkadaren erdialdera arte. Sei disko grabatu zituzten. Eten baten ondoren, XXI.mendearen hasieran eszenatokietara bueltatu ziren. Aurrerantzean beste lau disko argitaratu dituzte.
Aurten, berrogeita hamargarren urteurrena dela eta, emanaldi bereziak eskaintzen eta disko berria prestatzen ari dira. Irunen ere kontzertua emango dute, maiatzaren 13an, Amaia Kultur Zentroan (20:00). Harago doa Oskarbik Irunekiko duen harremana, hiru musikari irundar ari baitira, gaur egun, taldean: Gontzal Iñarra (flauta), Diego de Vera (perkusioa), eta Maite Lopez de Arbina (biolina). Joselu Treku taldearen sortzaileetako bat da. Oskarbiren historiari buruzko liburua ere idazten ari da.
Berrogeita hamargarren urtemugaren aitzakiaz, kontzertu gehiago ari zarete ematen?
Bai, aurten, urtemuga baliatuz, kontzertu dezente ditugu. Bestalde, disko berr
ia grabatzen ari gara, eta ni taldearen historiari buruzko liburua idazten ari naiz. Guzti hori urteurrenean kokatzen dela esan daiteke.
Diskoan abesti berriak sartuko dituzue?
Aspaldiko kantu bat berreskuratuko dugu, grabazio txar batean dagoena. Beste guztiak orain sortuak dira. Gure betiko bi adarrak jorratu ditugu. Herri kantak daude alde batetik, gure erara moldatuak eta musikatuak, eta gure sorkuntzak ere bai. Bi ildo horiek landu izan ditugu beti.
“Betiko kantu historikoak jotzen ari gara”
Kontzertuetan kantu zaharrak eskatuko dizkizuete.
Bai. Aurtengo kontzertuetan, bereziki, betiko kantu historikoak jotzen ari gara. Baina Xirimiri gure azken diskokoak, eta orain prestatzen ari garenekoak ere bai. Beti ere, kontzertu bakoitzean kantuen zerrenda eta ordena aldatuz. Hori dela eta, eztabaidatxo batzuk izaten ditugu gure artean.
Beteranoek, bereziki, zer moduz ikusten duzue zuen burua zuzenekoetan?
Gure bizitzaren jarraipena besterik ez da. Betidanik ibili gara kantuan. Eman genituen urte batzuk eszenatokietatik urrun samar, baina orain gustura gabiltza berriro.
Ikusleei dagokienez, adineko jendea hurbiltzen da, batez ere?
Bai, gazteak baino gehiago dira beti. Gure belaunaldiko jendea izaten da. Seme-alabak edo bilobak eramaten dituzte batzuetan, hori bai.
“Garai batean, kantatzeko ohitura gehiago genuen”
Musikari gazteak ere badituzue orain. Nolako harremana duzue?
Horrek bizitza eman digu. Beteranoek aspaldi ezagutzen dugu elkar, beraz, gure joerak ditugu. Lau musikari gazte ditugu orain, eta oso aberasgarria da. Azpimarratzekoa da musikariak direla, ez kantariak, hori baita gaur egungo joera. Garai batean kantatzeko ohitura gehiago genuen, eta orain instrumentuak jotzea nahiago dute gazteek.
Taldearen historiari buruzko liburua idazten ari zara. Atzera begiratzeko eta taldearen ibilbideaz hausnartzeko modua da. Zein balorazio egiten duzu?
Ni oso gustura ari naiz, gauzak gogoratzen ari naizelako. Memoria ahula da, batez ere datak oroitzeko. Sentsazioekin ez hainbeste. Jende askorekin hitz egiten ibili naiz, hemerotekan arakatu dut, kartelak bildu ditut etab. Bitxia da, batez ere, hasierako urteetako datu pila bat lortu ditudala. Azken garaikoak baino gehiago.
Zein oroitzapen duzu lehen urteen inguruan? Frankismoaren azken garaian sortu zineten.
Hasi ginenean, abesbatzak eta otxoteak besterik ez zeuden. Gu ere, Don Bosco haur abesbatzatik sortu ginen. Euskal kulturaren alde beste zerbait egin nahi genuen. Eurovision lehiaketako abestiak edo filmetakoak euskaratzen hasi ginen. Gero, herri kantagintzan sakonduz joan ginen. Garai hartan bazegoen beste bide bat, langile kantu edo kantu sozialarena. Talka bat izan zen horrekin. Guk biak bateragarriak zirela uste genuen. Dena den, herri kanta ezagutzera emateari lehentasuna eman genion. Azkuek, Aita Donostiak, Riezuk eta horiek euskarazko 3.000 bat kantu bildu zituzten. Ondare handia da hori.
Ez Dok Amairun parte hartu zenuten. Nolako esperientzia izan zen?
Historia laburra izan zen Ez Dok Amairurena, eta gurea, are laburragoa. Lau urtez ibili ginen haiekin, baina oso interesgarria izan zen guretzat. Garaiko abangoardia zegoen han, hortaz, asko ikasi genuen. Arazoa zen gu zazpi laguneko talde bat ginela, eta Ez Dok Amairuko gainerakoak, bakarlariak. Horrek istilu logistikoak eragin zituen. Guk gure dinamika propioa genuen, beraz, gure bidetik jarraitzea erabaki genuen.
“Urterik onenetan 60 kontzertutik gora eman genituen”
80ko hamarkadaren erdi aldera arte ibili zineten etenik gabe.
Bai. Hurrengo hamarkadan zehar ez genuen kontzerturik eman. Noizean behin biltzen ginen, baina bazkariak edo afariak egiteko. 2000 urtearen inguruan tarteka emanaldi batzuk egiten hasi ginen, eta Donibane-Lohizuneko Begiraleak elkartearekin Ameriketara joateko aukera ere izan genuen. Orduan hartu genuen martxa berriro. Orduz geroztik beste lau disko grabatu ditugu, eta bospasei kontzertu eman izan ditugu urtero. Ez da hasierako erritmo berdina, urterik onenetan 60 kontzertutik gora eman izan genituelako. Baina oso gustura ari gara, gure erritmo lasaian.
Asko aldatu da kontzertuak antolatzeko modua?
Bai, hobera, zentzu askotan. Gu hasi ginenean, sektore batzuek uste zuten kantari euskaldunak herriaren zerbitzura egon behar ginela. Beraz, kantari militanteak ginela, ez genuela kobratu behar, eta herriak nahi zuen lekuan kantatu behar genuela. Guk gutxieneko duintasun bat eskatzen genuen: eszenatoki bat, mikrofono batzuk etab. Beranduago, dirua zegoen garaian, taldeak eskatzen zuena ordaintzen zuten antolatzaileek. Orain dena da takilaren arabera, edo lokala alokatuta.
Ahotsa duzuen bitartean jarraitzeko asmoa duzue?
Aurten eta datorren urtean, seguru. Aurrerago, ikusiko dugu. Kontuan hartu behar da ez dela erraza hamar kideko talde bat mugitzea. Bakoitzak bere bizitza dauka, astean behin elkartzen gara entseatzeko, eta ez gara beti denak biltzen. Hala ere, gure erritmoan aurrera egingo dugula uste dut. Diskoak egitea eta kontzertuak ematea da gure ilusioa. Hori eteten denean, amaituko da.